Film laburren gaua berreskuratuko dute bihar Urretxun
Butak 21 ZineKlubak film laburren gaua antolatu du aurten berriro ere. 2 urteko geldialdiaren ondoren, herriko bideo sortzaileei euren lanak erakusteko aukera ematen dien emanaldia berreskuratu dute.
Aitor Garmendia zineklubeko kideak ekimen hau berreskuratzea «plazer bat» dela esan zuen aurkezpenean. Zortzi filmek osatuko dute emanaldia, eta hauen artean herriko bizilagunek egindako bi lan proiektatuko dituzte: El Sacrificio eta Baietz!.
Lehena Pepe Requejo urretxuarrak egina da. Galiziako mendietako herrietan bzirik mantentzen duten arkumearen sakrifizioaren ohitura jasotzen duen bideo sorkuntza da, aurrerago, beste lan batzuekin serie baten barruan kokatuko dena.
Bigarren lana Baietz! da. Gabiriako herritarrek idatzia eta antzeztua, KKinzonako hainbat kidek grabatu zuten iazko urrian.Umore kutsuaz eta kritika egiteko gogoz, herri txiki bateko apustu baten istorioa kontatzen du.
Gainontzeko sei filmak Kimuak sailetik hartutakoak dira.