Kaleak jendez beteta zirela zabaldu dute Idiazabal Gaztaren denboraldi berria
Jendetza bildu du aurten ere Ordiziako Artzain Egunak. Eguraldiak eta jai giroak lagunduta, bete egin dira Ordiziako kaleak, azoka bera eta batez ere, artaldeen pasaera ikusteko. Segidan, aurtengo Idiazabal Gaztaren denboraldia zabaldu dute. Larrabetz...
Jendetza bildu du aurten ere Ordiziako Artzain Egunak. Eguraldiak eta jai giroak lagunduta, bete egin dira Ordiziako kaleak, azoka bera eta batez ere, artaldeen pasaera ikusteko. Segidan, aurtengo Idiazabal Gaztaren denboraldia zabaldu dute. Larrabetzuko Azurmendi jatetxeko Eneko Atxa sukaldariak izan du aurten gazta ebakitzeko ardura. Artzainen lana eskertu du Atxak, “gure gastronomiaren benetako altxorretako bat” egiten dutelako. Ekitaldi berean, Jesus Oleaga sukaldariaren ibilbidea ere saritu dute. Bizi osoa sukaldaritza munduan egin eta gero, erretiroa hartzekotan da Oleaga, eta haren urtetako lana omendu nahi izan dute.
Baina Artzain Egunaren benetako protagonistak, artzainak eurak dira. Gaur goizeko ekitaldian, Idiazabal Jatorri Izendapenak urtero ematen dituen erregulartasun sariak banatu ditu. Sunbillako Endara gaztandegiko Arkaitz Viventek jaso du gaztandegiei dagokion saria. Artzaiei dagokiena berriz, Joseba Intsausti ordiziarrari eman diote. “Ezustean” baina esker onez jaso du saria Intsaustik, urte askotako lanaren ordaina baita beretzat.
Bitartean, kalean jai giroa zen nagusi. Goiz osoan zehar ardi, ahari eta errape lehiaketak egin dituzte Garagartza plazan. Eguerdian artilea mozteko erakustaldia ere izan da toki berean. Burduntzian erretako arkumea ere banatu dute, eta ilara luzeak sortu dira bazkal garairako. Herriko kaleetan, dultzaineroen eta trikitilarien doinuak entzun ahal izan dira, eta plaza nagusian ere, jende ugari gerturatu da asteroko azokako postuetara.