Baratza kendu dietela salatzeko, landatuta zituztenak udaletxera eraman dituzte ikastolakoek
Beasaingo Ikastolak baratza ekologikoaren proiektua garatu du azken hilabeteetan ikastetxe aurreko lorategian. Hainbat barazki eta fruta landare landatu zituzten, eta lorategia hesi baten babestu. Udaletxetik baratza aurrean jarrita zuten hesia kentze...
Beasaingo Ikastolak baratza ekologikoaren proiektua garatu du azken hilabeteetan ikastetxe aurreko lorategian. Hainbat barazki eta fruta landare landatu zituzten, eta lorategia hesi baten babestu. Udaletxetik baratza aurrean jarrita zuten hesia kentzeko eskatu zieten, eta hainbat gurasok kendu zuten hesia. Gaur goizean, herriko lorategiak txukuntzen aritzen diren enpresako langileek, ikasleek baratzean landatuta zituzten barazkiak kendu egin dituzte.
Ikastolako ikasleek, irakasleek eta gurasoek ez dute begi onez hartu ekintza, eta baratzetik kendu dituzten barazkiak udaletxera eraman dituzte. Hainbat ikasle, irakasle eta guraso Hirigintza Sailera ere igo dira, eta Aitor Aldasoro zinegotziarekin elkartu dira.
Ikastolakoen arabera, udalak eta Ikastolak hartutako erabakia ez zen baratze guztia kentzea, inguruan zeuden hesiak kentzea baizik. Beasaingo Udaletik gaizki ulertua izan dela esan dute, eta lorategia, “lehen zegoen bezala uzteko” erabakia hartu zela adierazi dute, “bizilagunek dituzten itogin arazoak direla eta, teknikariek azterketa egin behar dutelako”.