Motor arloko gidari ospetsuekin erakustaldia egingo dute etzi Olaberrian
Automobilismo denboraldiak eman du aurten zegokiona. Bukaerarako festa antolatu dute Olaberriko Zirkuituak eta hango udalak, etziko. Motor Festa egingo dute, larunbatean, estreinako aldiz. Egun guztia hartuko du egitarauak, festa giroan eta arreta autoen eta pilotu ospetsuen erakustaldiei ipinita. Karkros motako autoen eta lehiaketako kart-en lehiaketak ere jokatuko dira. 11:00etan hasiko da jaialdia, eta 18:15ean bukatu. Sarrera 10 euro ordaindu beharko da. Mundu mailan motor arloan diharduten punta-puntako gidarien abilezia ikusteko aukera izango da Olaberriko zirkuituan. Dani Sordo rally gidaria, esaterako, Jema 630 GT prototipoarekin ibiliko da, eta Efren Vazquez moto gidari bizkaitarrak Nitocar EVO2 bugia ekarriko du. Jose Antonio Suarez (Norma M20), Eugenio Mantecon (Mitsubishi EVO X), Oscar Palacio (SilverCar barketarekin) dira beste pilotu gonbidatu batzuk. Olaberriko Zirkuituaren eta bertako taldearen kide diren Vilariñotarrek ibilgailu mota desberdinak aurkeztuko dituzte. Andres Vilariñok igoeretako Norma M20 erabiliko du, Angela Vilariñok rallysprintetako Subaru WRCa, eta Ander Vilariñok aurten Europako RaceCar Euroserieetan hirugarren postua merezi izan dion Nascar autoa. Guztiaren ardatz ikuskizuna izango da, ordea, lau gurpilen gaineko festa gorpuztea dutelako helburu antolatzaileek. Euskal Herriko karkroseko gidari onenak Olaberrian izango dira. «Motor Festan lasterketa oso ikusgarriak ikusteko aukera emango dute horiek ere», aurreratu du antolakuntzan dabilen Ibon Arregi gidari beasaindarrak. Drifting saioak dira beste [...]
Automobilismo denboraldiak eman du aurten zegokiona. Bukaerarako festa antolatu dute Olaberriko Zirkuituak eta hango udalak, etziko. Motor Festa egingo dute, larunbatean, estreinako aldiz. Egun guztia hartuko du egitarauak, festa giroan eta arreta autoen eta pilotu ospetsuen erakustaldiei ipinita. Karkros motako autoen eta lehiaketako kart-en lehiaketak ere jokatuko dira. 11:00etan hasiko da jaialdia, eta 18:15ean bukatu. Sarrera 10 euro ordaindu beharko da.
Mundu mailan motor arloan diharduten punta-puntako gidarien abilezia ikusteko aukera izango da Olaberriko zirkuituan. Dani Sordo rally gidaria, esaterako, Jema 630 GT prototipoarekin ibiliko da, eta Efren Vazquez moto gidari bizkaitarrak Nitocar EVO2 bugia ekarriko du. Jose Antonio Suarez (Norma M20), Eugenio Mantecon (Mitsubishi EVO X), Oscar Palacio (SilverCar barketarekin) dira beste pilotu gonbidatu batzuk.
Olaberriko Zirkuituaren eta bertako taldearen kide diren Vilariñotarrek ibilgailu mota desberdinak aurkeztuko dituzte. Andres Vilariñok igoeretako Norma M20 erabiliko du, Angela Vilariñok rallysprintetako Subaru WRCa, eta Ander Vilariñok aurten Europako RaceCar Euroserieetan hirugarren postua merezi izan dion Nascar autoa.
Guztiaren ardatz ikuskizuna izango da, ordea, lau gurpilen gaineko festa gorpuztea dutelako helburu antolatzaileek. Euskal Herriko karkroseko gidari onenak Olaberrian izango dira. «Motor Festan lasterketa oso ikusgarriak ikusteko aukera emango dute horiek ere», aurreratu du antolakuntzan dabilen Ibon Arregi gidari beasaindarrak.
Drifting saioak dira beste osagai ikusgarri bat, atzeko trakziodun ibilgailuekin —BMWak eta Nissan bat— gauzatzen dena. Mikel Rebelo, Gorka Patxa, Jon Ander Gomez eta Mikel Otxoa gidariak ariko dira sail horretan.
«Txapelketetan ibiltzen diren sei martxadun eta 125 zentimetro kuboko kart-ekin gidarien arteko desafioak izango dira. Binaka jardungo dira; bat helmuga marratik abiatuko da, eta bestea kontrapuntutik», azaldu du Arregik.
Simulagailu profesionala
Pilotu profesionalen lasterketak eta erakustaldiak ikusteaz gain, ikusleek eurek jarri ahal izango dute bolantean. Gidatze simulagailu profesional bat kokatuko dute zirkuituko kafetegiaren terrazan, egun osorako. Lehenbizi gidariek probatuko dute, eta ondoren publikoak. Makinarekin marka onena egiten duenak saria jasoko du: gidari-ondoko bezala pilotu batekin zirkuituan itzuli batzuk egiteko aukera.
Jendeak gidariekin hitz egin eta argazkiak ateratzeko modua izango du. Eguerdian, Motor Festan erabiliko dituzten ibilgailu guztiak pistan jarriko dituzte, eta haiek ikusteko aukera izango da. Automobilismoko espezialitate ugaritako autoak egongo dira.
Kirol arloari dagokionez, jardunaldiaren bizkarrezurra karkros eta kart lehiaketak izango dira. Entrenamendu libreak, erlojupekoak eta bi lasterketa ofizial jokatuko dira. Tarteetan txertatu dituzte gainontzeko ikuskizunak: drifting erakustaldiak, edo gonbidatutako pilotu guztien itzuliak.
Aurkezpen ekitaldian hildako pilotuen oroimenez minutuko isilunea egingo dute, Europako ereserkiarekin. George Plasa, Josu Ugarte, Fabio Danti, Adriano Parlamento eta Lionel Regal gidariak gogoratuko dituzte.
Egitaraua
Abenduak 3, larunbata
- 11:00-12:30. Aurkezpenak.
- 12:30-12:45. Pilotuekin argazkiak, simulagailuaren irekiera.
- 12:45. Karkroseko entrenamendu libreak.
- 13:00. Drifting erakustaldia.
- 13:15. Karten helmuga-kontrahelmuga final-laurdenak.
- 13:30. Karkros entrenamendu kronometratuak.
- 14:00. Drifting erakustaldia.
- 14:15. Pilotu gonbidatu guztien lehen erakustaldia.
- 15:30. Karten finalerdiak.
- 15:45. Karkrosen 1. lasterketa.
- 16:15. Drifting erakustaldia.
- 16:30. Pilotu gonbidatuen bigarren erakustaldia.
- 17:45. Karten desafio finala.
- 17:50. Karkrosen 2. lasterketa.
- 18:15. Bukaera ekitaldia, eta gidarien taldeko argazkia.