Abelgorriak ikusgai Abenidan
Ateri egon da Urretxun goiz partean, eta goizeko egitaraua bete da goitik behera. Goizean goiz abelgorrien erakusketa jarri dute Abenidan, eguerdira arte ikusgai egon direlarik. Abenidan bertan, Imanol Lazkanok, Juan Jose Eizmendik
Loidisaletxe eta Urretxu-Zumarragako Bertso Eskolako kide Gorka Azkaratek bertsoak kantatu dituzte. Aurretik, entzierro txikia izan da Gernikako Arbola plazatik Abenidara, eta, ondoren, ikaratutako zezentxoekin jolastu dute haurrek eta ponietan ibili ere.
Trikitilariak, talde txikietan banatuta, herriko toki ezberdinetara eraman dituzte beren doinuak, eta buruhandiak ere izan dira haurrak korrikarazten. Ganadu lehiaketako sariak banatu dituzte, eta idi proben lehenengo txanpa egin dute San Martin-Barrenkaleko probalekuan; arratsaldean izango da bigarren txanpa, 18:00etan. Egitarauan iragarritako Herriarteko 23. Folklore Jaialdia, 19:00etan hasiko dena, euria ari badu, Labeaga aretoan izango da; bestela, Gernikako Arbola plazan.