Goierriko sagardo ekoizle bat sartu da Eusko Label izendapeneko ziurtagirian
Aurreko astean Usurbilen aurkeztu zuten Eusko Label ziurtagiridun sagardo motarekin merkatuan Goierriko ekoizle bakarra sartuko da oraingoz, Ataungo Urbitarte. Eskualdean sei sagardotegi daude sagardoa eurek egiten dutenak, eta gehienak zalantzati daude ziurtagiri horren baldintzekin. Izan ere, sagardoa Eusko Label izanarekin nabarmenduta merkaturatu ahal izateko erabilitako oinarrizko gai guztiak Araba, Bizkai edo Gipuzkoako sagastietakoa izan behar du. Baldintza horrekin azaldu dute kezka sagardogile goierritar gehienek. Denek aitortu dute ahal denean bertako sagarra erabiltzen dutela, baten batek «aspalditik eta beti» ere bai, baina sagastien bi urtean behingo zikloagatik ezinezko iruditzen zaie ekoizpena hemengo sagastien uztaren arabera mantentzea. Labeldun sagardoa ekoizteak, hala ere, ez du esan nahi sagardotegiak sortzen duen sagardo guztiari aplikatu behar zaionik baldintza hori. Loteak desberdindu daitezke, eta jabeak izendatutako eta administrazioak kontrolatutako barrika jakinak aparta litezke. Eusko Labelean sartu direnek bertako produktua –sagarra eta sagardoa– nabarmendu eta goratu beharra dagoela defenditu dute. Orain arte bezala segi Eusko Labelen aurretxoan Gorenak marka ere aurkeztu zuten, kalitate kontrolak egindako sagardoa baina ez derrigorrez bertako sagarrarekin. «Oraindik ez dugu garbi ikusten baten ala bestearen aldeko bidea hartu, ez dugu erabaki. Eusko Labelen sartzeko baldintzak betetzen ditugu, eta edozein unetan sar gaitezke, baina ez dugu argi ikusten. Aurten dena bertako sagarra erabili dugu; [...]
Aurreko astean Usurbilen aurkeztu zuten Eusko Label ziurtagiridun sagardo motarekin merkatuan Goierriko ekoizle bakarra sartuko da oraingoz, Ataungo Urbitarte. Eskualdean sei sagardotegi daude sagardoa eurek egiten dutenak, eta gehienak zalantzati daude ziurtagiri horren baldintzekin. Izan ere, sagardoa Eusko Label izanarekin nabarmenduta merkaturatu ahal izateko erabilitako oinarrizko gai guztiak Araba, Bizkai edo Gipuzkoako sagastietakoa izan behar du.
Baldintza horrekin azaldu dute kezka sagardogile goierritar gehienek. Denek aitortu dute ahal denean bertako sagarra erabiltzen dutela, baten batek «aspalditik eta beti» ere bai, baina sagastien bi urtean behingo zikloagatik ezinezko iruditzen zaie ekoizpena hemengo sagastien uztaren arabera mantentzea.
Labeldun sagardoa ekoizteak, hala ere, ez du esan nahi sagardotegiak sortzen duen sagardo guztiari aplikatu behar zaionik baldintza hori. Loteak desberdindu daitezke, eta jabeak izendatutako eta administrazioak kontrolatutako barrika jakinak aparta litezke. Eusko Labelean sartu direnek bertako produktua –sagarra eta sagardoa– nabarmendu eta goratu beharra dagoela defenditu dute.
Orain arte bezala segi
Eusko Labelen aurretxoan Gorenak marka ere aurkeztu zuten, kalitate kontrolak egindako sagardoa baina ez derrigorrez bertako sagarrarekin. «Oraindik ez dugu garbi ikusten baten ala bestearen aldeko bidea hartu, ez dugu erabaki. Eusko Labelen sartzeko baldintzak betetzen ditugu, eta edozein unetan sar gaitezke, baina ez dugu argi ikusten. Aurten dena bertako sagarra erabili dugu; hala ere, datorren urtean guxi izango da, eta dagoen apurra ez dute bilduko; orduan zer egingo da?», adierazi du Goierriko sagardogile batek, izena publikatzerik nahi ez badu ere. Gorenak izendapenak «zentzu gehixeago ote daukan» uste du, «kalitate irizpidea besterik nola ez den».
