Prentsa idatziaren etorkizuna ezbaian
Irra-Hegoa kultur astearen barruan komunikabideen gaia ari dira lantzen egunotan. Atzo paperezko prentsaren etorkizuna eta sare sozialetan euskararen presentzia izan zituzten hizpide lau gonbidatuek: Mikel Etxeberria Radio Kultura Internet bidezko irratiko kideak, Pantxika Maitia Kanaldude tokiko telebistako ordezkariak, Luis Fernandez Interneten adituak eta Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak. Otamendik aipatu zuen azken hamar urte hauetan komunikabideen kontsumoaren krisia ematen ari dela, zeina Estatu Batuetan hasi eta pixkanaka Europara hedatu den. «Juxtu hazten ari ginenean, lehenagotik zetorren krisi soziologikoari krisi ekonomikoa gainjarri zaio eta guretzat hiltzailea izan da bere eragina». Otamendiren hitzetan salmentetan eta harpidetzetan ez dute horrenbesterainoko alderik nabaritu, baina bai ordea, publizitatean. Publizitate komertzialaren galeraren ondorioz milioi bat eta berrehun mila euro gutxiago fakturatu dituzte bi urtean. «Kopuru hori ikaragarria da gurea bezalako enpresa batentzat». Ondorioz zenbait neurri hartu behar izan dute. «Pentsatu genuen ordea, krisiak-krisi ezin ginela geldirik egon eta herrialdeetako Hitzak jarri genituen abian». Interneten ere egin dituzte esku-hartze berriak, sare moduko batean. «Ezin dugu utzi krisiak behar lukeena baino gehiago eragiten. Gerrikoa estutuz eta irudimena pixka bat landuz ari gara aurrera egiten». Paperezko prentsa «larri» Fernandezek paperezko prentsa «krisian eta egoera larrian» dagoela esan zuen. Krisia ekonomikoa izateaz gain orokorra ere badela aipatu zuen eta agintariei ez [...]
Irra-Hegoa kultur astearen barruan komunikabideen gaia ari dira lantzen egunotan. Atzo paperezko prentsaren etorkizuna eta sare sozialetan euskararen presentzia izan zituzten hizpide lau gonbidatuek: Mikel Etxeberria Radio Kultura Internet bidezko irratiko kideak, Pantxika Maitia Kanaldude tokiko telebistako ordezkariak, Luis Fernandez Interneten adituak eta Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak.
Otamendik aipatu zuen azken hamar urte hauetan komunikabideen kontsumoaren krisia ematen ari dela, zeina Estatu Batuetan hasi eta pixkanaka Europara hedatu den. «Juxtu hazten ari ginenean, lehenagotik zetorren krisi soziologikoari krisi ekonomikoa gainjarri zaio eta guretzat hiltzailea izan da bere eragina».
Otamendiren hitzetan salmentetan eta harpidetzetan ez dute horrenbesterainoko alderik nabaritu, baina bai ordea, publizitatean. Publizitate komertzialaren galeraren ondorioz milioi bat eta berrehun mila euro gutxiago fakturatu dituzte bi urtean. «Kopuru hori ikaragarria da gurea bezalako enpresa batentzat». Ondorioz zenbait neurri hartu behar izan dute. «Pentsatu genuen ordea, krisiak-krisi ezin ginela geldirik egon eta herrialdeetako Hitzak jarri genituen abian». Interneten ere egin dituzte esku-hartze berriak, sare moduko batean. «Ezin dugu utzi krisiak behar lukeena baino gehiago eragiten. Gerrikoa estutuz eta irudimena pixka bat landuz ari gara aurrera egiten».
Paperezko prentsa «larri»
Fernandezek paperezko prentsa «krisian eta egoera larrian» dagoela esan zuen. Krisia ekonomikoa izateaz gain orokorra ere badela aipatu zuen eta agintariei ez diela ikusten krisitik ateratzeko inteligentziarik edo benetako indarrik. «Pentsatzen dut porlanaren mentalitatearekin jarraitzen dutela». Baina krisi ekonomikoaz aparte, krisi teknoligikoak ere eragiten du bere ustez paperezko prentsaren gainbeheran. «Internetaren eta teknologia berrien etorrerak aldaketa ekarri dute kultura eta informazioa kontsumitzeko eran. Interneta esaterako, komunikatzeko eta kultura elkarbanatzeko «primerako» tresna da bere ustez, «baina lanpostuak suntsitzeko makina ere bada, batetik, bitartekariak ezabatzen dituelako eta bestetik, kostuak ikaragarri jaisten dituelako».
Fernandezen hitzetan teknoligia berrien sorrera hasi besterik ez da egin eta beraien eragina «oso handia» izango da. «Hori hemengo egoerara ekarrita dramatikoa da. Euskarazko egunkari bat hiltzea edo galtzea tristea da, erdarazko erreferentziekin soilik geratuko baikara». Zentzu horretan «garai zailak» datoz bere ustez prentsa idatziarentzat.
Otamendik aipatu zuen Internetak eragin duen aldaketara egokitu eta aurrera egin ahal izateko, badaudela Internet bidez albisteak irakurtzeagatik dirua kobratzen duten komunikabideak. «Geure buruari ere galdetu izan diogu kobratzen hasi ala ez. Egun ordea, egunero 20.000 lagun inguru sartzen badira Interneten, kobratzen hasiz gero zenbatera iritsiko ginateke, 500era?». Bere ustez ez litzateke egokia izango kobratzen hastea.
Prestatuta egotea helburu
Otamendik aitortu zuen teknologia berritzaileak datozenean ondo kokatuta, prestatuta egotea dela beraien eginkizuna, baina beraien mugak zeintzuk diren kontziente izanda. «Egun saiatzen gara Interneten gauzak egiten. Ez dut uste zentzu horretan oso atzera gaudenik, baina horrek ez du ematen egunkaria eta langileak mantentzeko. Ikusiko dugu kobratzen hasi diren komunikabide horiekin zer gertatzen den etorkizunean».
Prentsa idatzia ez izan arren, Etxeberriak Radio Kultura irratiko kideak aipatu zuen ez dela erreza jendearen interesa mantentzea, eta horregatik eskaintza zabala duela irratiak: musika haria, erreportaiak, euskarazko kurtsoak eta artxiboa. «Horrela, zapping-aren gizartean egonik, jendea aspertzen denean zapping egin dezala , baina gure webgunearen barruan».
Radio Kulturak hamabostero aldatzen du programazioa eta 10.000-15.000 bisitari izaten ditu. «Horietatik laurden bat iraupen luzeko entzuleak dira, hau da, 28-30 minutuz egoten dira gure webgunean. Gure ustez datu onak dira eta beraz, ezin gara kexatu».
Maitia Kanaldude baserri giroko tokiko telebistako kideak esan zuen astean ordu bateko emanaldia egiten dutela telebista bidez eta Interneten ere hedatzen dutela edukia, «hedatze lana oso garrantzitsua baita guretzako».
Beraien proiektuan oinarrizkoa da hurbiltasuna. «Bertako biztanleekin egiten dugu telebista, hau da, bertako jendeak parte hartzen du eta beraien eguneroko bizitza kontatzen dugu, laborariek lana nola ziurtatuko duten, Iparraldea nola garatuko den…».
Ohituretan aldaketa
Internetarekin informazioa jasotzeko modua bera ere aldatu egin dela esan zuen Berria-ko zuzendariak. «Lehen egunkariko albiste bat irakurtzen denbora gehiago igarotzen genuen, orain Interneten lau albiste irakurtzen baino». Kazetaritza eredua ere aldatzen ari dela zioen Otamendik eta kezkatuta agertu zen ondorioekin. «Geroz eta gehiago pilula moduko albisteak ematen dira, hau da, titular bat eta lau lerro. Ez dut esaten hor atzean esku beltz bat dagoenik, baina uste dut pastilla formako informazioa ematea bereziki batzuei interesatzen zaiela». Arazoak dituzten edota egoera latzean daudenei «informazio landuagoa» publikatzea komeni zaiela zioen Otamendik, hau da, «beraien arazoaren berri emango duen albiste osatuago bat argitaratzea».
Sare sozialen eragina
Fernandezen hitzetan egun Interneteko sare sozialetan informazio asko mugitzen da eta hor filtro pertsonalak funtzionatzen du. «Ez dakit esaten dutena egiazkoa den ala ez, baina nik nire filtroak dauzkat». Fernandezek beste askok bezala, une honetan Twitterren bidez jasotzen ditu albisteak. «Horrelako tresna bat duzunean konturatzen zara hurrengo eguneko egunkaria zaharkituta geratu dela. Eta ez hurrengo eguneko egunkaria bakarrik, baita arratsaldeko hiruretako albistegia ere. Hori ganditzea oso zaila iruditzen zait».
Fernandezek iPad bat zuen esku artean eta teknoligia berriei erreferentzia eginez, aipatu zuen etorkizuna neurri handi batean robotena dela. «Eta horri ezin zaio ihesik egin. Nik uste dut gainera, hobea dela horrelako gauzetan inbertitzea porlanean inbertitzea baino.
Otamendik sare sozialei dagokionez aipatu zuen lan guztiak osagarriak direla. «Ez gaude herri honetan konpetentzian ibiltzeko. Baina gure kasuan informazio klasikoan eta landuan tematuta gaude». Otamendik kazetari profesionalaren figura errebindikatu zuen «eta gero arduratuko gara informazio hori sare sozialetan eta euskarri guztietan zabaltzeaz. Hori bai, aldaketa teknologikoen kasuan harrapa gaitzatela lanean eta ez desagertuta edo desagertze bidean».