Legorretak 1,5 milioi euroko udal aurrekontua izango du, aurten baino %6 gehiago
Legorretako Udalak 1.500.718,95 euroko aurrekontu txostena prestatu du datorren urterako. Proposamen hori aurkeztu zuten aurreko asteazkenean Iñaki Oiarbide alkateak eta Urko Etxeberria Ogasun zinegotziak herritarren aurrean, urtarrilean udalbatzar...
Legorretako Udalak 1.500.718,95 euroko aurrekontu txostena prestatu du datorren urterako. Proposamen hori aurkeztu zuten aurreko asteazkenean Iñaki Oiarbide alkateak eta Urko Etxeberria Ogasun zinegotziak herritarren aurrean, urtarrilean udalbatzarrera eraman eta onartu aurretik. Aurtengo ekitaldiko diru-saila baino %6,1 gehiago izango da 2011rako. «Aurrekontu orekatuak, errealistak eta puztu gabeak» egin dituztela aurreratu dute udal arduradunek. Krisi egoeragatik iaz hartutako neurriak mantenduko ditu udalak, pleno eta batzordeetako dietak erdira jaitsita edukiz eta Eguberrietako argiteria-gastua murriztuta. Bestetik, jaietako aurrekontua iazko bera dela eta herriko eragileek jasotzen duten laguntza mantenduko dela iragarri dute. Aurrekontuaren balantzean 73.829,53 euro geratuko dira inbertsioetarako. Bi egitasmo ditu udalak esku artean. Ugaro herri eskolan igogailua jartzea da bat; Hezkuntza Sailetik kostuaren %60ko finantzazioa hitzartua du, eta irisgarritasun gaietako beste iturri batzuekin erabat laguntzen bidez estaltzeko ideia du udalak. Bestetik, Herri Zinema berritzeko proiektua abiaraztea da 2011rako lan handiena.