Pasa den larunbatean, 1936ko Gerran fusilatutako bederatzi herritar eta euren senideak omendu zituzten Urretxun eta Zumarragan. Pasa den urriaren 20an 75 urte bete ziren Hilario Aranburu, Hilarion Arzelus, Jose Becerra, Angel Belaustegi, Hilario Gabilondo, Ildefonso Orcajo, Angel Zabaleta, Venancio Eguren eta Francisco Pompeyo fusilatu zituztenetik. Zapatukoa, 75 urtetan senitartekoek jaso duten lehen aitortza ofiziala izan da.
Omenaldi xumea baino goxoa izan zen; txikia eta hunkigarria. Urretxuko udaletxeko atarian egin zuten, bizilagunen babes handiarekin. Omenaldian herritarrek ere hartu zuten parte: Antxiñe Mendizabal idazleak, bi herriotako dantzariek, Urretxuko txistulari taldeak, Secundino Esnaola musika eskolako irakasleek eta Gorka Azkarate bertsolariak. Aretoa txiki gelditu zen.
Argazki proiekzio batekin hsi zuten ekitaldia. Hemen, gerran ihesi joandako herritarren irudiak, gudarienak edota gudan hildako herritarrenak ikus zitezkeen. Oroitzapenen eguna zen larunbata, memoria egiten laguntzeko horietakoa. Antxiñe Mendizabalek gidatu zuen ondorengo ekitaldia. Ipuin moduan jantzi zuen historia. «Bazen behin erreka bat, bere ertzeetan bi herri zituena» hasi zuen kontakizuna. Pertsonaiak fusilatutakoak ziren, eta narrazioa, berriz, gertatutakoa. «Kontakizun bat idaztea beti da zaila» esan zuen, baina hitzak modu hunkigarrian josi zituen atzetik, oroitzapenak kontakizun, eta istorioak historia bilakatuz. Etorkizunik izan ez zuten pertsonen historia kontatu zuen, izenei oroitzapenak eta izanak emanez. Eta kontatu zuen, nola, «amaiera zoriontsua izan zitekeena, tragedian bilakatu zen. Norbaitek gure protagonisten etxeetako ateak bortxatu zituen eta azalpenik eman gabe eraman zituen. Euren senideek, bizirik edo hilik ikusi zituzten azken aldia izan zen».
75 urtez senitartekoek ez dute haien berririk izan. Agiri ofizialetan desagertutzat jotzen dituzte, ez baitituzte gorpuak aurkitu. 75 urtez oroitzapen bat izan dira, «baina agian, iritsi da historia hau kontatzeko garaia» jarraitu zuen Mendizabalek. «Bi herriotako bizilagunek partekatu ahal dezaten eta bata bestearengandik gertuago senti daitezen. Eta batez ere, adi egon daitezen, berriro ere halakorik gerta ez dadin, inoiz».
Antxiñe Mendizabalek jasotako argazkia
Sei fusilaturen senideak izan ziren omenaldian, eta zazpirek hunkituta jaso zuten larunbatean Urretxuko eta Zumarragako alkateen besarkada. Lehen aldia zen udal ordezkariek, publikoki, euren mina partekatzen zutela. Lehen aldia, jendaurrean euren senideengatik negar lasai egin zezaketena. Mina arintzeko pausu txiki bat izan zen larunbatekoa, baina beharrezkoa. Xumea, baina goxoa eta sentitua.
Bederatzi dantzarik dantzatu zuten aurreskua. Fusilatutako bakoitzagatiko batek. Gorka Azkaratek bi bertso kantatu zituen eta txistulariek Agur Jaunak joaz itxi zuten ekitaldia.
Amaieran, besarkadak, malkoz bustitako irrifarreak eta etxera bidean, lasai hitz egin dezakeenaren lasaitasuna, lasai negar egin dezakeenarena. Memoria indibiduala memoria kolektibo bihurtzeko lanean, pausu garrantzitsua izan zen Urretxurentzat eta Zumarragarrentzat.
[Goierriko Hitzak euskaratua]
Baziren behin erreka batek banatzen zituen bi herriotako
Kontakizun hau beste modu batera has liteke:
baziren behin, erreka batek batzen zituen bi herri
Niri, gehiago gustatzen zait hirugarren bat:
Bazen behin erreka bat, bere ertzeetan bi herri zituena.
