Goierriko hamalau haur eskoletatik hamahirutan egin dute lanuztea
Goierriko hamalau haur eskolatatik hamahirutan egin dute hiru orduko lanuztea, LAB, STEE-EILAS eta ELAk deitutako mobilizazioarekin bat eginez. Haurreskolak Partzuergoaren barruko haur eskoletan egindako geldialdi horren helburua, soldatetan eta lan baldintzetan izandako murrizketak salatzea da.
Goiz partean, 11:00etatik 14:00etara bitartean Legazpi, Urretxu-Zumarraga, Ezkio-Itsaso, Ormaiztegi, Gabiria, Beasain, Zaldibia, Gaintza, Itsasondo, Mutiloa, Zerain, Olaberria eta Idiazabalgo haur eskoletan egin dute lanuztea gaur. Legorretako haur eskolaren kasuan hezitzaile bat izan da geldialdia egin duena.
Lanuztea egin arren, aipatutako hamahiru haur eskolek %25eko zerbitzu minimoa eman dute gaur goiz partean. Amaia Iztueta hezitzaileak eta LABeko Goierriko haur eskoletako ordezkariaren hitzetan «hasiera batean Administrazioak %50eko zerbitzu minimoa ematera behartu nahi gintuen. Ez geunden ados erabaki horrekin eta errekurtsoa jarri genuen». Astelehen arratsaldean irten zen haur eskolek %25eko gutxiengo zerbitzua eman behar zutela zioen epaia.
Mobilizazioak Eibarren
Eguerdiko hamabietan Eibarren elkartu dira lanuztea egin duten hezitzaileak, bertan baitago Haurreskolak Partzuergoaren egoitza eta elkarretaratzea eta kotxe karabana egin dituzte. Iztuetaren arabera Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 1.000 hezitzaile inguru elkartu dira bertan. Horien artean zeuden Goierriko haur eskoletatik joandako langileak ere.
Balorazio positiboa
Iztueta oso gustura agertu da lanuzteak izandako erantzunarekin eta baita gero Eibarren egindako mobilizazioekin ere. «Hezitzaileek sindikatuek deitutako lan uztearekin bat egiteaz gain, Eibarrera etorri eta elkarretaratzean zein kotxe karabanan parte hartu dute. Balorazio oso positiboa egiten dugu, zentzu horretan».
Goierriko haur eskola guztietako hezitzaileak izan dira Eibarren, Mutiloakoak eta Ezkio-Itsasokoak izan ezik. «Haur eskola txikietan hezitzaile bakarrak lan egiten du eta gutxiengo zerbitzuak bermatzeko bertan gelditu behar izan dute. Haur eskola handiagoetan ere batek edo bestek ezin izan du etorri, hala nahi izan arren». Dena den, Iztuetak azpimarratu du zerbitzu minimoak bermatzeagatik Eibarrera joan ezin izan duten hezitzaileek beste modu batean parte hartu dutela, «haur eskoletan kartelak jarriz eta gurasoei zein herritarrei arazoaren berri emanez».
LABeko ordezkariak aipatu duenez, «orain Administrazioari dagokio urratsak ematea. Bien bitartean, murrizketekin zein egoera larri honekin behin betikoz bukatu bitartean guk borrokan jarraituko dugu ».