Lore sariketako epaimahaia bihar hasiko da balkoiak eta baserriak ikuskatzen
Urretxuko eta Zumarragako udalek lore sariketa antolatu dute aurten ere. Herriko eraikinetako balkoiak eta baserrien sarrerak sartuko dira sariketan eta osotara 16 aitortza banatuko dituzte, 50 eurokoak.
Bihar hasiko da epaimahaia Urretxuko eta Zumarragako etxebizitzetako balkoiak eta leihoak ikusten. Bi herrietako baserrien sarrerak ere aztertuko dituzte, bietan ere loreei, landareei eta hauen antolaketari erreparatuz. Sariketa honekin udalek herrietako kaleak eta baserri inguruak dotore eta apainduta egon daitezen pizgarria eskaini nahi dute, eta horretan saiatzen direnak saritzen dituzte. Uztailaren 8ra arte ibiliko dira bazterrak ikuskatzen.
Kaleko balkoien eta leihoen artean 50 euroko 10 sari banatuko dituzte. Baserrien artean, berriz, kopuru bereko 6 sari emango dituzte. Osotara 16 aitortza banatuko dituzte. Ez da lehiaketa bat izango gainera: kaleak eta baserriak dotore mantentzeko herritarren saiakera sarituko dute.