Edozein kontakizun idaztea beti da zaila. Hitzak ondo aukeratu behar dira. Are gehiago historiaz ari garenean, herri baten historia ofizialaz, adibidez, errealitateari eta egiari erantzuten diona. Eta ez dut nik esaten. Atzo bertan entzun nion kontalari handi bati, Mariano Ferreri, alegia, zein zaila den gertaera historiko batetik kontakizun arruntak egitea, ikuspuntu desberdinak dituzten bi alde daudenean. Eta hala ere, berak zioen, ez zegoela beste biderik aurrera egiteko.
Gaur, kontakizun txiki hau kontatzea pentsatu dut. Agian ez dio gertatutakoen errealitateari erantzuten, baina gertakizun errealetan oinarrituta dago, oso errealetan. Bi Herri izena eman diot.
Bazen behin erreka bat, bere ertzeetan bi herri zituena. Haien igaroan, bazen, aspaldiko garaietatik, egurrezko zubi txiki bat, herritarrak batetik bestera joateko balio zuena.
Orduan jendeak ez zuen gaur egun bezainbeste zirkulatzen eta bizilagunak gutxitan igarotzen ziren batetik bestera. Euren herrian behar zuten guztia zuten. Bakoitzak bere komunitatea modu desberdin batean ulertzen zuen, baina hori inoiz ez zen izan elkarrekiko errespeturako oztopoa. Besteen gainetik indartzen ziren baloreak zeuden.
Herritarren artean maitasuna, zoriontasuna, esperantza eta elkartasuna ziren nagusi, beldurraren, gorrotoaren, inbidiaren eta berekoikeriaren neurri berean. Hau da, leku guztietan bezala.
Bizilagun onak ziren, eta ia herri guztietan gertatzen den bezala, euren artean lehia handia zuten. Batzuetan, ordea, magiaz bezala, euren bizilagunen artean pasioz betetako maitasuna sortzen zen. Kasu horietan gogo handiz ospatzen zuten, ospakizunen lekua batean eta gero bestean tartekatuz.
Hau da gertakizunen lekua. Eta protagonistak bederatzi gizon dira.
Errekaren ertzeetako batean, musika bereziki gustoko zuen gizon bat zegoen. Txistua eta danbolina jotzen zituen, bertako festak eta jaiak girotuz. Horrez gain, udalaren pregoiak irakurtzearen ardura zuen. Bizilagun guztiek maite zuten, bere musikarekin transmititzen zuen poztasunagatik. Hilario Aranburu Unanue zuen izena.
Bazen beste bat, hariarekin eta jostorratzarekin zuen abileziagatik ezaguna zena. Jostuna zen. Bere joste tailerrean, soineko eta traje ederrak lantzen zituen, bere bizilagunak elegante joan zitezen. Artista bat baitzen. Bere denbora librean, antzerkian ere aritzen zen. Guztiek maite zuten, herriaren bizitza edertzen saiatzen zelako. Hilarion Arzelus Agirre zuen izena.
Bazen ere mutil gazte bat, futbolagatiko zuen afizioagatik ezaguna zena. Futbola zen bere pasio handia. Horregatik, lehen mailako futbolari izatearekin egiten zuen amets. Lan egiten zuen lantokiko taldean jokatzen zuen, Esteban Orbegozon. Oso harro zegoen talde hartakoa izateaz, La Pinchadakoa. Inork ez bezala sentitzen zituen koloreak. Horregatik herrian guztiek asko maite zuten. Ligako txapeldun izatearekin amets egiten zuen. Jose Becerra Narvaiza zuen izena.
Hurrengo protagonistak planta serioko eta formaleko mutil bat zen. Ikasle ona izatearen aurpegia zuen, bazen eta. Herrian guztiek uste zuten abokatu handi bat izatera iritsiko zela. Zuzenbidea ikasten zuen, eta horretarako kanpora joan zen, urruti, bere gurasoen hizkuntza ere hitz egiten ez zuten lekura. Bizilagunek egunen batean alkate on bat izan zitekeela uste zuten. Udaletxean bertan bizi zen gainera, bere aita udaletxeko idazkaria baitzen. Argi dago guztiek maite zutela, eta gainera, noizbait bizilagunen bizitza hobetzeko lege justuagoak egingo zituela espero zuten. Angel Belaustegi Otamendi zuen izena.
