Gorenak baliogabetu egin ditu Bilduren zerrenda guztiak
Berria.info – Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko aretoak baliogabetu egin ditu Bildu koalizioak maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetarako aurkeztutako 254 zerrendak; hau da, guztiak. 23:00etan jakin da erabakia eta, lehen informazioen arabera, bederatzi epailek egin dute neurri horren alde, zazpik kontra.
Aretoko hamasei magistratuak goizeko hamarretatik aritu dira Estatuaren abokatuaren eta Fiskaltzaren inpugnazioak eta Bilduren alegazioak aztertzen, eta gaur gauerdirako hartu behar zuten erabakia.
Gorenak erabakia hartu baino lehen Bilduk iragarri du Auzitegi Konstituzionalera joko lukeela kasu horretan. Bi egun ditu helegiteak aurkezteko.
Sortu ezker abertzaleko alderdiaren auzia ere Goreneko 61eko salak aztertu zuen, duela aste batzuk, eta orduan ere bederatzi epaile alderdia erregistratzearen kontra azaldu ziren, zazpi alde. Ezker abertzaleari buruzko auzi saioetan sekula ez da izan halako zatiketarik Gorenean.
Estatuaren abokatuaren iritziz, Bilduren zerrendak “ETA-Batasunak zuzendu eta osatu” ditu. Fiskaltzaren ustez, EA eta Alternatiba hauteskundeetara aurkezteko bide gisa erabili ditu Batasunak, eta idatzian arrazoitu du “ETA-Batasunak diseinatu” zuela koalizioaren formula.
Bilduk dio ETAk eta Batasunak diseinatuta dagoela esateko “froga objektiborik” ez dagoela. Gainera, azpimarratu du aldatu dena ezker abertzalea izan dela eta EA eta Alternatiba betikoak direla. Haren ustez, “kontrazantzu sendo eta nagusi” bat dago; hots, EAk eta Alternatibak urteotan izan duten ibilbidea. Bi alderdiok beti irmo azaldu dira ETAren indarkeriaren aurka, eta, beraz, “ez dago zalantza izpirik” alderdi demokratikoak direla, Bilduk alegazioetan dioenez.