«Bizi-kalitate ona eskaintzeko aukera eman digu turismoak»
«Basozaina lanbidez, eta politikaria afizioz». Halaxe deskribatzen du bere burua Jose Manuel Oriak (Zerain, 1957). Zeraingo alkate gisa ariko den bigarren legealdia da hau, eta alkate izateak grazia handirik egiten ez bazion ere, herriarekiko duen konpromisoak bultzatuta onartu zuen herritarren nahia. Izan ere, Zerainen ez dira alderdi politikoetako ordezkariak aukeratzen alkatetzarako. 18 urtez gorako edozein zeraindarrek beste edozein herritar aukera dezake kargurako. Nola aukeratzen duzue zeraindarrek alkatea? Hauteskundeak inguratzen doazen einean, herri bilera bat egiten dugu. Hauteskunde demokratikoak egiten hasi zirenetik egin dugun moduan, orain ere, zerrenda bakarra osatzea erabaki dugu herritarrek. Zerrenda hori herritarrek aukeratutako ordezkariekin osatzen da, bakoitzak postu horretarako egokia iruditzen zaion herritarra aukeratuz. Bi bozketa aldi egiten ditugu. Lehen bozketa aldian hamabost izenekin ostutako zerrenda egiten da, eta bigarren itzulian zerrenda horretako zazpi aukeratzen dira. Zerain 250 biztanleko herria izaki, bost zinegotzi ofizial izaten ditu, baina guk zazpi aukeratzen ditugu: bost udalerako, bat Oa kultur elkarteko lehendakaria izateko, eta beste bat Zerain Dezagun Fundazioko lehendakaria izateko. Kultur elkarteak eta fundazioak udalak adinako balioa al dute? Gure funtzionatzeko moduan, hiru zatiak hartu behar dira kontuan. Udaletxean administrazioko lanak egiten dira; Oa kultur elkartean kulturarekin lotutako gai guztiak lantzen dira; eta Zerain Dezazun Fundazioan arlo ekonomikoa. Bere dirua [...]
«Basozaina lanbidez, eta politikaria afizioz». Halaxe deskribatzen du bere burua Jose Manuel Oriak (Zerain, 1957). Zeraingo alkate gisa ariko den bigarren legealdia da hau, eta alkate izateak grazia handirik egiten ez bazion ere, herriarekiko duen konpromisoak bultzatuta onartu zuen herritarren nahia. Izan ere, Zerainen ez dira alderdi politikoetako ordezkariak aukeratzen alkatetzarako. 18 urtez gorako edozein zeraindarrek beste edozein herritar aukera dezake kargurako.
Nola aukeratzen duzue zeraindarrek alkatea?
Hauteskundeak inguratzen doazen einean, herri bilera bat egiten dugu. Hauteskunde demokratikoak egiten hasi zirenetik egin dugun moduan, orain ere, zerrenda bakarra osatzea erabaki dugu herritarrek. Zerrenda hori herritarrek aukeratutako ordezkariekin osatzen da, bakoitzak postu horretarako egokia iruditzen zaion herritarra aukeratuz. Bi bozketa aldi egiten ditugu. Lehen bozketa aldian hamabost izenekin ostutako zerrenda egiten da, eta bigarren itzulian zerrenda horretako zazpi aukeratzen dira. Zerain 250 biztanleko herria izaki, bost zinegotzi ofizial izaten ditu, baina guk zazpi aukeratzen ditugu: bost udalerako, bat Oa kultur elkarteko lehendakaria izateko, eta beste bat Zerain Dezagun Fundazioko lehendakaria izateko.
Kultur elkarteak eta fundazioak udalak adinako balioa al dute?
Gure funtzionatzeko moduan, hiru zatiak hartu behar dira kontuan. Udaletxean administrazioko lanak egiten dira; Oa kultur elkartean kulturarekin lotutako gai guztiak lantzen dira; eta Zerain Dezazun Fundazioan arlo ekonomikoa. Bere dirua herrian inbertitzea erabaki duenaren garapenari lotuta dago fundazioa: sagardotegiak, nekazal turismoak, artzainak…
Hiru adar horietan hartu beharreko erabakiak nola hartzen dituzue?
Heritarrek parte hartze zuena dute, eta ahalik eta bilera zabalenak egiten saiatzen gara erabakiak hartzeko. Lehen herri bilera aurreko larunbatean egin genuen, eta 19 lan arlotan aritzeko proposamena egin genien. Arlo bakoitzean lan egiteko prest dauden herritarrek izena eman dezakete, eta udaleko ordezkariekin batera gaiak landu ditzakete. Sistema honen helburua herritarren eta udalaren artean sinkronia bat egotea da: udala herritarrena izan dadila eta udalean gaudenok ere herritarrak izan gaitezela.
