Ohitura zaharrak gogora ekarriko ditu gaur San Joan suak
Udaren etorrera baliatuz, San Joan eguna ospatuko dute bihar Goierriko herri guztietan. Urteko egun argitsuenekin eta gaurik motzenekin batera, suak piztuko dituzte herri guztietan, izpiritu txarrak erre eta asmo berriei bidea irekitzeko. Urretxun, Seguran, Ordizian, Zaldibian eta Olaberrian, besteak beste, izaera berezia izaten du sanjoan bezperak. Urretxuko Santa Barbaran urteroko erromeria egingo dute bihar, baina bi urtemuga ospatzeko ere baliatuko dute zita: Urretxu izeneko dantza taldea duela 50 urte sortu zen, eta Lizarriturri iturria, aldiz, 75 urte dira jarri zutela. Urretxu Dantza taldea 1961. urtean sortu zuten, eta orduko taldekideek, ekainaren 24an ekarriko dute taldea gogora, dantza eginez. Luistarren eta Goierri kirol elkartearen babesean, udalaren laguntzaz sortu zuten Urretxu Dantza Taldea. Garai hartako giroak ahalbidetu zuen sorrera hori, izan ere, hamarkada berean Urretxuko txistulari taldea edota Euskal Jaia ere sortu baitziren, karrozen desfilearekin batera. Urretxuko euskal kultur adierazpenen loraldi horretan sortu zen lehen dantza talde antolatua. San Joanetako udal programan diotenez, «Isidro Azkaratek eta Tomas Sadabak dantzaren inguruan zuten ezagutzan oinarritutako gazte taldeak eman zion hasiera jardunari». Lehen ekitaldia 1961. urteko San Joan egunean egin zuten, Santa Barbaran. Taldeak hiruzpalau urteko iraupena izan zuen, eta «soldaduskak tarteko, desagertu egin zen». Lizarriturri iturria, berriz, 1936. urteko ekainean jarri zuten martxan, gerrak [...]
Urretxuko Santa Barbaran urteroko erromeria egingo dute bihar, baina bi urtemuga ospatzeko ere baliatuko dute zita: Urretxu izeneko dantza taldea duela 50 urte sortu zen, eta Lizarriturri iturria, aldiz, 75 urte dira jarri zutela.
Urretxu Dantza taldea 1961. urtean sortu zuten, eta orduko taldekideek, ekainaren 24an ekarriko dute taldea gogora, dantza eginez. Luistarren eta Goierri kirol elkartearen babesean, udalaren laguntzaz sortu zuten Urretxu Dantza Taldea. Garai hartako giroak ahalbidetu zuen sorrera hori, izan ere, hamarkada berean Urretxuko txistulari taldea edota Euskal Jaia ere sortu baitziren, karrozen desfilearekin batera. Urretxuko euskal kultur adierazpenen loraldi horretan sortu zen lehen dantza talde antolatua.
San Joanetako udal programan diotenez, «Isidro Azkaratek eta Tomas Sadabak dantzaren inguruan zuten ezagutzan oinarritutako gazte taldeak eman zion hasiera jardunari». Lehen ekitaldia 1961. urteko San Joan egunean egin zuten, Santa Barbaran. Taldeak hiruzpalau urteko iraupena izan zuen, eta «soldaduskak tarteko, desagertu egin zen».
Lizarriturri iturria, berriz, 1936. urteko ekainean jarri zuten martxan, gerrak hasi baino hilabete lehenago. Irimo magalean ibilbideak esku-liburuxkak honela jasotzen du iturriaren sorrera: «Irimo mendi gailurrean sarritan ibiltzen ziren urretxuar gazte taldeek, mendi irteerak hobeto antolatu beharra ikusirik, 1935. urtean Txindoki Mendigoizaleen Taldea sortu zuten». Elkarte horrek, federazioaren eta baserritar batzuen parte hartzearekin, Lizarriturri inguruan isurtzen zen ura biderateko iturria eraiki zuen, eta 1936ko ekainaren 28an inauguratu zuten.
