Oihane Zabaleta: «Adostasunen, negoziaketen eta enpatiaren legealdia izango da»
Oihane Zabaletak (Urretxu, 1979) ekainean hartu zuen Urretxuko alkate kargua, Bilduren ordezkari gisa. Parte hartzea sustatu nahi du, bai udaletxeko ateetatik barrura eta baita kanpora ere.
Zein da hauteskundeetako Urretxuko emaitzen zure irakurketa?
Bildu fenomeno bat egon da. Inork ez zekien zer gertatuko zen eta nik uste dut gero tsunami bat gertatu dela. Euskal Herri guztian gertatu da. Hemen ere bai, maila txikiago batean. Emaitza oso positiboa da, alkatetza lortu dugulako. Koalizioa saritu dela uste dut, eta bakarrik joatea zigortu dela.
Beste irakurketa bat badago, Urretxun ANVk eta EAk banatuta bozka gehiago lortu zituztela dioena…
Irakurketa hori maila subjektiboan egin beharko da. Gu ez gara inoren ondorengoak. Proiektu berri bat sortu da, garai berri eta itxaropentsua, eta proiektu horretan ezkerreko politikak eta soberanistak egiteko sentsibilitate bat dago.
Urretxuko hainbat Osoko Bilkura 7-6 bozkekin erabaki ziren aurreko legealdian. Proportzio hori kontran izateko beldurra al duzue orain?
Ez dugu gehiengoak izan dezakeen erosotasun hori, eta horrek Bilduren proiektuak itsu- itsuan aurrera ateratzea zaildu egingo du. Alde positiboak ere baditu, ordea. Lau urte hauetan, jendearekin hartu-emanak lantzea izango da gure ardatza. Herriarentzako oso ona da hori. Proiektuak aurrera aterako dira, eta badakit noiz edo noiz trabatu ere egingo garela, baina badakit gutxieneko adostasunak ere lortuko ditugula aurrera egiteko. Negoziazioaren, adostasunen eta enpatiaren legealdia izango da hau. Erronka oso polita da eta herriak hori nahi duela uste dut, errespetuzko eztabaida bat.
Espainiako hauteskundeetan Bildurekin eta Aralarrekin koalizioan ez joateko EAJren erabakiak herri mailan eraginik izango duela uste duzu?
Uste dut, zoritxarrez eraginik izan dezakeela, markajea handiagoa izango dela. Erabaki horrek asko desengainatu nau. Batez ere moduak. Barneratu gabe dute proiektu honetan abertzaleok elkarrekin joan behar garela. Hala ere, espero dut eragin hori txikia izatea, hemen bestelako arazoei egin behar baitegu aurre.
Zein dira zuen proiektuaren ildo nagusiak?
Arlo politikoari begira, Gernikako Akordiroari jarraituz, bakea eraikitzeko prozesuan eta oinarrizko eskubide zibilak bermatzerakoan eragile garen aldetik, gure aletxoa jarriko dugu. Udal gestioari dagokionez, lehena, udal honen konpetentziapean dauden ardurak erregularizatzen amaitzea da. Edozein politikari egonda ere, udal antolaketa egoki bat bermatzea. Bestalde, 8 urte hauetan ordenatu gabeko arauak ere ordenatuta utzi nahi ditugu. Onartu berri den zati handi bat martxan jartzera goaz. Hor lehentasunak markatu ditugu eta etxebizitza duinak jasotzeko eskubidea bermatzeko behar handia dago. Etxebiden ia 800 lagun ditugu izena emanda. Alokairu sozialen eta babes ofizialeko etxeen beharra dute. Mendi aldera lurzoru berriak hartu gabe aurkitu behar dugu konponbidea. Horrez gain, mugikortasun programarekin oinezkoei lehentasuna ematen jarraitu, goiko auzoetako irisgarritasun arazoei aurre egin eta aparkaleku gabeziari irtenbideak topatu beharko dizkiegu.
Ingurumenari ere garrantzia emango diozue…
Udalek, ingurumen kontuetan, izan akustikoan, atmosferikoan edota lurzoruaren kalitatean, informazioa eskatu behar diegu horri jarraipena egiteko ardura dutenei. Emisoreekin ere hartu emanetan hasi behar dugu, politika sendo bat egiteko. Udalek ardura eta ahalmenak ditugu, ingurumen kalitatea betetzen ez den lekuetan neurri zorrotzagoak hartzeko. Burubelarri hasi gara gai horretan. Maila sozialean pisua hartu behar du gai honek.
Gai sozialei ere indarra eman nahi diezue…
Garbi izan behar dugu aurrekontuak aurreikustean eta lehentasunak jartzean horrek hormigoiak baino indar handiagoa izango duela.
Zein egoeratan dago Arau Subsidiarioen gaia?
