Barroso eta Zinkunegi Osinalde txapelketarako finalean
Pasa den ostiral gauean bertsolari gazteen 40. osinalde Sariketaren lehen kanporaketa jokatu da. Gabiriako Aztiri Bat elkartean ospatu dute kanporaketa eta Odei Barrosok eta Nekane Zinkunegik lortu dute apirilare 16ko finalerako txartela. Barrosok eraman zuen gainera entzuleen bertsolari gustukoena ere izendatzen duen Aztiri saria.
Barroso urruñarraz eta Zinkunegi errezildarraz gain, Julen Agirre beasaindarra, Manex Mantxola urretxuarra, Mikel Olaizola elgoibartarra eta Ander Solozabal gasteiztarra ere aritu ziren kantuan. hala ere, azkenean, entzuleen artean ezkutuan zeuden epaimahaiko kideen aburuz, Barroso eta Zinkunegi izan ziren bertsotan txukunen aritu zirenak. Saioan, Jokin Matxinandiarenak jarritako gaiei erantzun behar izan ziteen, eta koplak kantatzeko berriz, Miren Debaren eta Ander Ibargurenen trikiti eta panderoa izan zituzten lagun.
Osinalde bertso sariketako lehen kanporaketa izan zen pasa den ostiralekoa eta zaletuek gogoz erantzun zioten antolatzaileen deialdiari. Afaltzen izandako lagunei, ondoren, bertso saioa entzutera gerturatutakoak batu zitzaizkien eta Aztiri elkartea beteta egon zen saioak iraun bitartean.
Ariketei dagokienez, zortziko nagusian eta zortziko txikian, binaka eta gaia emanda, hiruna bertso osatu behar izan zituzten bertsolari gazteek. Hamarreko txikian ere aritu behar izan zuten eta bakarka berriz, bina puntura erantzunez bertsoa osatzeaz gain, gaia emanda neurri librean bina bertso ere osatu behar izan zituzten, koplatan jardun aurretik.
Entzulegoa gaztea izan zen orohar, adin guztietako herritarrak bertaratu baziren ere, eta aipatzekoa da ere, aurtengo Osinalde sariketan datozen kanporaketetan parte hartuko duten beste bertsolari batzuk entzuleen artean ikusteko aukera ere eskaini zuela bart gaueko hitzorduak, Larraitzgo Adur Gorostidi kasu.
Datorren larunbatean, apirilaren 2an, Ordiziako Argi Berri Elkartean jokatuko da 40. Osinalde Sariketako bigarren kanporaketa. Gorostidik berak, Peio Ormazabalek (Arrigorriaga), Eneritz Arzallusek (Errezil), Iñaki Alemanek (Irurita), Ainhoa Mujikak (Beasain) eta Endika Igartzabalek (Gabiria) kantatuko dute bertan. Saio honetatik ere bi bertsolarik egingo dute finalera.
Azkenik, apirilaren 8an Idiazabalgo Elizalde elkartean ospatuko dute hirugarren eta azken kanporaketa. Bigarren urtea izango da Idiazabalen kanporaketa elkarte honetan egingo dutena. Azken saioan Ane Labakak (Lasarte), Asier Azpirozek (Zubieta), Arrate Illarok (Getxo), Saioa Alkaizak (Iruñea), Gorka Maizek (Gabiria) eta Xabier Igoak (Aramaio) kantatuko dute.
Bi saio hauen atzetik jakingo da zein izango diren Barrosorekin eta Zinkunegirekin batera apirilaren 16an Gabiriako Osinalde elkartean ospatuko den finalean jardungo diren bertsolari gazteak.