Eugenio Arana: “Sei urterekin sagardo txikitoak ateratzen nituen, bost zentimoan”
Sagardo upelen artean hazitakoa da, eta berrogei urte egin zituen Arana sagardotegiaren arduradun, Ordizian, Beterri bezalaxe Goierri ere sagardo lekua badela aldarrikatuz. Boxeoan ere aritu zen gaztetan, baita pasio duen kamioilari lanean ere geroxeago. Iñaki Gurrutxaga-Ordizia Gaitz batek baino gehiagok makalarazi dute azken urteetan Eugenio Arana (Ordizia, 1931), baina bizitzeko grina eta umorea ostea lortu gabe. Eskolan apenas ibilia izanik, aitak 1888tik Ordiziako Euskal Herria kalean zuen sagardotegia izan du ikastoki. Tratua zer den han ezagutu zuen, baita kamioiarekin egindako dozenaka bidaietan ere, harik eta 74 urterekin erabat erretiratu zen arte. Gerra aurreko eta ondorengo Ordiziako sagardotegi mundua ondo baino hobeto ezagutu duzu. Asko aldarazi al zuen giro hori gerrak? Gerra denborako kontuak, ene! Gure aita nazionalista zen, eta alkate izan zen II. Errepublika garaian. Zerbait bazen herrian, figura samarra. Ez zen oso politika zalea, baina horretan sartu zuten, aukeratu egin zuten. Arana futbol zelaia egin zuen berak herriarentzat, gure lurretan, baina gero kendu egin zioten zelaia, baita inguruko lurrak eta sagastia ere. Eta sagardotegia? Sagardotegia ere itxi egin zuten, dena kendu ziguten. Aitak hiru urte egin zituen kartzelan ezer egin gabe, nazionalista zelako bakarrik. Atera zenean berriz ere ireki genuen, eta lanean hasi ginen anaia Migel eta biok aitarekin. [...]
Sagardo upelen artean hazitakoa da, eta berrogei urte egin zituen Arana sagardotegiaren arduradun, Ordizian, Beterri bezalaxe Goierri ere sagardo lekua badela aldarrikatuz. Boxeoan ere aritu zen gaztetan, baita pasio duen kamioilari lanean ere geroxeago.
Iñaki Gurrutxaga-Ordizia
Gaitz batek baino gehiagok makalarazi dute azken urteetan Eugenio Arana (Ordizia, 1931), baina bizitzeko grina eta umorea ostea lortu gabe. Eskolan apenas ibilia izanik, aitak 1888tik Ordiziako Euskal Herria kalean zuen sagardotegia izan du ikastoki. Tratua zer den han ezagutu zuen, baita kamioiarekin egindako dozenaka bidaietan ere, harik eta 74 urterekin erabat erretiratu zen arte.
Gerra aurreko eta ondorengo Ordiziako sagardotegi mundua ondo baino hobeto ezagutu duzu. Asko aldarazi al zuen giro hori gerrak?
Gerra denborako kontuak, ene! Gure aita nazionalista zen, eta alkate izan zen II. Errepublika garaian. Zerbait bazen herrian, figura samarra. Ez zen oso politika zalea, baina horretan sartu zuten, aukeratu egin zuten. Arana futbol zelaia egin zuen berak herriarentzat, gure lurretan, baina gero kendu egin zioten zelaia, baita inguruko lurrak eta sagastia ere.
Eta sagardotegia?
Sagardotegia ere itxi egin zuten, dena kendu ziguten. Aitak hiru urte egin zituen kartzelan ezer egin gabe, nazionalista zelako bakarrik. Atera zenean berriz ere ireki genuen, eta lanean hasi ginen anaia Migel eta biok aitarekin. Nik 9 urte izango nituen, eta dolarean hasi nintzen. Gero soldadutzara joan behar izan nuen, eta handik etorri nintzenean sagardotegiaren martxa gure esku utzi zuen.
Urte horiek ez ziren samurrak izango.
Aita itzuli zenean hasi nintzen eskolan. Ez geneukan ezer. Futbol zelaiaren ondoko lur sail txiki bat utzi ziguten soilik, eta simaurra biltzen aritzen ginen baratze txiki hari eusteko.
Eta eskolan zer moduz?