Ekainaren 21ean ingurumen txosten bat jaso genuen, eta honen arabera, arauak onartu egin dituzte, Irimo gunekoak izan ezik. Argudio sendoenetako bat, gune horretan gutxieneko kalitate akustikoa ez dela bermatzen da. Kutsadura akustiko sinergia sortzen da Arcelor Mittal, Renfe eta Urretxuko sarrerako trafikoarekin. Udalak neurri zuzentzaileak hartuta ere, gainontzeko emisoreek eurei dagozkienak hartu beharko dituzte. Ez da lehentasuna bihar bertan industria zonalde bat bizitoki bihurtzea, baina etorkizunera begira Urretxuko hazkundea hegoaldera planeatuta uztea garrantzitsua da. Aparicio auzoko bizilagunak birkokatzeko plana ere honen baitan dago. Inor ez da haiekin gogoratu. Orain gainera Besain-Durango errepidearen zubi bat jarri diete gainean. Kezka handia sortzen digu. Aldundiko ingurumen teknikariekin bilerak egin ditugu. Gai delikatua da eta herria ondo informatu behar dugu. Errealitatea da ere ez dagoela industria eskakizunik Irimon, azken 8 urteetan ez da lizentzia berririk eskatu. 1.022 langile izatetik, 26ra igaro gara.
Zumarragarekiko harremanak ere garrantzitsutzat jo zenituzten hauteskunde programan…
Urretxuk eta Zumarragak gai komun asko dituzte. Sinergiak bateratuta, kostu estrukturala jaitsi egingo litzateke, herrien harremanak normalizatu egingo lirateke eta herrien arteko bateratasun hori indartuko litzateke. Lanketa handia dugu, eta ez soilik trafikoan. Aire bera arnasten dugu, hezkuntza sistema partekatua, kirol zerbitzuak… zerrenda luzea da. Mikel Serranorekin harreman ona dut. Lanean hasiko gara, garai zaharrak alde batera utziz eta berrietara egokituz.
Urretxun kirol zerbitzuek zeresan handia eman dute azkenaldian…
Udalean sartu eta segidan igerilekuaren fenomenoa jaso genuen. Matrikulak jada eginda zeuden, ordea. Hurrengo urterako guztia ondo aztertu nahi dugu. Datuak behar ditugu horretarako, eta denboraldia amaitzean izango ditugu. Urretxuko kirol zerbitzuak bono bakarrean bateratzeko aukera izatea bermatu behar da, baina aukera gisa. Gero, Zumarragarekin eta Legazpirekin bateratzeko aukera ere lotu beharko da. Aukera desberdinak jarri behar dira mahai gainean.
Aldiri kiroldegiko zerbitzuan ere aldaketak egon dira…
Azken sei urteetan Igerilekua Lantzen enpresa egon da Aldirin. Langile onak dituzte, eta kirol zerbitzua ona izan da, baina ez kudeaketa. Langileek hilabeteak daramatzate kobratu gabe. Abuztu amaieran udalarekin duen hitzarmena amaitzen zen, eta pleguak kaleratu genituen ekainean. Enpresa bakarra aurkeztu zen, Zerki, eta hauek jaso dute eskuduntza. Irailaren 1etik eurek eskaintzen dute zerbitzua.
Buelta asko eman zaizkio Urretxuko lehen emakume alkatea zarenari…
Buelta gehiegi ematen ari zaio. Morboa izan dezake, baina parekidetasun arloan, hainbat kontu normalizatu gabe ditugula erakusten ari gara. Puntu horri garrantziarik ez ematea litzateke egoera normalizatua. Taldean guztiok batera gaude, bai gizonak eta bai emakumeak, eta orekatuak izan behar gara.
Gaztea zara, udalarekin ez zenuen harremanik… nola ikusi duzu zure burua alkate postuan?
Lan berri batean hasteak aldaketa suposatzen du. Egokitzen ari naizela esango nuke. Aldaketa handiena, enpresa mundutik administrazio mundura dagoen saltoa izan da. Asko harritu nau ere jendeak alkateari egozten dion botereak. Gehiegizko mitifikazio bat dago, jendeak alkateak guztia konpon dezakela uste du. Legeak botere handia ematen dio, baina egiteko moduak aldatu behar dira. Ni boterea partekatzearen aldekoa naiz. Horretarako daude taldeak, teknikariak… Gaiei dagokienez, ikasten ari naiz. Polita da. Aukera asko dituzu eta hori oso polita da. Urretxuko beste errealitate batzuk ere ezagutzen ari naiz, eta hori aberatsa da. Guztia ez dira kexak gainera. Behin gure barruko amorruak aterata, pertsonon onena bere kabuz ateratzen da. Elkar ulertzeko gogoa da gakoa. Hasierako fase hori da agian gogorrena baina ondoren harreman politak sortzen dira.
Batzar Nagusietan ez zara izango?
Udal bateko alkatetza eta Batzar Nagusietako kontuak eramatea bateragarria izanik ere, bietan ardurak hartu eta lana ondo egiteko zalantzak sortu zaizkit. Ander Rodriguezek eta Jon Lasak ere utzi egin dute bestelako ardurengatik. Horrek Urretxun bete-betean zentratzeko aukera emango dit eta Batzar Nagusietan, Onintza Lasak ere tajuzko lana egingo du, nik utzitako tokian.