Aikur museoan eztia egiteko prozesua erakutsi diete bisitariei
Urretxuko Aikur erle museoak bisitariei ateak zabaldu dizkie gaur, doako erakustaldiekin. Otegi familiakoek, erleen inguruko azalpenak emateaz gain, eztia egiteko prozesua pausoz pauso erakutsi dute, eta bukaeran, eztia probatzeko aukera ere izan dute bisitariek.
Elias Otegik azaldu duenez, Aizpurutxo auzoan hasi ziren eztigintzan aurreneko pausoak ematen. Garai hartan, “erlauntza bat eta liburu bat” besterik ez zuten, baina urteen poderioz, esperientzia hartzen joan dira. 1995. urtean zabaldu zuten Aikur museoa Urretxun, eta egun, 350 bat erlauntza edo kaxa dituzte.
Baina erleak zaintzeaz eta eztia egiteaz gainera, prozesu hori guztia nolakoa den ere azaltzen diete bisitariei. Gaurko jardunaldi berezia aprobetxatuta, prozesu hori gertutik ikusteko aukera izan da museoan. Goizeko aurreneko txandan, 30 bat lagun bildu dira.
Museoko arduradunek azaldu dutenez, “ezti berezia” da gaur egin dutena, artea baitu oinarri. Ezti hori egiteko erabili dituzten erleek, artearen nektarra hartu dute, eta horrek, “kolore eta zapore berezia” ematen dio azken produktuari. Izan ere, erleek erabiltzen duten landare motaren arabera, erabat aldatu daiteke zaporea. Artea oinarri duen eztiak, kolore ilunagoa du.
Eztia biltzeko prozesua
Udazkenarekin batera hasten da eztia ateratzeko garaia. Erleak, udaberritik aurrera hasten dira eztia egiten, eta Elias Otegik azaldu duenez, hasieran beraien kaxa bete arte uzten dituzte. Hori betetakoan, altzak (beste kaxa gehigarri batzuk) jartzen dizkiote gainean, eta horiek bete ahala hasten dira eztia jasotzen. “Denboraldi ona bada, erlauntza bakoitzak altza bat baino gehiago ere betetzen du”. Altza horietako eztia jasotzen dute, baina oinarrizko kaxakoa sekula ez. “Azpikoa beti uzten da, neguko erreserba moduan. Erleek beste jatekorik ez dutenean, eztia jaten dute, eta beraiena dena, ezin da ukitu”.
Behin kutxetatik abaraxkak ateratakoan, gainean izaten duten argizaria kentzen zaie. Kopuru txikia bada, labana bat erabilita kentzen da; kopuru handiagoak direnean, makina berezi bat erabiltzen dute, “bestela lan handia delako”. Argizari hori, urtu eta beste erabilpen batzutara bideratzen dute; kiloka ere saltzen da. Behin argizaria kendutakoan, abaraxketatik eztia ateratzen da, beste makina baten bidez. “Garbigailu baten modukoa da –dio Otegik– eta alde batera eta bestera bueltak ematen ditu, hasieran poliki, eta gero azkarrago, ezti guztia atera arte”. Behin eztia ateratakoan, 10-15 bat egunean ontzen uzten dute. Argizariak eztiak baino pixu gutxiago duenez, berez joaten da edukiontziaren goraldera, eta horrela apartatzen dituzte azken ondarrak.
Atzoko bisitan prozesu guztia azkar egin zutenez gero, 10-15 egun itxaron beharrean, momentuan filtratu zuten eztia, beste teknika bat erabilita. Ondoren, bisitariek beraien aurrean egindako eztia probatzeko aukera izan zuten, baita Goierrin egiten diren beste ezti mota batzuk ezagutzekoa ere.