Lizarriturriren urteurrena ekainaren 26an, igandea, ospatuko dute. 10:30ean Santa Barbaratik Irimora ibilaldia egingo dute, tontorrera igo eta beherakoan Lizarriturrin geldituz. 12:00etan hasiko dute ekitaldia. 1936an iturria jarri zutenak gogoratuko dituzte eta Lurra dantza taldeko kideek aurreskua dantzatuko diete. Salda eta txorixoa banatuko dituzte.
Aspaldiko urteetan bezala, gaur ere San Joan bezperako suaren inguruan ohiko ikuskizuna izango da Urretxun: abestiak, dantzak, bertsoak… Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, bere aldetik, egurrezko eta kartoizko espetxea sutara botako du aurten ere. 22:30ean Eroskiko izkinan jarri dute hitzordua, baina herritarrei aldez aurretik izena Aldirin emateko eskatu diete.
Ordizian eta Seguran ere antzerkia eta dantza uztartuko dituzte
Suaren inguruan dantza egiteko ohitura aspaldikoa bada ere, urte askoan galduta egon da. Hainbat herritan saiatu dira ohitura horiek berreskuratzen, besteak beste Urretxun, Ordizian, Zaldibian, Olaberrian eta Seguran. Urteroko ohitura ere bihurtu da herri horietan suaren ondoan dantza ikuskizunak egitea, baina bada urtetik urtera berrikuntzaren bat egiten saiatzen denik ere.
Ordizian esaterako, Sugorri taldeak antolatzen du San Joan suaren ondorengo akelarrea. Dantza eta antzezpen labur bat egiten dituzte. Aurten, berrikuntza ugari izango ditu ordea ikuskizunak. Antolakuntza taldean dabilen Iban Toledok azaldu duenez, «sorginen eta publikoaren arteko interakzio gehiago» bilatuko dute. Alboka doinuak eta dantza berri bat ere sartuko dituzte, eta baita sorginen jantzi berriak ere. Denera, 100 bat lagunek parte hartuko dute ikuskizunean. Aurten «jende gehiago» animatu dela aipatu dute.
Seguran, dantza eta antzerkia
Bide beretik, Seguran ere sorgin dantza berreskuratzeko ahalegina egin dute azken urteetan. Horrez gain, San Joan suaren inguruko ikuskizun berezia antolatu du aurten Gazte Asanbladak. Antzezlan baten bidez, suaren esanahaia azalduko dute. 23:00etan piztuko dute sua eta ondoren, dantza eta antzerki saioa izango dira, frontoi zaharrean.
Egitaraua
GAUR
Altzaga
• Iluntzean. Sardinak eta sagardoa banatuko dituzte.
• Ondoren. Sua piztuko dute.
Arama
• 20:30. Sua piztuko dute, Kultur etxe ondoan.
• Ondoren. Sagardoa eta txistorra banatuko dute. Segidan, Korrikaren inguruko ikus-entzunezkoa eta lipdub-a emango dute plazan; eguraldiak laguntzen ez badu, kultur etxean.
Ataun
Aia
• Gauean. Afaria Aitzarri elkartean, ondoren sua.
Arrondo
• 20:00. Kalejira herriko soinujoleekin.
• 20:30. Auzo afaria, Rafaelene tabernan, bertsolariekin eta trikitilariekin.
• 00:00. San Joan sua eta Indarra taldearen kontzertua.
Ergoiena
• 20:00. Aizkolarien saioa plazan. Azurmendi eta Arrospide, Aierbe eta Ugartebururen kontra. Iban Urdangarin eta Joxe Munduateren bertso saioa.
• 21:00. Afaria Urbitarte sagardotegian, bertsolariekin.
San Gregorio
• Gauean. Herri afaria frontoian eta ondoren sua.
San Martin
• Gauean. Sua plazan.
Beasain
• 21:30 Txistularien igoera Barrendain plazara.
