Iker Lasa: “Irabazteko talde zaila izango gara, intentsitate aldetik eta fisikoki lehiakorragoak”
Beasain Futbol Taldea ondo ezagutzen du Iker Lasa entrenatzaileak (Legorreta, 1977). Urte askotan klubeko kide izan da, jokalari gisa, prestatzaile modura eta entrenatzaile lanetan arituta. Aurtengo denboraldian lehen taldearen ardura izango du, Borja Urretabizkaia eta Urtzi Arrondo laguntzaileekin batera. Berriz ere Beasaina itzuli zara, baina orain lehen taldeko entrenatzaile gisa. Koldo Zaldua elkarteko lehendakariak deitu zidan, eta sorpresa hartu nuen. Baina urte asko daramatzat Beasainen lanean, eta zuzendaritzako kideen arabera ondo ezagutzen dut kluba eta taldea, eta ni hona ekartzeko apostua egin dute, konfiantzako pertsona bezala. Entrenatzaile berria ez ezik, talde barria osatzeko asmoa ere baduzue? Nik uste dut Beasainen helburua beti talde konpetitiboa osatzea izan dela, baina aurten berrikuntza bat dago, orain arte egon ez den talde bat dagoelako, erregional mailakoa. Horregatik, pixkanaka, erregional mailako jokalariek lehen taldean jokatzeko aukera izatea da helburua. Baina horrek denbora eskatzen du, ezin delako orain arteko eredutik beste batera bat-batean igaro. Talde konpetitiboa osatu behar da eta, pixkanaka, herriko eta Goierriko jokalariei txoko bat egin. Hori izango da berrikuntza. Aurten hasiko al zarete lan horrekin? Iaz ere erregional mailako jokalari batek edo bik entrenatzen zuten lehen taldean. Jolastu ez zuten asko egin, baina aurten pauso gehiago eman nahi ditugu, eta iaz minutu batzuk [...]
Beasain Futbol Taldea ondo ezagutzen du Iker Lasa entrenatzaileak (Legorreta, 1977). Urte askotan klubeko kide izan da, jokalari gisa, prestatzaile modura eta entrenatzaile lanetan arituta. Aurtengo denboraldian lehen taldearen ardura izango du, Borja Urretabizkaia eta Urtzi Arrondo laguntzaileekin batera.
Berriz ere Beasaina itzuli zara, baina orain lehen taldeko entrenatzaile gisa.
Koldo Zaldua elkarteko lehendakariak deitu zidan, eta sorpresa hartu nuen. Baina urte asko daramatzat Beasainen lanean, eta zuzendaritzako kideen arabera ondo ezagutzen dut kluba eta taldea, eta ni hona ekartzeko apostua egin dute, konfiantzako pertsona bezala.
Entrenatzaile berria ez ezik, talde barria osatzeko asmoa ere baduzue?
Nik uste dut Beasainen helburua beti talde konpetitiboa osatzea izan dela, baina aurten berrikuntza bat dago, orain arte egon ez den talde bat dagoelako, erregional mailakoa. Horregatik, pixkanaka, erregional mailako jokalariek lehen taldean jokatzeko aukera izatea da helburua. Baina horrek denbora eskatzen du, ezin delako orain arteko eredutik beste batera bat-batean igaro. Talde konpetitiboa osatu behar da eta, pixkanaka, herriko eta Goierriko jokalariei txoko bat egin. Hori izango da berrikuntza.
Aurten hasiko al zarete lan horrekin?
Iaz ere erregional mailako jokalari batek edo bik entrenatzen zuten lehen taldean. Jolastu ez zuten asko egin, baina aurten pauso gehiago eman nahi ditugu, eta iaz minutu batzuk jokatu zituztenek aurten gehiago jokatzeko aukera izantea da asmoa.
Denboraldi honetako helburua zein izango da?
Beti esaten da helburua bigarren B mailara igotzea izan behar dela. Baina gure helburua sailkapenean goian egotea da. Taldea eta gorputz teknikoa berria da eta zaila izango da. Hala ere, partida guztiak irabaztera irtengo gara zelaira, eta topiko bat bada ere, partiduz-partidu egin behar dugu sailkapenean gora.
