Ramon Lopetegik, Mari Karmen Txapartegik eta Julian Villenak irabazi dute Ezti Lehiaketa, Zegaman
Ramon Lopetegik (Belauntza), Mari Karmen Txapartegik (Irun) eta Julian Villenak (Elgoibar) irabazi dute Gipuzkoako XIII. Ezti Lehiaketa Zegaman, Erlezain Egunaren barruan. Ezti argi, ezti ilun eta milalore erako eztien lehia izan zen igandean Zegaman egin zutena, eta bailarako txapelketetan sarituek parte hartu ahal izan zuten bakarrik. Txapelketara aurkeztutako ezti guztiak dastatu ondoren, epaimahaiko kideen ustez milalore erako eztirik onena Lopetegirena izan zen, ezti ilunik onena Txapartegirena eta ezti argirik onena berriz, Villenarena. Pozik jaso zituzten sariak hirurek. Ezti Lehiaketa egiteaz gain, erleekin eta erlezainekin lotutako festaz gozatzeko aukera izan zuten igandean Zegamara hurbildu zirenek. 11:30etatik aurrera esaterako ezti dastatze gidatua egin zuten. Silvia Cañas adituak azalpenak eman zituen lehendabizi. Ondoren mota desberdineko eztiak probatu eta adituak esandakoa praktikan jartzeko aukera izan zuen jendeak. Ordurako jada Euskal Herriko gozogileen produktuak erakusgai zeuden Zegamako pilotalekuan: Adarraga (Hernani), Gorrotxategi (Tolosa), Ezeiza (Tolosa), Unanue (Ordizia), Egaña (Azpeitia), Raizabal (Bergara), Oiarzun (Donostia) eta Arruti (Andoain) gozotegietako eta Zegamako okindegiko gozoak eta tartak, hain zuzen. Omenaldia Eguerdiko hamabietan hasita Durrunbak Zegamako kaleak zeharkatu zituen eta ibilbidea frontoian bukatu zuen. Ondoren erlezainak eskenatokira igo ziren eta erlez betetako kristalezko kaxa ere han jarri zuten omenaldia egin asmoz. Bertaratutako guztien artean bertso bat kantatu zuten segidan eta bi [...]
Ramon Lopetegik (Belauntza), Mari Karmen Txapartegik (Irun) eta Julian Villenak (Elgoibar) irabazi dute Gipuzkoako XIII. Ezti Lehiaketa Zegaman, Erlezain Egunaren barruan.
Ezti argi, ezti ilun eta milalore erako eztien lehia izan zen igandean Zegaman egin zutena, eta bailarako txapelketetan sarituek parte hartu ahal izan zuten bakarrik. Txapelketara aurkeztutako ezti guztiak dastatu ondoren, epaimahaiko kideen ustez milalore erako eztirik onena Lopetegirena izan zen, ezti ilunik onena Txapartegirena eta ezti argirik onena berriz, Villenarena. Pozik jaso zituzten sariak hirurek.
Ezti Lehiaketa egiteaz gain, erleekin eta erlezainekin lotutako festaz gozatzeko aukera izan zuten igandean Zegamara hurbildu zirenek. 11:30etatik aurrera esaterako ezti dastatze gidatua egin zuten. Silvia Cañas adituak azalpenak eman zituen lehendabizi. Ondoren mota desberdineko eztiak probatu eta adituak esandakoa praktikan jartzeko aukera izan zuen jendeak. Ordurako jada Euskal Herriko gozogileen produktuak erakusgai zeuden Zegamako pilotalekuan: Adarraga (Hernani), Gorrotxategi (Tolosa), Ezeiza (Tolosa), Unanue (Ordizia), Egaña (Azpeitia), Raizabal (Bergara), Oiarzun (Donostia) eta Arruti (Andoain) gozotegietako eta Zegamako okindegiko gozoak eta tartak, hain zuzen.
Omenaldia
Eguerdiko hamabietan hasita Durrunbak Zegamako kaleak zeharkatu zituen eta ibilbidea frontoian bukatu zuen. Ondoren erlezainak eskenatokira igo ziren eta erlez betetako kristalezko kaxa ere han jarri zuten omenaldia egin asmoz. Bertaratutako guztien artean bertso bat kantatu zuten segidan eta bi dantzarik berriz Agurra dantzatu zieten erleei zein erlezainei.
Eguerdiko ordu batean Urretxuko Felix Urzelai eta Azpeitiako Joxe Etxeberria erlezainak omendu zituzten, hainbat urteetan egindako lanarengatik. Urzelai jaiotzez Legazpikoa da eta bertan ditu erlauntzak. Etxeberria berriz, izatez abaltzisketarra izan arren, Azpeitian bizi da eta bertan zein Pradejonen (Errioxa) ditu erleak.
Behin omenaldia egin eta marrazki lehiaketako zein ezti lehiaketako sariak banatu ondoren, pilotalekuan erakusgai jarritako gozoak eta tartak banatu zituzten doan. Asko izan arren, ez zuen jendeak denbora asko behar izan haiek bukatzeko. 14:15ak aldera 50dik gora lagunek herri bazkaria egin zuten Ostatuan eta arratsaldean jende mordoxka gerturatu zen bertso saioa entzutera.