• 22:00 Nesken esku-dantza, Aurtzaka taldearen eskutik.
• 22:30 San Joan sua.
• Ondoren. Dantzaldia Koskola Txarangarekin.
Ezkio itsaso
• 20:30. Herri afaria plazan, norberak berea eraman beharko du. Yartu Kultur Elkarteak txistorra, hirugiarrea, sagardoa eta Queimada banatuko du.
• 22:00. Suaren festa.
Gabiria
• 22:00. Sua piztuko dute Gurutz Bakar ondoko zelaian.
Pastak eta ardo goxoa banatuko dituzte. Trikitilariek alaituko dute giroa.
Gaintza
• 21:00. Herri afaria On Bide elkartean.
• Ondoren. Sua piztuko dute.
Idiazabal
• Iluntzean. IGAk antolatuta San Joan suaren inguruko festa eta akelarrea.
Itsasondo
• 20:00 Sardina jana.
• Ondoren. Sua eta sorgin dantza, gazteen eskutik.
Lazkao
• 22:00 Euskadi Plazan piztuko dute sua. Lazkaotxiki Musika Eskolako trikitilariek, Oin Arin dantza taldeak eta Antzar Gaztak txistulari taldeak alaituko dute gaua.
Legazpi
• 18:45. Laubide kaletik hasita Armen Alardea.
• 21:45. Legazpi Musika Bandaren kalejira jendea plazara biltzeko.
• 22:20. Txalapartarien deia, toberaz eta txalapartaz.
• 22:30. Sua piztea Euskal Heria plazan, txistulari dantzari eta bertsolariekin.
• Ondoren. Erromeria
Legorreta
• 21:00. San Joan sua piztuko dute. Elekuin Abebatzak eta Irrintzi Alai Dantza Taldeak euren ikuskizuna eskainiko dute.
• Ondoen. Gizon Pikua sutan erreko da.
Mutiloa
• Iluntzean. San Joan arbola jarriko dute.
• Gauean. Auzo eta baserrietan San Joan suak piztuko dituzte.
Olaberria
• 22:30 San Joan sua piztuko dute. Dantzarien eta txalapartarien saioa izango da ondoren.
Ordizia
• 22:00. San Joan sua piztuko dute Garagartza plazan.
• Ondoren Akelarrea.
Ormaiztegi
• 21:00. Tantaia jarriko dute herrigunean.
• 22:00. San Joan sua piztuko dute, trikitilariek lagunduta.
Segura
• 22:00 San Joan arbola jartzea, arboladian.
• 23:00. San Joan sua piztuko dute, herriko dantzariekin eta txistulariekin. Herritarrei irekitako sorgin-dantza.
• Ondoren. Gazte Asanbladak antzezlana egingo du, San Joan bezperen esanahia azalduz.
Urretxu
• 20:30. San Joan a arbola jartzea Santa Barbaran.
• 21:00. Urretxuko txistulari taldearen kalejira.
• 22:30. San Joan sua Gernikako Arbola Plazan, tartean espetxea sutara botako dute.
Zaldibia
• 18:30. Herriko txistularien saioa, herrian barrena.
• 19:00. Xapre eta Furriela trikitilarien saioa.
• 19:30. Ardo barrika eta sagardo kupela irekiko dituzte, plazan.
• 21:00 Herri faria plazan.
• 22:30. Alamartxo festa egingo dute plazan. Iztueta Dantza Taldeko dantzarien saioa.
Zegama
• 18:00. San Joan zuhaitza gotzea herriko txistulariekin.
• 22:00. San Joan sua plazan, musika eskolako dantzari eta txistulariek lagunduta.
Zerain
• 19:30. San Joan bezperako afari merienda.
• Ondoren. San Joan sua.
Zumarraga
• 20:45. Aintzinako Ama Txistulariekin eta Zumarragako Bandarekin kalejira.
• 22:00 San Joan sua, Musika Bandaren doinuek alaiuta.