Udal hauteskundeetan, akats informatiko bat tarteko, ez zegokion zinegotzia lortu du PP alderdiak Zerainen. Zuek auzitegietara jo zenuten. Nola dago gaia orain?
Hitzez gaia konponduta dago. PP-ren Gipuzkoako lehendakariarekin hitz egin genuen uztaileko azkeneko egunetan, eta kargurik ez zutela hartuko hitz eman zigun. Oporren ondoren, irailaren hasierarako, uko-agiria idatziz aurkeztuko zigutela esan zigun. Hitzez esandakoa bete dute, baina guk lau zinegotzirekin lan egin beharko dugu. Hala ere, guretzat hori da gutxienekoa, herritarrek aukeratutako ordezkariek berdin-berdin jarraitzen dutelako lanean.
Herri txikia izateko, kultura eta turismo alorreko ekintza asko antolatzen dituzue urtean zehar.
Herri bizia izaten saiatzen gara, beste herri handiago batzuetan egon daitekeen bizi-kalitatea izan dezagun. Herri txikietan bizitzeak erakargarritasun asko ditu, baina zailtasun ugari ere bai, herri handiagoetan dauden aukerak ez daudelako. Horregatik, gure nahia, herritarrak herrian geratzea da, eta gure bizi izateko modua gustatzen zaiona erakartzea. Horretarako, ordea, aukerak eman behar dira.
Zein dira legealdi honetarako pentsatuta dituzuen aukerak?
Aurreko legealdian arau subsidiarioak txukuntzen amaitu genuen, eta, nahiz eta orain egoera ekonomikoa ez den lagungarri, etxebizitza berriak egiten saiatu behar dugu. Agenda 21 oinarri hartuta prestatu ditugun proiektuak garatzen ere jarraituko dugu, etorkizunean izan nahi dugun herria izatera iristeko.
Zerainen ezaugarri nagusietako bat turismoa da. Zer egingo duzue alor horretan?
Guk dugun jabetzarekin ezkonduta dago turismoa herrian. Bertan egindako produktuak saltzeko aukera ematen digu, lanpostuak sortzekoa eta, batez ere, herriari bultzada emateko aukera. Orain dela hamarkada batzuk egindako apustuarekin aurrera jarraituko dugu, azken 25 urte hauetan herritarrei bizi-kalitate on bat eskaintzeko aukera eman digun aktibitatea izan delako. Hurrengo proiektua meategien inguruan egingo dugu. Espainiako Gobernuak emandako diru-laguntza bati esker labeak eta ingurua berrituko eta txukunduko ditugu. Igande goizean, azoka ekologikoa ere egingo dugu, eta aurtengoa 17. aldia izango da.
Herriko plazan dagoen baserri bat ere eskuratu duzue. Hura berritu eta udaletxea, turismo bulegoa eta fundazioaren bulegoa jarriko dituzue bertan. Nola dago proiektua?
Proiektua aukeratzeko ideien lehiaketa bat egin dugu. Guztira, 43 taldek aurkeztu dute proiektua, eta horietatik bost aukeratu ditugu herritarrei aurkezteko. Bost proiektu horien artean gehien gustatu zaiena aukeratu ahalko du herritar bakoitzat, eta boto gehien duena erabiliko dugu baserria berritzeko. Hemendik bi astera egingo dugu proiektuak herritarrei aurkezteko herri-bilera, eta ondoren beste aste bete inguru izango dute proiektu gustukoena aukeratzeko.
Herri eskola ere baduzue, behin baino gehiagotan etorkizun iluna opa izan diotena. Zein egoeratan dago gaur egun?
Zerainen eskola nazioanala egotetik ezer ez egotera igaro ginen. Dozena bat urte eskolarik gabe egon ginen, eta apostu handia egin genuen berriz ere herrian eskola egoteko. Dagoeneko 27 urte badira eskola txikia berriro ireki genuenetik, eta orduz geroztik martxan dago. Gainera, nabarmen geratu zen urte haietan, kanpoan ikasi behar izateak herriarekiko lotura apurtzen zuela, eta herri sentimendu hori galdu egiten zela. Eskola txikia berriz sortu denetik herritarrak zeraindar sentitzen direla antzematen da. Hori da guk behar duguna, eta lortzen ari gara, nahiz eta momentuero mehatxatu egiten gaituzten beharrezko zenbaki horietara ez garela iristen, edo gutxieneko kopuruetara iristeko zailtasunak izaten ditugulako. Momentuz, Zerainek herri eskola izaten jarraituko du. Aurten, gainera, handitu ere egin behar izan dugu, orain artekoa txiki geratu zaigulako.
Garraio publikoa herrira iristeko eta medikuaren kontsulta herrian mantentzeko ere zailtasunak izaten dituzue?
Etengabeko borroka da, beti justuan ibiltzen gara eta mehatxu artean. Baina Zerainen zerbitzu horiek denak izaten jarraitu nahi dugu eta horretan saiatuko gara.