Zapatuan eta igandean Bizi Bi Batuz asteburu txirrindularia ospatuko dute Urretxun eta Zumarragan. Goierri elkarteak antolatuta, zapatuan mendi bizikleten irteera egingo dute eta igandean, berriz, zikloturistena.
Aurten hirugarren urtea da egitasmo hau antolatzen dutena. Mendi bizikleten ibilaldiak 27 kilometro ditu eta Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuko da. Pagoetatik Santa Barbarara igoko dira, eta handik Aizpurutxora joko dute, bidegorrian gora irteera lekura iristeko. Mendi bizikletan ibilia denarentzako ibilbidea dela jakinarazi dute antolatzaileek. 16:30ean hasiko da, eta izena irteera lekuan bertan eman beharko da. Ordubete lehenago jarriko dute horretarako aukera eta 10 euro ordaindu beharko dira.
Igande goizean zikloturistak irtengo dira errepidera. Gipuzkoako Challangearen barruko proba izango da, 85 kilometrokoa. Herriko zaletuentzako Mandubiko eta Atagoitiko Bueltak direnak batuko ditu irteerak. 9:00etan abiatuko dira, oraingoan ere Areizaga-Kalebarren plazatik. Hemen ere ordubete lehenagotik jarriko dute izena emateko aukera.
Antolatzaileek izena ematera denboraz joateko eskatu diete bi probetako parte hartzaileei, irteera orduan pilaketak ekiditeko. Bi probetan federatu gabeko txirrindulariek ere har dezakete parte.
Proben amaieran mokadutxo bat jateko eta bizikletak garbitzeko aukera izango dute txirrindulariei irteera lekuan.