Bilduren zerrenden kontrako inpugnazioak salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte

Bildu koalizioak maiatzaren 22ko udal hauteskundeetarako aurkeztu dituen zerrendak inpugnatzeko eskatu dute aste honetan Estatuko abokatuak eta Fiskaltzak. Defentsak bere aldetik, alegazioak aurkeztu zituen atzo, baina defentsa behar bezala prestatzeko astirik ez dutela izan salatu zuen. Hala, Auzitegi Gorenak beste 24 orduz alegazio horiek aurkezteko epea luzatzea erabaki du eta gaurko gauerdia baino lehen prestatu beharko ditu defentsak. Auzitegiaren erabakia berriz, igande gauerdia baino lehen etorriko da.

Hori guztia ikusita, Bilduk elkarretaratzeak deitu ditu astearterako (maiatzak 3), “Eskubide guztien alde, ilegalizaziorik ez” lemapean, inpugnazioak salatu eta hauteskundeetan parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzeko. Bildutik azaldu dutenez, “eskubide zibil eta politikoez ari gara, beraz, proiektu politiko zehatz baten aurkako erasoa baino haratago doa”. Koalizioko kideen ustez, “ez da zain egoteko momentua, Euskal Herriaren eskubideen alde egiteko momentua baizik”. Horregatik, “denek eta elkarrekin” erantzuteko unea dela uste dute.

Hainbat herritan egingo dituzte elkarretaratzeak asteartean. Beasainen esaterako, 20:00etan bilduko dira, Zubimuzu plazan. Ordizian berriz, 19:30ean egingo dute, plaza nagusian.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend