Europa mailan babestuta dagoen arrano arrantzale bat tiroz hilda agertu da Zumarragan
Aranzadi Zientzia Elkartearen webgunetik hartutako oharra• Arrano arrantzalea Europan mehatxatuta aurkitzen den hegazti bat da eta Europa mailan birsartzeko ahalmen handiak egiten ari dira hegazti honekin.
Urriaren 16an, Aranzadiko Eraztunketa Bulegoan heldu zen albistearen arabera, eraztuna zeukan arrano arrantzale bat tiroz hilda agertu zen Zumarragako udalerrian. Arrano arrantzalea Europan desagertzeko arriskuan dagoen hegazti-espezieetako bat da, eta hainbat herrialdetan hura berreskuratzeko ahalegina egiten ari da. Espezie hau Gipuzkoan ugaltzen ez bada ere (garai batean, ziur aski, gure Lurraldeko kostaldeko paduretan ugalduko zen), mediterraneo aldetik edota Saharaz hegoaldeko Afrikarantz negua pasatzeko egiten dituen migrazioetan, gure lurraldetik igarotzen da. Bestelako hitzez esateko, Europa erdialdean eta iparraldean jaio edo ugaldu diren arranoetako asko Gipuzkoatik pasatzen dira migrazio-garaian. Gauzak horrela, arrano arrantzale bat tiroka hil izana berez kezkagarria da eta Europako hainbat herrialdetan espezie hau berreskuratzearen alde egiten ari diren ahaleginak kili-kolon jartzen ditu.
Ekintza tamalgarri honek Euskal Herrian gertatzen den legez kanpoko ehizari buruz gogoeta egitera garamatza, argi baitago oraindik ere praktikatu egiten dela, eta aplikatzen diren lege- eta administrazio-neurriak beharbada ez direla nahikoak pentsarazten digu. Orduan, gizarte- eta ekonomia-garapena eta natur ondarearen zaintza elkarrekin bateratu eta biodibertsitatea eraginkortasunez eta zientzia-ezagutzaren arabera kudeatzeko gai izango den herrialde bat eraikitzeko nahiarekin batera, bestelako errealitate kezkagarri batekin egiten dugu topo. Esaterako, ehiza baimenduta dagoen hilabeteetan, hegaztiak sendatzeko zentroetara tiroz zaurituta iristen diren hegaztien kopurua nabarmen igotzen da. Bestalde, aurkako eguraldi-baldintzetan –esaterako, neguan elurte handiak gertatzen direnean– debekaturik dagoen itxaronaldiko ehiza-modalitateak bere horretan dirau. Eta horrek garbi erakusten du ehiztari batzuek indarrean dagoen legeriarekiko erabateko mespretxuz jokatzen dutela, eta ehiza daitezkeen espezieak modu berekoi eta iraunkorgaitz batez ustiatu eta ehiza-jarduera etikarik gabe praktikatzen dutela.
Legez kanpoko ehizak, legez kanpoko beste jarduera batzuen antzera, irmotasuna behar du jarduera hau kudeatu eta arautzeaz arduratzen diren erakundeen aldetik, bai eta herritargoa hezteko ahalegin berezi bat ere. Gipuzkoako gure natur ondarearen zaintzan murgilduta dauden giza talde eta erakundeak eta bereziki hegaztien aldekoak (esaterako, Itsas Enara Ornitologi Elkartea) bat datoz horrelako aldarrikapenekin.
Hau guztiau dela eta, beharrezkoa da Gipuzkoako Ehiza Federazioari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari dagozkion neurriak har ditzatela eskatzea, etorkizunean gure Lurraldean gertatzen den legez kanpoko ehiza zigortu eta saihesteko.