Urrelur azokako irudia•
Larunbatean hasiko dituzte mineralogia ekintzak Urretxun, Berastegira egingo duten ibilaldiarekin. Atzetik, haurrentzako eta helduentzako ekintzak, eta nola ez, urteroko Urrelur feria.
XXIV. urtea da Urretxun eta Zumarragan mineralogia eta paleontologia astea antolatzen dutena. Zapatuan hasiko dute, Berastegi-Plazaolako bidera egingo duten irteerarekin. Hurrengo astean, museora bisita gidatuak, Meatzaria naiz erakusketa monografikoa, ipuin kontaketa saioak edota Urretxutik egiteko ibilaldi geologikoak izango dira.
Irteeran XX pertsonek eman dute izena. Larunbatean, aspaldian minerala jaso eta Iruñeara eramaten zuen tren meatzari baten bidean ibiliko dira gora eta behera. Gero,bazkariarekin batera jasotako aleak sailkatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. 8:00etan abiatuko dira, Iparragirre plazatik. Arduradunek mendiko arropa, botak, sira, aldatzeko arropa eta txanoa eramateko gomendatu dute. Baita hamaiketakoa eta ura hartzea ere. Azkenik, mineral aleak biltzeko erremintak ere norberak eraman beharko ditu, hala nola, mailua, zinzela, poltsa, egunkari papera edota motxila.
Urriaren 29tik azaroaren 6ra bitartean, bestetik, Mineralen erabilera bitxia eta Meatzaria naiz erakusketa monografikoak irekiko dituzte. Lehena Urrelur museoan egongo da ikusgai. Bigarrena, berriz, Juan de Lizarazun. Lehendabizikoan, Javier Aguado adituak bildu ditu erakusketako aleak eta parte hartzeko tailerrak eta esperimentuak ere antolatuko dituzte. Bigarrena Iñaki Irisarrik prestatu du eta meatzarien arropak, lanparak, akzioak eta hainbat tresna erakutsiko ditu bertan.
Azaroaren 3an jarraituko dute ekintzek, Urrelur museoko mineralen artean girotuko duten ipuin kontaketa saio batekin. Izaskun Mujikak egingo ditu kontalari lanak, eta kontakizunari Amalurra izena eman dio. 4 urtetik aurrerako haurrei zuzenduta dago.
Urretxuko kaleetatik egiteko ibilaldi geologikoak ere programatu dituzte aurten. Hauetan, herriko eraikinak eta bestelako egiturak osatzerakoan erabili diren harriak eta berezitasun geologikoak ezagutzeko aukera emango dute. Hainbat eraikinetan fosilen aztarnak ikus daitezke gure herrietan. Txema Hernandez adituak eskainiko ditu azalpenak. Azararen 5ean, 11:30ean egingo dute ibilbide hau.
Egitaraua itxi asmoz, azaroaren 4tik 6ra bitartean Urrelur feria eta haurrentzako jolas parkea irekiko dituzte. Feria urtero bezala Ederrena pilotalekuan egingo dute. Salerosketarako eta trukerako gunea izango da eta haurrentzako txokoa ere izango du, harribitxien lanketara bideratuta. Ostiral arratsaldean irekiko dute azoka eta larunbatean eta igandean goizetik ere zabalduko dute.
Haurrentzako eta gaztetxoentzako parkea, berriz, Gernikako Arbola plazan kokatuko dute. Urteroko jolasak bilduko ditu: aurrehistoriako pintura, urre bilatzaileak, aurkikuntza paleontologikoak, meategia… Aurten, gainera, Urrelur Abentura parkea ere irekiko dute Iparragirre plazan. Azaroaren 5ean eta 6an egongo da zabalik hau, eta rokodromoa eta tirolina izango ditu. 8 urtetik gorakoentzako parkea izango da.