Hidalgoko semea nuen maisu, Antonio Hidalgo. Gero Biloreko gerente izan zen, oso bizia zen eta. Bi urte soilik egin nituen eskolan, baina idazten eta irakurtzen ikasi nuen. Sekulako sinadura daukat [koadernoan sinatu du], kaligrafikoa. Gauero agintzen zidan aitak kaligrafia egiteko, garai hartan firma ona izateak asko balio baitzuen. Gure aita bizkorra zen. Hala ere, eskola gehiagoren beharrik ez dut sekula sentitu.
Euskaraz aritzen al zineten?
Aitak euskaraz egiten zigun beti, baina guk erdaraz erantzun. Eskolan erdaraz aritzen ginen, eta kalean ere bai.
Aitaren itzulerak suspertu zuen sagardotegia. Zer egin zenuten, bada?
Hormigoizko deposituak egin genituen. Oiangu tabernaren ondoko azpi guztia gurea zen, eta lurpetik mangera pasatuta betetzen genituen deposituak, 100.000 eta 50.000 litrokoak. 400.000 litro egitera ere iritsi ginen gu.
Hormigoizkoa?
Bai. Buelta guztian erretxina ematen zion, eta erretxina pintatu egiten zuen. Hartara, pare bat urtean iraun egiten zuen sagardoak; bestela, belztu egiten zen.
Sagardo asko egiten zenuten. Nola moldatzen zineten?
Alemaniatik prentsa hidrauliko bat ekarri genuen. Gure prentsa zaharrak hamar egunean egiten zuena hark egun bakarrean egiten zuen. Ederra zen oso.
Nongo sagarra erabiltzen zenuten?
Dena, hemengoa. 20.000 metro koadroko sagastia genuen. Zegamatik ere asko ekartzen genuen, Kortaberri auzotik. Handik neronek ekartzen nuen, kamioiarekin; astean, 40 eta 50 karro. Seguratik ere ekartzen genuen, Garindik, Gabiriatik, Idiazabaldik…
Eta jendea ere ingurukoa.
Lazkaokoa, Beasaingoa… jende asko etortzen zen. Gure etxea bete-bete eginda egoten zen. Nik orain 30 urte edukiko banitu, eta dirua edukiko banu, sagardoarekin txikitoak hartzen ibiltzeko zortzi lokal jarriko nituzke herrian.
Faltan duzu garai hura, ezta?
Garai politak ziren, bai.
Jendea txikitoak hartzen ibiltzen zen…
Guk txikiteoa 1960ra arte izan genuen. Nik sei urterekin zerbitzatu ditut txikitoak, bost zentimoan. Hemen sagardoarekin ibiltzen zen txikitoak hartzen, sagardotegi asko zegoen eta. Ehun txikito edandakoak ere ezagutu dituk nik.
Beterri partean bakarrik ez, Goierrin ere bazirela sagardotegiak, alegia.
Garai hartan hemengo sagardoa ez zuten estimatzen Astigarragakoek. Hemen sagarra geza izaten zen asko, eta sagar gezak gorritu egiten du sagardoa. Hala ere, urteren batean, Astigarragarako sagardoa botilaratu izan dugu.
Kirol eraztunak ere bazenituzten sagardotegiko sabaitik zintzilik.
Sagardotegira etortzen zen jendeak gu ikusi eta anilletara igotzeko esaten zigun. Tximinoak bezala igotzen ginen sokan gora, eta buelta eta buelta ibiltzen ginen bost zentimoren truke.
Hortik al datorkizu boxeorako zaletasuna?
Indar pixka bat ere banuen, eta boxeoan hasi nintzen. Euskadiko txapeldun atera nintzen 18 urterekin, baina beste izen batekin parte hartu nuen, aitak ez baitzidan uzten. Irabazi nuenean jakin egin zuen, eta berak ere begia ubeldu zidan [barrez]. Mitxelena abizenarekin atera nintzen.
Ia 40 urtean anaia Migelekin batera izan zenuen Arana sagardotegia. 1975an itxi zenuten. Zergatik?
Anaia erretiratu egin zen, eta nik ere uztea erabaki nuen. Kontua da sagardotegian egon egin behar zela, eta iritsi zen une bat sagardoa ez zela errentagarria, ardoaren pare jarri zelako. Gainera, bakarrak ginen ordurako. Xanpain erakoa egiten hasi ginelako segitu genuen urte gehiago.