Finalean gazteen mailan kantatu zuten bertsolariak, amaieran, sari emaileekin batera
XXXI. Gipuzkoako eskolarteko bertso txapelketako sariak Goierrira etorri dira: Maialen Akizu urretxuarrak irabazi du gazteen mailan eta txikien mailan, berriz, Goierri-Elgoibar taldea izan zen nagusi.
Azpeitiko Soreasu kultur gunean ospatu zen txapelketa. Bat-bateko bertso saioek ireki zuten txapelketa. 14 urte arteko gaztetxoen mailan, lehenik, eta 14 eta 18 urte arteko gazteen mailan, segidan. Txikien mailan, Goierri-Elgoibar taldeak jantzi zuen txapela, eta gazteen mailan, Maialen Akizu bertsolari urretxuarra izan zen lehenengo eta Eñaut Martikorena hernaniarra, bigarren. Saio biziak izan ziren biak, ederrak.
Bat-bateko atalari dagokionez, gaztetxoen mailan lau taldek neurtu zituzten indarrak: Zarauzko taldeak, amaieran txapeldun izan zen Goierri-Elgoibar taldeak (Paul Iruretagoiena, Maddi Mendibil, Leire Akizu eta Iraitz Sarasola), eta Lazkaoko bi taldek (Aizpea Garmendia, Irati Saez de Egilaz, Ainhoa Lasa eta Eneko Ayerza, batetik, eta Leire Agirre, Sofia Peralto, Oihane Lazkanoiturburu eta Ander Ayerza, bestetik). Epaimahaiak Paul Iruretagoiena eta Aizpea Garmendia aukeratu zituen ekainaren 18an jokatuko den Euskal Herriko finalean txikien mailan Gipuzkoa ordezkatzeko.
Bat-bateko maila nagusian Amaia Iturriotz eta Maialen Akizu urretxuarrek kantatu zuten Akizu izan zen nagusi. Gaztetxoen mailan hainbat sari irabazitako bertsolaria da, eta asteburuan izan zuen gazteen mailako lehenengo finala. Iritsi eta irabazi, dena bat izan zen. Bertso jarrien saria ere jaso zuen Akizuk, 3. eta 4. DBH mailei dagokien arloan. Honela zioen bere bertsoetariko batek: Beti nahiz ibiltzen geran / printze urdinaren bila / txatean hasiak ginen / eta ilusio pila / bostetarako parkean / ta dena dago isila / zazpirak jo dituzte ta / jada ez nago trankila / hamazazpi urte ditu / ta morenoa mutila / beti irripar batekin / eta bertsotan abila / baina ni ez nau merezi / eta izorra dadila.
Atzoko saiorarte txapeldun zenak, Amaia Iturriotzek, atzo zuen azkeneko saioa eskolarteko mailan. Saio ona osatu zuen, sariren bat jasotzeko adinakoa ere bai, agian, baina bestelako saria eraman zuen atzo etxera: txapela bere burutik Maialen bere lagunaren burura igaro izanaren sariarekin joan zen etxera.