Orokorrean gehienek orain arte bezala segitzeko asmoa dute, dagoenean bertako sagarra erabilita ahalik eta gehien.
ELKARRIZKETA
Demetrio Terradillos 1Labeldun sagardoaren ekoizlea
«Edaten ari denak jakin beza bertako produktua dela»
Label sagardoaren ekoizle zerrendan Ataungo Urbitarte dago momentuz Goierriko bakarra. Demetrio Terradillosek aukera bat gehiago ikusten dio motari.
Eusko Label ziurtagiridun sagardoaren dinamikan sartu zara. Zergatik?
Aspalditik genuen beharra eta nahia, bertako sagarrari irteera emateko eta harekin lana egiteko. Beste proiektu bat azaldu zen, eta nolakoa zen ikusitakoan gu ez gintuen bete, azken batean marka bat zelako. Gure nahia bertako sagarra bultzatzea da.
Bertako sagarra nahikoa izango ote den zalantza zabaldu da.
Bai, arazo handiena lehendabiziko momentutik horixe ikusten genuen guk ere. Erabaki dugu sagardo dena horretara ez jartzea, baizik upel bakar batzuk, bakoitzak ahal dituenak. Kontrolak oso zehatzak behar ditu eta. Merkaturako ere ez litzateke ona izango izugarrizko hornikuntza Eusko Label sagardoarekin; pixka bat murriztea ona izango da
Sagastizaleekin hitz egin duzu? Lotu dituzu oinarrizko materia suministratuko dizuten ekoizleak?
Bai, gure sagardotegiaren izaera da gehienean bertako sagarrarekin lana egitea, daukagunean bertako material guztia aprobetxatzen dugu. Dena gustura ez da izango, ni ere nahiko exijentea naiz materialarekin, eta gutxieneko batzuk kunplitu behar ditu. Ekoizleak ere kunplitu behar ditu, eta sagarzaleak ere bai.
Sagastiak ere kalitate minimo baten barruan sartu beharko dira eta horretarako lana egin beharko dute, beraz.
Hori da, hortik ari gara. Hogei urte daramatzat hemen, eta nirekin lanean ari direnek badakite, ulertu dute nola bildu behar duten. Arazoa da berria denean, berriz ere erakustea. Baina lehengoekin ez dago problemarik. Iaz hasi ginen, eta sagasti batzuk jada homologatuta dauzkagu, bertako ia gehienak. Gipuzkoako sagastietan beti ezagutu den sagarra, guztia hartzen dugu. Sail berriak ari gara jartzen sei edo zazpi bariaterekin, baina lehengo sagasti zaharretakoa dena ari gara hartzen.
Zenbat litro ekoizteko asmoa duzu label ziurtagiriarekin saltzeko?
Nik 19.000 litro ditut eginak, eta merkatura uztailetik aurrera aterako ditut. Ez daukat interesik lehenago hasteko. Berandu samar egin nuen, azkeneko sagarrekin, eta oraindik lasai egon behar du.
Zer alde antzemango dio edaleak?
Kalitate aldetik beharbada ez du desberdintasun handirik izango. Gehienbat da edaten ari denak jakin dezala bertako produkutu bat edaten ari dela, hori da diferentzia handiena. Bestela, denok saiatzen gara sagardoa ahal den ondoena egiten. Produktua merkatura ateratzen denean izan dadila kalitatezko produktu bat. Pentsatzen dut, bertako sagarrarekin nola egiten den, gorputz gehixeago edukitzen duela.
Gorenak marka ere aurkeztu dute duela gutxi. Zer iritzi?
Lan asko egin dute, eta landutako gauza bat da. Ez dut gaizki ikusten merkatuan produktu berdinarekin aukerak izatea. Gure apustua da bertako sagarra izan dadila kalitatekoa, eta kontsumitu dezagun bertakoa, horrek ere bultzada bat behar du eta.