Angelengandik gertu, ezkondutako gizon bat bizi zen, bi seme-alaba zituena. Gizon sortzailea zen, eta bizilagunekin konprometitua, inoiz lanik gabe egon ez zitezen arduratzen zena. Lanik gabe, ez zegoen mantenua irabazteko modurik. Eta horregatik, beste lagun batzuekin batera, forja tailer bat sortu zuen. Garrantzitsu itxura zuen izena jarri zioten: Alcorta Mendizabal eta konpainia. Horregatik guztien errespetua eta miresmena irabazi zituen. Bere izena Hilario Gabilondo Ugalde zen.
Ildefonso Orcajo Orcajo ez zen gure errekaren bazterretako herriren batekoa. Beste lurralde ez hain aberats batzuetatik iritsi zen, trenez, beste hizkuntza eta kultura batekin. Ordura arte bere bizitza izan zen guztia atzean utzi behar izan zuen, lan bila. Laster integratu zen eta bizilagun berriek egin zioten harrera onagatik esker ona agertzen zuen. Hauek harrituta entzuten zizkioten leku haietako istorioak. Pentsio batean bizi zen, gizonentzako pentsio batean -ohitura oneko herri bat zen- eta han bere kideak konbentzitzen jarduten zuen, berdintasunean, askatasunean eta justizian bizitzea zein ona izango zenaz. Ameslari handi bat zen, eta matraka xamarra izanagatik ere, guztiek maite zuten. Nola ez maite, hain amets ederrak izanda!
Bazen beste mutil bat, familia ezagun batekoa, izan ere, familia honek herriko tabako denda zuen. Hau ez zen txikikeria. Zer nolako plazerra zigarro on bat lagunen artean erretzea, mundua konpontzen saiatu bitartean! Gazte hau familia honetako zortzi seme-alabetariko bat zen. Batez ere, baina, bere erlijio debozioagatik zen ezaguna. Apaizekin ikasten zuen, orduan gizatiarraz eta jainkotiarraz gehien zekitenak haiek baitziren. Ez zen zaila Angel Zabaleta Aranburu maitatzea, zena bezalakoa izanda.
Oraindik beste bi pertsonaia ditugu aurkezteko. Hauek errekaren bestaldeko herrian bizi ziren.
Lehenak, Venancio Eguren Mendiak, Hilario Gabilondorekin egiten zuen lan. Gogoratzen duzue: bi seme-alaba zituen aita gazte hori, inor lanik gabe egon ez zedin tailerra ireki zuena. Anaiarekin bizi zen, eta ez zitzaion bere lana ondo egiteaz bestelako gogorik ezagutzen. Neskalaguna izateko denborarik ere ez zuen! Hain lankide ona izanik, bizilagun guztiek maitasuna irabazi zuen.
Gure azken pertsonaiak Francisco Pompeyo Pompeyo zuen izena. Ezkonduta zegoen eta hiru seme-alaba zituen. Rojo y Zaldua enpresaren eta bere etxearen artean igarotzen zituen egunak, ia itsatsita baitzeuden hauek. Lantokiko jabeak auzo oso bat eraikiarazi zuen bere langileentzat. Francisco trenbidearen ondoan bizi zenez, suposatzen dut bidaiekin eta ezagutzera joateko leku ezezagunekin egiten zuela amets; berak eta bere emazteak ez bazen, bai bere seme-alabek behintzat. Horregatik, asko saiatzen zen bere lanean.
Udazkeneko egun batean, baina, tragedia handi bat bi erori zen herri hauetako biztanleen gainera. Jendea erotu egin zen, eta arrazoiamena galdu zuen, eta are okerragoa: gizatiartasuna. Bi herrietako kaleetako bakea pistola eta fusilen tiroengatik ordezkatu zen. Bonbak entzuten ziren, eta beldurrak eta gorrotoak biztanleen bihotzak bildu zituzten.
Ez zen antzekorik ezagutzen. Bizilagunek entzunak zituzen zaharrenen antzeko istorioak, baina beti uste izan zuten umeak beldurtzeko ipuinak zirela. Eta ez zuten jakin zer egin. Haietako askok, sinpleki, ihes egin zuten, eta haien ihesaldian bi herriak batzen zituen zubia bota zuten, haietako bakoitza bakanduta eta bakarrik geldituz, beldurra bizilagunen hezurrak pipiatzen.
Gure bederatzi gizonek ez zuten ulertzen zer egin zuten gaizki ihesi joan behar izateko.
