Inma proiektuaren bigarren faseari ekingo diote Zumarragako Ospitalearekin elkarlanean

Inma proiektuaren arduradunek aurkezpena egin dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Eusko Jaurlaritzako osasun saileko teknikari Jesus Ibarluzea, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia fakultateko Nerea Lertxundi eta Zumarragako Ospitaleko pediatria saileko Elisabet Blarduni doktoreak parte hartu dute. Proiektuaren bigarren faseari ekingo diotela iragarri dute. 638 familiekin lanean aritu dira eta orain lau urtetik gorako haurren azterketei ekingo diete.

Zumarragako Ospitaleak hartzen dituen 25 herrietako -Goierri eta Urola Kosta- 638 emakumeen haurdunaldien jarraipena egin dute. Umeak jaio eta gero, haurren eboluzioa aztertu dute eta orain lau urtetik gorako haurren ikerketari helduko diote. «Familia berdinak izango dira, subjektuak ez dira aldatuko, denboran zabaldu egingo dugu ikerketa» adierazi zuen Ibarluzeak.

Proiektuaren arduradunak Zelai Arizti kultur etxeko aurkezpenean

Inma proiektua abian jarri zuten 2005ean. «Helburua ingurugiroak osasunean duen eragina ikertzea da, bizitzaren lehenengo fasean », horregatik 0-4 urteko haurren garapen fisikoa eta psikologikoa aztertu dute. Informazioa amaren bitartez jaso dute; galdetegiak, jarraipen ekografikoak, lagin biologikoen bitartez kutsadura neurtu dute eta lagin horiek ingurugiroarekin eta dietarekin lotu dituzte. «Elementu kutsakorrek haurdunaldian eta umea jaio ondoren duten eragina aztertu dugu». Guztiak bat etorri dira ikerketan parte hartzen ari diren familien lankidetza eskertzerakoan.

638 familia horietatik bost haurrengan atzeman dituzte arazoak garapen neurologikoari dagokionez. «Beste guztiek ohiko gaixotasunak izan dituzte» azaldu zuen Blarduni pediatrak.

Ikerketaren emaitzak
Ingurugiroak dituen eraginak aztertu eta sor daitezkeen arazoetan eskua hartu daitekeen  ikustea da proiektuaren helburu  nagusia. Orain arte lortutako emaitzak zeintzuk izan diren galdetuta, Ibarluzeak ondokoa adierazi zuen «merkurio neurri altuak aurkitu ditugu. Arrazoia zein den badakigu, arrainaren bitartez iristen baita merkurioa gure metabolismora». Urari dagokionez, «uraren kalitatea ezinhobea da 25 herriotan, elementu kutsakor eskasen eramalea da». Kutsadura atmosferikoak zeresanik baduela adierazi zuen Ibarluzeak, «horregatik aukeratu genuen zonalde hau azterketarako. Metalez eta hidrokarburoz osatutako partikulak ditugu airean eta horiek osasunean izan ditzaketen eraginak aztertzen ari gara».

Finean, «gure azterketako objektua parametro normaletan dago eta ikergai bezala hartzen dugu normaltasun honetan ematen den edozein mugimendu» azaldu zuen Nerea Lertxundi psikologak. Esate baterako, merkurioaren neurri altuek dietarekin zerikusia dutela eta «datu honekin iradoki dezakegun neurria da arrain urdinaren hartzea gutxitu beharko genukeela. Dieta orekatuaren alde egitea baino ez da», zehaztu zuen Zumarragako Ospitaleko pediatrak.

Zumarragako kutsadura datuak

Zumarragako kutsadura datuek egiten ari diren ikerketan islarik duten galdetuta «ez dugu emaitza berezirik aurkitu, berunaren neurri esanguratsurik ez dago. Goierriko herrietan eta Urola Kostakoetan partikula kutsakorrak mugimenduan dabiltza orografia eta haizea direla eta» esan zuen Ibarluzeak. Lertxundik gehitu zuen «aldagai sozioekonomikoak esanguratsuagoak izan daitezke berezitasunak topatzerakoan».

Inma proiektuaren inguruko azalpenak eman eta gero, Zumarragako airearen kalitateari buruz Fernando Fariñas udal gobernuko kideak ondokoa esan zuen, «zirkulazioak sortzen dituen partikulak industriakoak baino kaltegarriagoak dira».

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend