Oier Oiarbide irabazlearen garaikurra eskuan duela, kantatzen.
Bart gauean Martxoan Bertsoa txapelketa herrikoiaren finala ospatu dute Urretxuko Gaztelekun. Gabiri2 (Oier Oiarbide, Jokin Murua, Gorka Maiz), Erro Okocha ber bi (Amaia Iturriotz, Mikel Iturriotz, Ekain Aseginolaza) eta Lasatarrak (Antton Fernandez, Uxue Fernandez, Jorge Andueza “Pitu”) taldeek kantatu dute bertan eta azken puntuaketan Gabiri2 izan da puntu gehien eskuratu duen taldea. Erro Okocha ber bi taldeak bigarren egin zuen eta Lasatarrek azkenik, hirugarren.
Urretxuko Urolako trenaren geltoki zaharra adin guztietako pertsonaz bete zen finalerako. Hasieratik umorerik ez zen falta izan eta agurretan jada taldeek eskainiko zutenaren eredu bat eman zuten. Lan puntuagarrietan ere txukun aritu ziren bertsolariak. Nabarmentzekoak izan zen Oier Oiarbideren puntukako saioa, eta gerora hau izan zen zaletuen bertsolari gustokoena. Azkenean, hilabete bete bertsori amaiera ezin hobea eman diote bart Urretxun eta Zumarragan.
Saioaren amaieran KKinzona irratian egin zieten elkarrizketan, irabazleek txapela baino “Gaztelekua bezalako gune batean kantatu izana” nabarmendu zuten, izandako harrera eskertuz eta euren aurka aritu zirenen maila nabarmenduz. Urretxu-Zumarraga bezalako bi herritan ere horrelako bertso txapelketa bat antolatzea ere goraipatu zuten, bertso eskolaren lanari erreferentzia eginez.