Etorri ez zen udaberria

Euskal Memoria Fundazioa

Gerra gogorra izan zen Goierrin, baina gerraren ondorena ez zen gozoagoa izan. Espainiako Gerra Zibila ez zen 1939ko udaberrian bukatu askorentzako. Erbestealdia, espetxea, zigor batailoiak edota fusilamenduak oso presente izan ziren Goierriko egunerokotasunean.

Fusilamenduak etsaia zigortzeko eta herritarrengan beldurra sortzeko erabili zituzten gerran. Iñaki Egaña historialariaren arabera, Gipuzkoan 1.100 pertsona fusilatu zituzten 1936tik 1942ra bitartean. Euskal Herria hartuz gero, zifra hori 5.500 pertsonetan kokatzen da, eta horien erdiak non lurperatu zituzten ez dela ezagutzen dio Egañak.

Fusilamenduei dagokienez, Goierriko pasarte ilunena Beasainen idatzi zuten faxistek, 1936ko uztailaren 27ko gauean. Gau hartako testigantza Una noche sangrienta kontakizunean jasoa du Juan Jose Garcia Urcelayetak, bere bizipenetatik idatzita. Gau hartan 35 pertsonatik gora fusilatu zituzten iturri batzuen arabera. Beste iturri batzuek 60ra igo zuten kopuru hori. Datu zehatzagoak ematearren, Herri zapalkuntzaren lekuko batzuk liburuan Angel Irigorasek 32 izeneko zerrenda bat ematen du, gau hartan «fusilatutako batzuk» soilik direla argi utzita. Horien artean Gaintzako, Zegamako, Urretxuko Beasaingo, Olaberriko eta Legazpiko bizilagunak daude, besteak beste. Zerrendako gazteenak 16 urte ditu, eta zaharrenak, aldiz, 72. Garcia Urcelayeta bera fusilatu egin behar zuten, baina azkenean aske utzi zuten.

Gau hartan desagerrarazi zituzten pertsonen zerrenda luzeagoa da, ordea. Zegamako Nikasia Azarolaren senarra, esaterako, «Iruñeara eraman zuten gau hartan, beste batzuekin batera, eta gaur da eguna, 70 urte geroago, oraindik bere gorputza azaldu ez dena» idatzi du Irigorasek.

Fusilatuen ofizioak, denetarikoak ziren: baserritarrak, ikasleak, goardia zibilak, trenbideko langileak, jornalariak edota zinpeko goardak. Arrazoiak ere, denetarikoak ziren: Errepidean auto bat sutan zegoela esatea, senitartekoak guduan izatea… baina helburua bakarra zen: etsaia zigortu eta herrietan beldurra sortzea. Horren erakusle da Iñaki Egañak testu batean jaso duen hiru goierritarren adibidea: «Agustin Arana, Ordiziakoa, Guardia Zibileko agente batek dekapitatua. Sotero Jauregi, hau ere ordiziarra, Espainiar banderaren aurrean ez deskubritzeagatik eraila. Martin Urbizu Otaño, zegamarra. 60 urte eta bederatzi seme-alaba zituen artzaia, fusilatu egin zuten, eta baita bere Jose semea ere, aitaren bila Urbasan zegoena».

Zegamar aita-semeak
Urbizuarren erailketaren berri Irigorasek ere jaso du liburuan. Martin Urbizu Zegamako Arizti-Erdi baserrian bizi zen. 1936ko abuztuaren 7an Otzaurte bidean soroan lurra jorratzen ari zela azaldu zitzaizkion faxistak, bi kotxetan. Altsasuko komentura eraman zuten «konfesatzera» eta handik Etxegaratera, eta Idiazabal aldera. Errebuelta txikia izenez ezagutzen den lekuan fusilatu zuten.

Bertan utzi zuten, lurperatu gabe, beste herritarren eskarmenturako. Handik egun batzuetara lurperatu zuen familiak, han bertan, lizar arbola batzuen alboan. Hori ez zekien ordea, bere semeak.

Joxe Urbizu aitaren bila zebilen abuztuaren 12an. Etxegarate aldean faxistekin egin zuen topo, eta beraiek aitarengana eramango zutela agindu zioten. Fusilatzera eraman zuten, baina. Ez zuen autotik atera nahi izan eta bertan tirokatu zuten. Irigorasek dioenez, gorpua Urbasako zuloren batetik behera bota zutenaren ustea izan da beti, baina ez dute haren gorpurik aurkitu.

Goierriko herri askotan fusilatu zuten jendea. Legazpin, Laubide inguruan zegoen hilerri zaharrean eta Zalduko zubian fusilatu zituzten errepublikaren aldekoak; Urretxun Laarregiko harrobian; Zumarragan Belokiko gurutzean; Zaldibian Gaintzara bidean; Ataunen Aia auzoan, Beasainen Zapatari Zaharreko etxeko paretan, Ormaiztegin trenbidearen zubi azpian… Faxistek odolez bete zituzten Goierriko bideak eta zelaiak. Eskualdetik kanpo ere hainbat goierritar fusilatu zituzten: Hernanin, esaterako, urretxuar eta zumarragar talde bat erail zuten, hilerriko hormaren kontra.

Langileen zigor batailoiak
Fusilatu ez arren, askok espetxealdia ezagutu behar izan zuten urte luzez; beste batzuk kontzentrazio esparruetan sartu zituzten eta beste asko zigor eta lan batailoietan aritu behar izan ziren, esklabutza baldintzetan. Espetxeetako gastua murriztea eta negozioa egitea ziren batailoi hauen helburuak. Irigorasen arabera, «Estatuak presoak organismo publikoei edo lantoki pribatuei alokatzen zizkien (Renfe, Babcok…)». 1939rako, nazionalen datuen arabera, 45.000tik gora ziren lanera behartu zituzten presoak. Irigorasek dioenez, «historialarien arabera, presoek egindako lanaren truke Estatuaren irabaziak orduko 130.000.000 milioi pezetatik gorakoak izan ziren».

Zegaman ere izan zen halako lan batailoi bat. Jatorri guztietako presoak batu ziren zigortuen lan talde hartan: euskaldunak, asturiarrak, kantabriarrak, andaluzak… Zegamatik Otzaurtera doan bidegurutzetik apeaderorainoko bidea egitera behartu zituzten, bi kilometro eta erdiko bidea guztira. Alkoholerako eraikuntzan jarri zieten lotarako lekua: lurrean jarritako ohol batzuk. Komuna ibaiaren gainean zuten: beste ohol bat, erdian zulo batekin. Presoek gose handia pasatzen omen zuten. Han lan egin zutenen arabera, «Gorospelatik gorakoan eta beherakoan sasi- puntak hartu eta jan egiten zituzten».

Goierritar askorentzako, 36ko Gerra ez zen 1939ko udaberrian amaitu; urte hartako udaberrian, udaberria bera ere ez baitzen etorri Goierrira.


Erreportaia sail honetako artikuloak
«Nire egiak baino haien gezurrak gehiago balio zuela esan zidaten»
Izenak, izanak eta izan zirenak
Adelaida Prieto eta Jose Ramon Ibeas: «Itzulera oso gogorra izan zen»
Goierri okupatu zutenekoa
Gogoratzearen garrantziaz

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend