Hiru elkarteetako kideak, Ordizian egin duten aurkezpenean
Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko eskualde mailako eskola aurkeztu dute Beasaingo Asmube, Ordiziako Kimetz eta Urretxu eta Zumarragako Eraldatzen emakumeen elkarteek. Eskola honen bidez, ausnarketarako espazio bat sortu nahi dute, «emakumeen aurkako bortizkeriaren kontrako tresna gisa» erabili ahal izateko.
Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean neurriak hartu ahal izateko, ordea, «oinarrizko prestakuntza integrala» beharrezkoa dela uste dute. Horretarako, bost jardunaldi antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. Lehen jardunaldia urriaren 3an izango da, eta emakumeen aurkako indarkeriari buruzko oinarrizko kontzeptuak ikasi ahal izango dituzte. Euskal Herriko Unibertsitateko Arantxa Kampos izango da jardunaldiko hizlaria.
Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko, elkarteek zer egin dezaketen aztertuko dute bigarren jardunaldian. Azaroaren 7an izango da, eta Yolanda Cervero psikologoa arduratuko da hitzaldia emateaz. Gai honen inguruan dauden eskubide eta protokoloak ikasi ahalko dituzte abenduaren 5ean egingo duten hirugarren jardunaldian.
Emakumeen elkartegintzatik, indarkeriraren aurkako sare lana bultzatzeko jardunaldia izango da laugarrena. Juana Balmaseda abogatuak emango ditu azalpenak, eta jardunaldia 2012ko urtarrilaren 9an izango da. Azken jardunaldirako sormen artistikoko zeramika tailerra egingo dute Pott elkartekoekin. Azken ekintza honetarako datarik ez dute zehaztu emakume elkarteetako kideek. Jardunaldi guztiak Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean izango dira, zehaztutako egunetan, 16:00etatik 20:00etara.
Ordiziako D’Elikatuz zentroan egin duten jardunaldien aurkezpenean azaldu dutenez, bost ekintzak irekiak izango dira, eta nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahalko dute, baita elkarteetako kide ez direnek ere. Aurrez, ordea, izena ematea beharrezkoa izango da, ikastaroetarako materiala prestatzeko. Izena emateko Asmube (943 02 73 91), Kimetz (943 88 72 57) edo Eraldatzen (685 72 07 23) elkarteetara deitu behar da irailaren 29a baino lehen. Jardunaldi guztiak doan izango dira.
Oinarrizko prestakuntza
Asmube elkarteko Joxepi Jauregik azaldu duenez, «emakumeen aurkako indakeriari aurre egiteko oinarrizkoa eta integrala den pestakuntza beharrezkoa da», eta horregatik antolatu dituzte jardunaldi hauek. Emakume elkarteek gai honen inguruan lan egiteko dituzten mugez eta hutsuneez jabetuta antolatu dituzte bost jardunaldiak, horien bidez, «prestakuntza arduratsua» jasotzeko.
Hutsune horiek, indarrean dagoen araudiaren ezagutzarekin bete nahi dituzte, orain arte halako egoeren aurrean «galduta» sentitu direlako elkarteetako kideak.
Kasu kopuruak gora doaz
Emakumeen elkarteetan biltzen direnek, indarkeriari nola aurre egin ikastea da eskolaren helburuetako bat. Baina, indarkeriaren biktima diren emakumeei harrera era egokian egiten ere ikasi nahi dute formakuntza honen bidez, ondoren «biktimei zein eskubide dituzten aholkatzeko, joan beharko luketen zerbitzuetara bideratzeko, eta eman behar dituzten pausoen berri emateko».
Izan ere, gero eta indarkeria kasu gehiagoren berri izaten dute emakume elkarteetako kideek. Asmube, Eraldatzen eta Kimetz elkarteetako kideek ez dute daturik eman nahi izan, «estatistikak ez direlako beti ziurrak eta guk dakizkigunak baino kasu gehiago egon daitezkeelako», azaldu du Eraldatzen elkarteko Nilda Gorveinek. Hala ere, ziurtatu dute azken urteetan gora egin duela biktima kopuruak, eta bakarren batzuk elkarteetara gerturatzen badira ere, gutxi direla oraindik pauso hori ematera ausartzen direnak.
Hala ere, Gorveinen ustez, elkarteek «nolabaiteko rol bat bete behar dute, biktimen eta erakundeen artean zubi lan bat eginez, gizarte segurantzara joan ezin dutenek nonbait babes hori izan dezaten». Elkarteek gizartean dagoen «zulo bat» bete nahi dute prebentziorako eskolarekin. Emakumeek gertatutakoa esateko oraindik duten beldurra uxatu, eta irekitzea beharrezkoa dela ere aipatu dute hiru elkarteetako arduradunek.
Eraldatzen elkartea 2004an hasi zen emakumen aurkako indarkeriaren inguruan lanean, eta 2008an batu zitzaizkion Asmube eta Kimetz elkarteak.