“Nik musikarekin bizilagunengana poztasuna eraman besterik ez dut egin” zioen Hilariok zur eta lur.
“Nola joango naiz ni? Nor arduratuko da herri honetako jendeak eder eman dezan?” esaten zuen Hilarionek, bere atsekabetasunean ez zen jostorratzean haria sartzeko edo puntada bat ondo emateko gai.
Josek uko egin zion bere futbol taldea uzteari. Bere taldearen koloreak goreneraino eramateko helburua zuen. Izatez, arrakastaz betetako denboraldi bat zeramaten.
Angelek, benetan arduratuta, zuzenbide apunteak atera eta “legerik ez dugu urratu-eta!” zioen.
Hilariok ez zuen bere forja tailerra ezergatik utzi nahi. Bizilagunak lanik gabe geldituko ziren eta gosez hilko ziren.
Ildefonsok haserre zioen: “ez dago eskubiderik, ez dago eskubiderik, ni ez noa. Hau nire herria da” eta bizilagun guztiei batzeko eta irtenbide bat bilatzeko galdegiten zien.
Angelek jainkoari erregutzen zion, bizilagunak zain zitzan. Hain zen eskuzabala, bere etsaiengatik ere erregutzen zuela.
Venanziok pentsatzen zuen: “orain errekaren bestaldeko neska hori begiz jo dudala, ni ez noa, ezta pentsatu ere”
eta Franciskok, ez zuen bere etxea utzi nahi, besterik gabe. Zaindu eta elikatu beharreko familia bat zuen, eta ez zituen zoriaren esku utzi nahi.
Baina gertatu zen, inoiz imaginatu gabeko zerbait gertatu zen. Eta amaiera zoriontsudun ipuin bat izan zitekeena, tragedia bilakatu zen. Norbaitek gure protagonisten etxeetako ateak bortxatu zituen, eta azalpenik gabe eraman zituzten.
Euren senideek bizirik edo hilik ikusi zituzten azken aldia izan zen.
Ordundik, eta urte luzez, euren senideak penaz makaldu ziren, desagertutako euren senideengatik.
Egunak igaro ziren, lorik hartu ezineko gau latz haiekin, eta egun batean, zurrumurrua zabaldu zen errekaren bi ertzeetan: Hilario Aranburu, Hilario Arzelus, Jose Becerra, Angel Belaustegi, Hilario Gabilondo, Ildefonso Orcajo, Angel Zabaleta, Venancio Eguren eta Francisco Pompeyo fusilatuak izan ziren.
Kontakizunaren amaiera.
Gehitu nahi nuke, kontakizun hau oroitze hutsak pena eta min handia sortu zuela denbora askoan bi herri hauetako bizilagunen artean, eta horregatik hamarkada askotan ixilduarazi egin zen. Duela gutxira arte, inor ez da kontatzera ausartu. Nik zubiak eraikitzeko bokazioa zuen bizilagun baten eskutik jaso nuen, Juanjo Arozena izena zuena. Kontakizunak ere gustoko zituen.
Baina agian, iritsi da historia hau kontatzeko garaia, bi herriotako bizilagunek partekatu dezaten, eta bata bestearengandik gertuago senti daitezen. Eta batez ere, adi egon daitezen, berriro antzekorik gerta ez dadin, inoiz.
Kontakizun honekin, gaur, haragi eta hezurrezko, eta ez paperezko, bederatzi pertsona hauek omendu nahi ditugu, kontakizun hau egitera eraman nautenak. Izan ere, herri hauetan gaur egun ez dira falta txistulari alaiak, jostun onak, futbolari hobeak, izen oneko abokatuak, konprometitutako enpresariak, politikariak edota emakume alkateak, gure arima zaintzen duten eliztarrak, langile ondratuak eta familietako aitak; baina hala ere, herri hauetan bizitza ez da gauza bera izan bederatzi pertsona hauek falta direnetik.
Eta horregatik, gaur, erreka inguratzen duten bi herrietako bizilagun guztiek, hemen bildu diren familia hauei memoriaren ahotsa eskaini nahi diete, zorretan zegoen aitortza, eta gure sentitze sakonena, pergamino baten eta bi herrietako alkateen besarkada baten forman.
Urretxu, Antxiñe Mendizabal Aranburu, 2011ko urriaren 22anAntxiñe Mendizabal idazlearen kontakizun osoa irakurri [gaztelaniaz]
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.