‘Martxoaren erdin, gaua eta eguna berdin’
Gaur eguerdian betetzen da atsotitzaren esana, hala bildua du Pello Zabala Arantzazuko fraide amezketarrak. Argi orduak luzatzearekin barazkien piztea dator. Euria gogotik ari bazuen ere, nekazariek ez zuten kexu handirik: «Negu lehorra joan da, ez dio kalterik egingo», zioten. Eta perretxikuzaleek beste horrenbeste. «Euri honek zizei lagunduko die», zioten ziza zaleek. Izan ere, atzo zeuden zizak, 700 gramo, saltzeko baino tokian bertan uzteko hobeak ziren. Zentimetrora iristen ez ziren mordoxka bilduak baitzituzten, espeziaren kaltetan noski, eta sobrare poltsikoaren onetan: 150 euroan kiloa saltzen baitira lehen ziza hauek. Kate hau eten ezean espeziaren beraren etorkizuna eten egingo da, adituen iritziz. San Jose eguna larunbatean izango da, baina arkumea jateko garai bateko ohiturak indarra galdu du eta prezioan ez da antzematen igoera nabarmenik. Joan zen astean baina arkume gehixeago bildu dituzte artegietatik zuzenean, baina antzeko prezioan (2,90 euro+BEZa) saldu dira. Bi negu sagar aukeran Mendiola eta mokote sagarrak, negu sagarrak dira biak ere. Mendiola izenekoa ekarri zuen atzo Errezilgo Joxe Antonio Aizpuruk (2 euro/kiloa), eta Gabiriko Juanita Lazkanok Mokote sagarra ekarri izan du. Bi sagar mota badira ere, ezaugarri bertsukoak dira, abenduan bildu, belarretan ganbaran-edo utzi, eta oraintxe daude jateko puntuan. «Gordina jatekoa da eta sagardoa egiteko ere erabiltzen da, errea jateko [...]
Gaur eguerdian betetzen da atsotitzaren esana, hala bildua du Pello Zabala Arantzazuko fraide amezketarrak. Argi orduak luzatzearekin barazkien piztea dator. Euria gogotik ari bazuen ere, nekazariek ez zuten kexu handirik: «Negu lehorra joan da, ez dio kalterik egingo», zioten.
Eta perretxikuzaleek beste horrenbeste. «Euri honek zizei lagunduko die», zioten ziza zaleek. Izan ere, atzo zeuden zizak, 700 gramo, saltzeko baino tokian bertan uzteko hobeak ziren. Zentimetrora iristen ez ziren mordoxka bilduak baitzituzten, espeziaren kaltetan noski, eta sobrare poltsikoaren onetan: 150 euroan kiloa saltzen baitira lehen ziza hauek. Kate hau eten ezean espeziaren beraren etorkizuna eten egingo da, adituen iritziz.
San Jose eguna larunbatean izango da, baina arkumea jateko garai bateko ohiturak indarra galdu du eta prezioan ez da antzematen igoera nabarmenik. Joan zen astean baina arkume gehixeago bildu dituzte artegietatik zuzenean, baina antzeko prezioan (2,90 euro+BEZa) saldu dira.
Bi negu sagar aukeran
Mendiola eta mokote sagarrak, negu sagarrak dira biak ere. Mendiola izenekoa ekarri zuen atzo Errezilgo Joxe Antonio Aizpuruk (2 euro/kiloa), eta Gabiriko Juanita Lazkanok Mokote sagarra ekarri izan du. Bi sagar mota badira ere, ezaugarri bertsukoak dira, abenduan bildu, belarretan ganbaran-edo utzi, eta oraintxe daude jateko puntuan. «Gordina jatekoa da eta sagardoa egiteko ere erabiltzen da, errea jateko ez da ona», zioen errezildarrak. Gustuz goxoa da, itxuraz txikia eta hain deigarria ere ez denez, estimazio handirik ez omen dio jendeak. Hori dela medio, arbola asko galdu ere egin direla aitortzen zuen Juanitak.
Loreen aukera handitzen
Igandean Seguran izango den Lore eta landareen azokarako prestatzen ari dira lorezaleak, eta aurrekari, atzo aurkeztuak: etxeko poza normala eta ginearra, kalak, geranio eta huntza kolore askotakoak, dimorfotekak, kuku loreak, usaidunak… aukera ugaltzen ari da astetik astera. Landareetan ere gauza bera, mimo guztiz zaindu beharreko lehen pepino, pipermin eta italiar piper landareak Esther Illarramendiren postuan salgai.
Azkenik, Juan Amezketa kalean astero urte hasieratik etorri izan diren arbola landareen saltzaileek etortzeari utziko diote. Ez dute bilan baikorra egin.