Errege eta erromesen bidea
Erromesak, gurdiak, mandazainak, postariak, komisarioak, eskaleak, kontrabandistak… Denentzako tokia zegoen Goierri aldenik alde zeharkatzen zuen Errege bidean. Europa eta Gaztelako Erreinua lotzeko bide nagusia izan zen ertaroan, eta haren inguruan sortu ziren gure eskualdeari forma eman dioten herri eta auzoetako asko.
XIII. mendean, Araba eta Gipuzkoa Gaztelako koroari batu zitzaizkionean, Alfontso X.ak hiribildu titulua eman zien orduko gune nagusiei; tartean ziren Ordizia eta Segura. Garai hartarako, Errege bidea eratzen hasia zen, eta gero eta nabariagoa zen bere eragina inguruko herrien eta auzoen ekonomian. Bide hori, Bidasoa aldetik zetorren, eta Goierri zeharkatu eta gero, San Adriandik joaten zen, Araba aldera.
Errege bide horrek, Santiago bide bezala ere erabili izan denak, eskualdean izan zuen garrantzia ulertzeko, ikusi besterik ez dago bideari lotutako zenbat azpiegitura eta lanbide sortu ziren. Bidea pasatzen zen herri guztietan egon dira burdinolak, errotak, osatu, benta eta ospitaleak. Ordizia, Beasaingo Igartza, Segura eta Zegama dira adibiderik garbienak.
Ordizia eta Igartza
Errege bidea, Tolosaldetik Legorreta eta Itsasondon barrena sartzen zen Goierrira. Garai hartan, bideko aurreneko herrigunea Ordizia zen, ordea. Herri horretan, bidearen inguruko hainbat eta hainbat arrasto aurki daitezke gaur egun ere, batez ere, Donejakue bideari lotutakoak. Gainera, bertan dago Donejakue Bidearen inguruko informazio bulegoa, D’Elikatuz zentroan.
Gaur egun Legorreta eta Itsasondoko lurrak direnak zeharkatuta, San Joan auzoko ermitatik eta Zabala kaletik sartzen zen bidea herrigunera. Ermita horretan, Donejakue bideari erreferentzia egiten dioten erromes maskorrak daude, sarrerako horman eta ondo bistan jarrita. Herrigunera iristean, kale nagusiko sarreran, garai batean portalea zegoen tokian ere, urre koloreko maskorra dago lurrean, erromesei ongietorria eginez.
Ordizian garai hartatik mantendu den aztarna bakarretakoa, elizan dago. Izan ere, Santiago apostuluaren irudia aurki daiteke han. Beste aztarna garbirik ez badago ere, ibiltarien pasaerako herria izanda, bidearen inguruko komertzio eta zerbitzu ugari zituen Ordiziak. Ostatu, benta eta taberna ugari zeuden herrigunean, eta baliteke ospitaleren bat izatea ere. Zenbait historialariren ustez, San Bartolome ermitaren jatorriak ere, bidearekin zerikusia izan lezake.
Ordiziaren ondoren, Beasaingo Igartza multzoa zen bide horren punturik garrantzitsuenetako bat. Izan ere, bi errege bidek bat egiten zuten bertan; San Adriandik barrena zihoanak eta Arlabangoak (Urretxutik eta Legazpitik pasatzen zen bide hori). Hala, bidearen pasaerako gune izateaz gain, bidegurutze ere bazen Igartza. Auzune edo multzo horrek, ostatua, errota, burdinola, ermita eta ospitalea zituen, eta baita bidearentzat garrantzia handia izan zuen zubia ere. Igartzako multzoaren jatorria, gaur egun ezagutzen dugun moduan behintzat, XIV. mendean kokatzen dute historialariek. Lazkaoko jauntxoak, Gartzi Lopez semeari gune hori berregituratzeko agindua eman zion. Zubia ere, harrizkoa eta arkudun egitura duena, garai hartan egindakoa da, baina aurretik ere egurrezko zubi bat bazela jaso izan dute hainbat ikerlarik.
Igartzatik, Segurara
Behin Igartza atzean utzita, ibiltariek Segurarako bidea hartzen zuten. Aurrena ordea, Ihurretik pasa behar zuten; errota eta burdinola zeuden han. Bidea zehazki nondik pasatzen zen esatea ez da erraza, haren gainean eraiki baitzuten Aristrain lantegia (egun Arcelor Mittal).
Oria ibaiaren arroa jarraituz, Ihurretik Idiazabal aldera egiten zuen bideak, baina ez zen herrigunean sartzen. Eztenagako errota, Oriakoa eta San Inazio ermita ondoan utzita pasatzen zen. Kalbario aldetik, San Estebango ermitatik eta Iturri-Berritik pasata iristen zen bidea Segurara.
Segura, garaiko hiribildu nagusietako bat izaki, bidearen Goierriko puntu nagusietako bat ere bazen. Herri sarreran dagoen Madalena auzoan, bi bidek egiten zuten bat, Igartzatik zetorrenak eta Mutiloa aldetik zetorrenak. Bidegurutze izateaz gain, Madalena puntu garrantzitsua izan zen. XV. mendean, bertan biltzen ziren inguruko herrietako hiribilduen ordezkariak. Baina bideari lotuta, Madalenako ospitalea izan zen puntu nagusia. Ermita, ospitalea eta errota ere baziren, denak herriko patronatuarenak. Hark jarritako maiordomoak kudeatzen zuen ospitalea, eta mojak ziren zaintzaileak.
Orduko ospitaleek ez zuten gaur egungoen antzik. Askotan txikiak izaten ziren, eta gela bakarrean pilatzen zen jendea. Gaixoentzako baino gehiago, nekatuta zetozen ibiltariek atsedena emateko eta eskaleei aterpea eta janaria emateko tokiak ziren. Debaldeko zerbitzua ematen zuten.
