Ekonomia krisiari aurre egiteko ekintza plana onartu du Ordiziako Udalak
Ekonomia krisiari eta honek herrian izan duen eraginari aurre egiteko ekintza plana onartu du Ordiziako Udalak. Plan horrek, alferrikako gatuak murriztu eta zenbait arlotan inbertsio estrategikoak egiteko neurri sorta jasotzen du. Neurri horiekin, hiru helburu bete nahi dituzte: Udalaren politika ekonomiko-finantzarioa errealitate berrira egokitu; herriko jarduera ekonomikoa eta lanpostuen sorrera bultzatu, eta baztertze arriskuko egoeren aurka irtenbide eraginkorragoak bilatu. Udalak azaldu duenez, «krisia nabarmena eta larria da jada gure herrian»; langabetu kopuruaren eta gizarte zerbitzuen eskarien gorakada ikusi besterik ez dago. Azken datuen arabera, 588 ordiziar daude lanik gabe eta gizarte zerbitzuen eskaerak hirukoiztu egin dira urtebetean. Baina herritarren artean ez ezik, erakunde publikoetan ere izan du eragina krisiak. «Ordizian bizi garen pertsona eta familia askorentzat maila pertsonal nahiz familiarrean konpontzen zaila den arazo baten aurrean» gaudela diote, baina «Udalak ez dira egoera horretatik kanpo gelditu; aitzitik, beraiek ere ondorioak sumatzen eta sufritzen ari dira». Jose Miguel Santamaria alkatearen hitzetan, «mundu mailako krisiaren ondorioei aurre egiteko asmoz» definitu zuten ekintza plan hori «lau printzipiotan» oinarritzen da: «austeritatea, inbertsio publikoa, lanaren sustapena eta solidaritatea». Aurreneko irizpideak, Udalari berari eragiten dio. Izan ere, erakundearen funtzionamendu gastuak «ahalik eta gehien» murrizten saiatu dira. Udalaren zorra ere jaitsi dute. «Aurreko legegintzaldiarekin alderatuta, %40ko beherakada» [...]
Ekonomia krisiari eta honek herrian izan duen eraginari aurre egiteko ekintza plana onartu du Ordiziako Udalak. Plan horrek, alferrikako gatuak murriztu eta zenbait arlotan inbertsio estrategikoak egiteko neurri sorta jasotzen du. Neurri horiekin, hiru helburu bete nahi dituzte: Udalaren politika ekonomiko-finantzarioa errealitate berrira egokitu; herriko jarduera ekonomikoa eta lanpostuen sorrera bultzatu, eta baztertze arriskuko egoeren aurka irtenbide eraginkorragoak bilatu.
Udalak azaldu duenez, «krisia nabarmena eta larria da jada gure herrian»; langabetu kopuruaren eta gizarte zerbitzuen eskarien gorakada ikusi besterik ez dago. Azken datuen arabera, 588 ordiziar daude lanik gabe eta gizarte zerbitzuen eskaerak hirukoiztu egin dira urtebetean. Baina herritarren artean ez ezik, erakunde publikoetan ere izan du eragina krisiak. «Ordizian bizi garen pertsona eta familia askorentzat maila pertsonal nahiz familiarrean konpontzen zaila den arazo baten aurrean» gaudela diote, baina «Udalak ez dira egoera horretatik kanpo gelditu; aitzitik, beraiek ere ondorioak sumatzen eta sufritzen ari dira».
Jose Miguel Santamaria alkatearen hitzetan, «mundu mailako krisiaren ondorioei aurre egiteko asmoz» definitu zuten ekintza plan hori «lau printzipiotan» oinarritzen da: «austeritatea, inbertsio publikoa, lanaren sustapena eta solidaritatea». Aurreneko irizpideak, Udalari berari eragiten dio. Izan ere, erakundearen funtzionamendu gastuak «ahalik eta gehien» murrizten saiatu dira. Udalaren zorra ere jaitsi dute. «Aurreko legegintzaldiarekin alderatuta, %40ko beherakada» lortu dute, alkatearen hitzetan.
Bigarren printzipio nagusia, «sektore publikoaren inbertsio gaitasuna» da; zentzu honetan, «udal inbertsio publikoa dinamizatzen eta sustatzen» ari direla dio Santamariak. Hala, herri lanen arloan egin dituzten inbertsioen artean, Hizkuntza-eskola ofiziala, bidegorriak, espaloien konponketa edota San Juan auzoko urbanizazioa aipatu dituzte. Aurrerantzean ere, «ekonomian eta lanpostuen sorreran ondoriorik pizgarrienak dituzten inbertsioak» gauzatuko dituztela dio planak. Enpresen jarduera erakartzeko, «lurzoru industrialaren kudeaketa bizkortu» nahi dute.
Enpleguari dagokionean, berau bultzatzeko «neurri ekonomiko eta sozialak» sustatuko dituzte. Bide honetatik doa pasa den ostiralean 30 langile kontratatzeko osatu duten programaren iragarpena. Hala, «lanpostuak sortzeko baliabideen diseinua eta koordinazioa» bultzatu nahi dute, «ekintzaileei eta inguruko enpresei babesa emanez, betiere eskualde mailako ikuspegitik».
Azkenik, udalak elkartasuna bultzatu nahi du, «enpresetan eta etxeko ekonomietan, bereziki klase ertainen eta talderik ahulenen ekonomietan», krisiaren eraginak arintzen lagunduko duten neurriak martxan jarriz.