Ane Labaka izan da epaimahaiaren ustez, Axari sariketako bertsolaririk onena
Idiazabalen jokatutako Axari sariketako bertsolaririk onena, Ane Labaka lasartearra izan da epaimahaiaren ustez, eta bigarren Getxoko Arrate Illaro geratu da. Entzuleen saria, Ane Labakak berak jaso du. Horrenbestez, atzo gauean Idiazabalgo Elizalde elkartean osatuta geratu zen 40. Osinalde Sariketako final nagusian izango den sei bertsolariko taldea: Aztirian sailkatu ziren Nekane Zinkunegi eta Odei Barrosorekin batera, Ordizian sailkatutako Adur Gorostidi eta Endika Igartzabal eta Idiazabalgo Elizalde elkartean finalerako txartela lortu duten Ane Labaka eta Arrate Illaro izango dira. Ohiturari jarraituz, lehendabizi afaria egin zuten Idiazabalgo Elizalde elkartean eta ondoren ekin zioten bertso lehiari. Elkartean bildutako ia 50 afaltiarrez gain, beste hainbat gerturatu zen saioa entzutera. Adin guztietako entzulegoa izan zen bertan, eta tartean, aurtengo Osinalde sariketan, aurreko kanporaketetan parte hartutako bertsolari bat edo beste ikusteko aukera izan zen. Sei gazte aritu ziren bertsotan: Saioa Alkaiza (Iruñea), Arrate Illaro (Getxo), Asier Azpiroz (Zubieta, Gipuzkoa), Gorka Maiz (Gabiria), Xabi Igoa (Aramaio) eta Ane Labaka (Lasarte). Gai jartzaile lanak Miel Mari Imazek hartu zituen bere gain, eta koplak kantatzen laguntzeko berriz, Dani Oiarbide eta Pello Urdangarin-en trikiti eta panderoaren laguntza izan zuten. Bertsolariak kantuan aritu ziren bitartean, epaimahaiko kideak adi egon ziren. Idiazabalgo saioan ezkutuan lan egiten dute, hau da, inork ez du jakiten [...]
Idiazabalen jokatutako Axari sariketako bertsolaririk onena, Ane Labaka lasartearra izan da epaimahaiaren ustez, eta bigarren Getxoko Arrate Illaro geratu da. Entzuleen saria, Ane Labakak berak jaso du. Horrenbestez, atzo gauean Idiazabalgo Elizalde elkartean osatuta geratu zen 40. Osinalde Sariketako final nagusian izango den sei bertsolariko taldea: Aztirian sailkatu ziren Nekane Zinkunegi eta Odei Barrosorekin batera, Ordizian sailkatutako Adur Gorostidi eta Endika Igartzabal eta Idiazabalgo Elizalde elkartean finalerako txartela lortu duten Ane Labaka eta Arrate Illaro izango dira.
Ohiturari jarraituz, lehendabizi afaria egin zuten Idiazabalgo Elizalde elkartean eta ondoren ekin zioten bertso lehiari. Elkartean bildutako ia 50 afaltiarrez gain, beste hainbat gerturatu zen saioa entzutera. Adin guztietako entzulegoa izan zen bertan, eta tartean, aurtengo Osinalde sariketan, aurreko kanporaketetan parte hartutako bertsolari bat edo beste ikusteko aukera izan zen. Sei gazte aritu ziren bertsotan: Saioa Alkaiza (Iruñea), Arrate Illaro (Getxo), Asier Azpiroz (Zubieta, Gipuzkoa), Gorka Maiz (Gabiria), Xabi Igoa (Aramaio) eta Ane Labaka (Lasarte). Gai jartzaile lanak Miel Mari Imazek hartu zituen bere gain, eta koplak kantatzen laguntzeko berriz, Dani Oiarbide eta Pello Urdangarin-en trikiti eta panderoaren laguntza izan zuten.
Bertsolariak kantuan aritu ziren bitartean, epaimahaiko kideak adi egon ziren. Idiazabalgo saioan ezkutuan lan egiten dute, hau da, inork ez du jakiten zein diren epaimahaiko kideak baina bukaeran emaitza mahai gainean izaten da. Entzuleek ere gogotsu jarraitu zituzten gazteen ateraldiak. Puntua eman eta bertsoa osatzen, zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian ofiziotan, hitza emanda bertsoa botatzen eta bakarka gaia emanda bi bertso osatzen aritu ziren, koplatan egiteaz gain. Orohar saio txukuna osatu zuten bertsolariek.
Bat etorri dira aurten ere
Entzuleen iritziak eta eta ezkutuan epaimahaia osatu zutenenak bat egin zuen ostiralean ere. Aurten, orain arteko beste bi kanporaketetan gertatu bezala, Osinaldeko finalerako txartela lortu zuen bertsolarietako batek eskuratu zuen entzuleen saria Idiazabalen. Ez da, gainera, hori gertatzen den lehendabiziko aldia Idiazabalen. Ane Labaka lasartearrak honenbestez, ardo botila bat jaso zuen sari gisara. Baina inor ez zen esku hutsik joan, parte hartzaile guztien lana eskertzeko helburuarekin, Axari elkarteak urteroko moduan gazta bana eman baitzien sei gazteei. Osinalderako txartela eskuratu zuten Labaka eta Illarok berriz, txanpan botila bana ere jaso zuten.
Finala datorren larunbatean
40. Osinalde Sariketako hiru kanporaketak burututa, Gabirian, datorren larunbatean, hilaren 16an izango den final nagusian ikusiko da aurtengo Osinalde Saria nork eskuratzen duen.