Bi hilabete osasuna hobetzeko
Txernobylgo zentral nuklearrean istripua gertatu zenetik hogeita bost urte igaro dira, eta oraindik ere, inguru hartako radiaktibitate maila altua da. Kutsatutako airea arnasten jarraitzen dute Kiev eskualdeko biztanleek, horien artean milaka haurrek. Radioaktibitateak eragiten dituen ondorioak apaltzeko, eta osasunean hobera egiteko, 265 haurrek igaroko dute aurten uda Euskal Herrian.Goierriko sei familietan ere, kide bat gehiago izango dute etxean abuztuaren 24ra arte. Legorretako bi familiatan haur bana dago, Legazpin eta Ordizian ere bana, eta Beasainen beste bi haur. Senarrarekin batera, Mila Mendia beasaindarra da harrera familien programan parte hartzen duenetako bat, eta dagoeneko seigarren urtez, Yaroslav Kovalenko hartu du etxean. Bederatzi urte zituenean etorri zen lehenengoz Kovalenco Beasaina, eta sei urte hauetan Mendiaren etxean igaro ditu udako bi hilabete. Eskal Herritik gehien zer gustatzen zaion galdetuta, «itsasoa» dela esan du, Ukrainan 900 kilometrora baitu. Euria egiten duen egunetan disfrutatu egiten duela ere esan du, eta Beasainen ere gustura egoten dela, batez ere Mendiaren bilobekin jolasean. Aldian behin Ukrainako lagunekin gelditu eta hango eta hemengo bazterrak ere ezagutzen dituzte. «Herenegun, adibidez, Donostian izan ginen, Aquarium-ean», kontatu du Mendiak. Noizbehinka, Chernobil elkarteko kideek haur guztiak elkartzeko ekintzak antolatzen dituzte, «beraien artean hitz egin eta gure artean integratzeko». Euskal Herriko kultura, ohiturak eta bizimodua [...]
Txernobylgo zentral nuklearrean istripua gertatu zenetik hogeita bost urte igaro dira, eta oraindik ere, inguru hartako radiaktibitate maila altua da. Kutsatutako airea arnasten jarraitzen dute Kiev eskualdeko biztanleek, horien artean milaka haurrek. Radioaktibitateak eragiten dituen ondorioak apaltzeko, eta osasunean hobera egiteko, 265 haurrek igaroko dute aurten uda Euskal Herrian.Goierriko sei familietan ere, kide bat gehiago izango dute etxean abuztuaren 24ra arte.
Legorretako bi familiatan haur bana dago, Legazpin eta Ordizian ere bana, eta Beasainen beste bi haur. Senarrarekin batera, Mila Mendia beasaindarra da harrera familien programan parte hartzen duenetako bat, eta dagoeneko seigarren urtez, Yaroslav Kovalenko hartu du etxean.
Bederatzi urte zituenean etorri zen lehenengoz Kovalenco Beasaina, eta sei urte hauetan Mendiaren etxean igaro ditu udako bi hilabete. Eskal Herritik gehien zer gustatzen zaion galdetuta, «itsasoa» dela esan du, Ukrainan 900 kilometrora baitu. Euria egiten duen egunetan disfrutatu egiten duela ere esan du, eta Beasainen ere gustura egoten dela, batez ere Mendiaren bilobekin jolasean. Aldian behin Ukrainako lagunekin gelditu eta hango eta hemengo bazterrak ere ezagutzen dituzte. «Herenegun, adibidez, Donostian izan ginen, Aquarium-ean», kontatu du Mendiak.
Noizbehinka, Chernobil elkarteko kideek haur guztiak elkartzeko ekintzak antolatzen dituzte, «beraien artean hitz egin eta gure artean integratzeko». Euskal Herriko kultura, ohiturak eta bizimodua ere erakutsi nahi diete haurrei, «hemen zer dagoen jakin dezaten». Irteera horietan, «haurrek euren bizipenak kontatzen dizkiete gainerako lagunei, eta euren artean ere saiatzen dira arazoak konpontzen».
Laguntza ematearren
Mendiak eta senarrak, egunkariko albiste bat irakurri ondoren erabaki zuten Chernobil elkartearen harrera familien programarekin bat egitea. Semeak hezi, eta bakoitza bere gisara bizitzen hasi zenean izan zen: «Denbora librea eta baliabideak genituen, eta horiek besteei laguntzeko erabiltzea pentsatu genuen. Haur horiek osasuna hobetzeko zuten beharraz jabetu ginen, eta elkartearekin harremanetan jarri ginen».
Elkarteak egindako galdetegia erantzun, eta Kovalenko hartu zuten etxean 2006an. Mendia gustura egon zen mutikoarekin, eta baita mutikoa Beasaingo familiarekin ere. Ordutik, elkarteak urterik urte elkartu egin ditu. Pixkanaka gaztelania ikasten joan da, eta familian integratzen. Mendiak ere asko ikasi du urte hauetan, Kiev eskualdeko ohituren eta bizimoduaren berri izan baitu: «Progamaren hasieran haurrari buruzko informazioa biltzen duen bideo bat ikusi genuen, eta non bizi zen, zein zaletasun zituen, zer egiten zuen… ikusi ahal izan genuen. Urte hauetan guztietan gainera, gauza asko egin ditu, eta ikasitako horiek guztiak ere kontatzen dizkigu: gitarra jotzen ikasi du, buztina lantzen…»
Afektibitate falta ere bai
Kovalenkoren etxeak baserri itxura duela azaldu du: «Han ez dago pisurik, etxe guztiak baserri itxura dute eta oiloak, konejuak… hazten ditugu». Animaliak haztetik eta baratzeak emandakotik bizi dira Ukrainan, baina Kovalenkok zortea ere badu, familian elkarri laguntzen diotelako, eta horrek, futbolean ibiltzeko edo bestelako gauzak egiteko denbora uzten dio.
Izan ere, beste haur asko, «familia desegituratuetan» bizi dira, eta afektibitate oso gutxi jasotzen dute: «Haur askoren aitek edan egiten dute, beste askok ez diete jaramonik egiten… eta Euskal Herrian, falta duten maitasun hori ere jasotzen dute».
Maitasuna emateko modu ezberdinak daudela dio Mendiak, ezer trukean jaso gabe eman daitezkeenak: «Guk adibidez, etxeko beste bat bezala hartzen dugu, eta gure egunerokotasunaren barruan, behar duen guztia izan dezan saiatzen gara, behar duen horretan laguntzen».
Urte osoko harremana
Mendiak eta Kovalenkok elkarrekin Beasainen igaroko dituzten bi hilabeteen ondoren, harremana aldatu egingo da, baina ez desagertu. «Urtean zehar opariren bat bidaltzen diogu, eta telefonoz ere hitz egiten dugu, zer moduz dagoen jakiteko eta harremana mantentzeko, niretzako beste seme bat delako».
Mendiaren arabera, galdu baino gehiago irabazi egiten da halako esperientzia batekin, haurrak jaso dezakeena baino gehiago jasotzen baitute, «askotan», familiek. «Haur bakoitza mundu bat da, eta denetariko esperientziak bizi daitezke, baina familien artean ere elkarri laguntzen diogu». Horregatik, denbora librea dutenei eta besteei laguntzeko aukera dutenei harrera familien programekin bat egiteko deia luzatu die Mendiak, «esperientzia zoragarria delako».