Nolako taldea osatu duzue?
Oraindik taldea osatzen ari gara, baina asmoa lehen taldeko fitxarekin ariko diren 18 jokalari egotea da, eta 22ra arteko gainontzekoak erregional mailako jokalariekin osatzea. Bestela, nik uste dut irabazteko talde zaila izango garela, eta intentsitate aldetik eta fisikoki talde lehiakorra osatu dugula. Erreferentziazko jokalariak ere izango ditugu, diferentzia markatuko dutenak.
Aurkariek osatutako taldeak aztertzen hasi al zarete?
Oraindik aurredenboraldiaren hasieran gaude eta goiz da, baina aurredenboraldian aurrera egiten dugun einean denboraldi hasieran gure aurkariak izango diren taldeak ondo aztertuko ditugu. Gure ligan batez ere, bizkaitarrak dira erritmoa markatzen dutenak, bai aurrekontu aldetik eta baita talde aldetik ere. Baina talde asko gaude, denok jolas berdinera jokatzen dugunak, gehienok aurrekontu antzekoekin eta ilusio berdinekin.
Larunbatean Realaren aurkako partida izan zen aurredenbroaldiko lehena. Nola ikusi zenituen mutilak?
Guretzat festa bat bezala izan zen, kirol arlotik begiratuta oso goiz zelako jokatzeko. Lau entrenamendurekin irten ginen partida jokatzera, eta festa bat bezala bizi izan genuen. Egia da agian garesti samar irten zitzaigula, Olaizola lesionatu egin zelako, baina kirol aldetik ondorioak ateratzeko ez zen partida egokia.
Denboraldian zehar larunbatean bezain beste jende etorriko al da zelaira?
Nik uste dut jendea etortzen dela partidak ikustera. Aurten gainera, bertako jokalariekin osatu dugu taldea, eta jendearentzat zelaian jokalari ezagunak egotea erakargarriagoa da. Gainera, ondo jokatzen badugu jende gehiago etorriko da zelaira.
Gipuzkoako jokalariekin osatu du aurten taldea Beasainek
Gipuzkoako jokalariekin osatutako taldea egin du aurten Beasain Futbol Taldeak. Guztira, lehen taldeko fitxa hamezortzi jokalarik izango dute, baina erregional mailan jokatzen duten lau jokalarik lehen taldean aritzeko aukera izango dute.
Taldea osatzeko, Iker Lasa entrenatzaile berriaz gain, zazpi jokalari fitxatu dituzte: Lagun Onak taldean aritutako Jon Irazustabarrena atezeina, aurretik ere Beasainen ibilia; Lemoa taldeko Ander Avellaneda eta Imanol Leon; Orain arte Elgoibarren jokatutako Ander Urdangarin; Cultural Durango taldeko Iker Martinez; Barakaldotik datorren Ander Olaizola eta orain arte Ordizian jokatu duen Asier Otaegi.
Denboraldia abuztuko azken asteburuan hasiko da, baina aurretik lau partida jokatuko dituzte. Uztailaren 30ean Sanseren aurka jokatuko dute Zubietan. Abuztuaren 13an Vitoriaren aurka etxean, 17an derbia Zumarragan Urolaren aurka, eta 20an azkena, Loinatzen. Denboraldia hasi aurreko partida noren aurka jokatuko duten ez dute erabaki.
Taldekideen zerrenda: Jon Irazustabarrena, Gilen Gabilondo, Iñaki Urkizu, Ander Avellaneda, Jabi Kintana, Jabi Garmendia, Haritz Imaz, Ander Urdangarin, Asier Arregi, Asier Otaegi, Oinatz Orue, Kristian Agirre, Jon Iglesias, Imanol Leon, Iker Martinez, Ander Olaizola, Oier Artola, Asier Dorronsoro, Iker Iraola eta Jokin Mujika. Entrenatzailea Iker Lasa izango da, eta laguntzaileak Borja Urretabizkaia eta Urtzi Arrondo.