Gazta erdia 485 euroan saldu dute sarean
Ordiziako euskal jaien barruan egin zuten Latxa Ardi Gaztaren lehiaketako enkantea ez zen egunean bertan bukatu; izan ere, aurten aurreneko aldiz on-line saldu dituzte lehiaketan bigarren eta hirugarren saria jaso zuten gaztak. Lezeako gazta erdiaren t...
Ordiziako euskal jaien barruan egin zuten Latxa Ardi Gaztaren lehiaketako enkantea ez zen egunean bertan bukatu; izan ere, aurten aurreneko aldiz on-line saldu dituzte lehiaketan bigarren eta hirugarren saria jaso zuten gaztak. Lezeako gazta erdiaren truke, 485 euro ordaindu dituzte.
Aurtengo lehiaketaren berrikuntza nagusietako bat izan da sarean egin duten enkantea. Ordiziako azokako webgunearen bidez. Ordiziako D’Elikatuz zentroak kudeatu du enkante berezi hori, eta sareko erabiltzaileei ere gazta horietako bat lortzeko aukera eman nahi izan diete. Enkantea duela astebete zabaldu zuten, eta pixkanaka, gero eta eskaintza hobeak jasotzen hasi ziren. Guztira, 76 eskaintza egin dituzte lehiaketan bigarren gelditu zen Lezeako gazta erdia erosteko. Azkenean, Torrelavega ezizena erabiltzen duen donostiar batek erosi du, 485 euro ordainduta.
Hirugarren saria lortu zuen gazta berriz, Zeraingo Javier Muñoarena, 109 euroan saldu dute. Denera 46 eskaintza egin dituzte sarean, eta Cheeseboy erabiltzaile katalanak erosi du azkenean.
Bi gazta horien truke lortutako dirua, ongintza proiektuetara bideratuko dutela azaldu dute antolatzaileek.
Enkanteak arreta piztu du sareko erabiltzaileen artean. Horren adierazle da, Ordiziako azokaren webguneak aste betean jaso duen bisita kopurua: 1.200 lagun sartu dira eta 5.000 orri ikusi dituzte denera.