Madalenako ospitaletik, herrigunera sartzen ziren ibiltariak; aurretik ordea, Santi Kutz edo beheko gurutzea zegoen, eta arraskadun iturria, ibiltariek eskuak eta hankak garbitzeko erabiltzen zutena. Madalenakoaz gain, beste ospitale bat ere bazen, San Bautista izenekoa; gaur egun, adinekoen egoitza dago han.
Segurako kaleetan ere nabaria zen bideak sortzen zuen ekonomia egitura berria. Hala, herriko etxebizitzen azpialdean, era guztietako tailerrak, dendak, ferratokiak eta ostatuak zeuden. Etxe askotan, dolarea ere bazuten, gero sagardoa saltzeko.
Segura goiko portaletik uzten zuten ibiltariek, Zegama aldera abiatzeko. Herria utzi aurretik ordea, Sortzez Garbiaren komentua eta San Migel, San Andres eta San Sebastian ermitak pasatzen zituzten. Errotaberri atzean utzita, Arrabiolara iristen ziren.
Zegamatik, San Adrianera
Pasatzen zen beste herrietan bezala, Zegaman ere eragin handia izan zuen Errege Bideak. Horren erakusgarri, herrian zegoen ermita eta burdinola kopurua. Egungo bidearen eskuin aldetik pasatzen zen ordukoa. Benta baserritik Altzibarreko teileriaraino joaten zen. Bi puntu horiek, bidaiarien beharrak hasetzeko guneak ziren, baina Kalekoko sutegia ere. Ospitaleak ere baziren Zegaman, Etxeraia, Anduetza, Santa Barbara, Irutxeta eta Sancti Spiritu. Zegamako ospitaleen inguruko aipamenik zaharrena 1.574koa da. Olaberri auzoak ere lotura estua izan zuen bidearekin, bertan baitzeuden bideko ostatu gehienak. Toponimiari begiratu besterik ez dago, Zegaman zenbat komertzio eta tailer zeuden jakiteko: Benta, Postetxe, Posada, Ostatu zaharra…
Behin herrigunetik pasata, hainbat pista eta bidexka daude, baina denak iristen dira Sancti Spiritura eta San Adrianera. Garai bateko agirietan jasotzen denez, bide horiek ez ziren horren argiak, eta ibiliaren poderioz egiten joaten ziren. Bide malkartsu eta menditsua da, eta batzuk zuzenago eta besteek zeharbide gehiago hartuta igotzen zuten.
Sancti Spiritu bideko puntu esanguratsuenetako bat zen. Erregearen posta, ibiltariak eta mandazainak bertatik pasatzen ziren. XV. eta XVI. mendeen artean, pelegrinoen ospitale eta aterpe izan zen Sancti Spiritu. Baina mugarri ere bazen; han bukatzen zen Zegamak bidearekiko zuen erantzukizuna, eta handik aurrera hasten zen partzoneriarena.
Partzoneriari dagokionez, San Adrian izan da punturik garrantzitsuena. 1.430. urtean, bertan sinatu zituzten partzuergorako ezarri zituzten akordioak, gaur egunera arte iraun dutenak. Muga egiten zuen gunea zen San Adrian, eta gaizkile ugari ibiltzen ziren inguruetan.
Barruko bideak baditu beste aldaera batzuk
Barrualdeko euskal bidearen ibilbide nagusiak Ordizia, Beasain, Segura eta Zegama zeharkatzen bazituen ere, baziren beste bide alternatibo batzuk ere. Horietako bat zen Ataungo bidea. Ordiziatik Beasain eta Segura aldera hartu ordez, Lazkaoko bidea jarraitzen zuten askok. Ataunen, San Martin auzoan, erromesentzako ospitalea zegoen. Eraikin hura bota bazuten ere, haren tokian dauden etxebizitzetan gordeta dago Santiagoren irudia.San Martin atzean utzita, San Gregorio eta Ergoiena auzoak pasa, eta Atxurrenetik gora eginda, Berrenoako galtzada jarraitzen zuen bideak, Urdiaineraino. Beste bideetako bat, Saiatzeko bidea da. Lasarten ateratzen da bide nagusitik, eta Zizurkil eta Errezil aldera joaten da. Segidan, mendiz, Zelatun eta Bidania aldera jotzen du, eta handik, Santa Marina, Arrapaitz eta Mandubiara iristen da. Beherakoan, Ormaiztegi, Liernia, Mutiloa eta Zerain zeharkatzen ditu, eta Seguran bat egiten du barrualdeko bide nagusiarekin. BIBLIOGRAFIA/LOTURAK:- Artikulua: ‘Errege bidea, Santiago bidea: Igartzatik San Adrianeraino’ liburua idatzi du Isabel Elortzak. Goierriko Hitza (2001-06-15)
- Elkarrizketa: Antonio Jarit: «Bidea egiteko modu asko daude, erromesak adina». Goierriko Hitza (2001-07-12)
- Artikulua: Santiago Bideko erromesentzat aterpea zabaldu dute Igartzan. Goierriko Hitza (2001-06-04)
- Artikulua: “El camino de Santiago” Patxi Garmendia ‘Mendigar’. Santa Ana aldizkaria.
- Artikulua: “El camino de Santiago por Ordizia”. Juanjo Balerdi Usabiaga. Santa Ana aldizkaria.
- Webgunea: Donejakue bidea Gipuzkoan. www.caminosantiagogipuzkoa.com.
- Webgunea: Gipuzkoako Donejakue Bideen Lagunen Elkartea. http://www.caminosnorte.org/sedonostia.html
- Ordiziako Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa. Webgunea.