Aralarren zuzendaritzak zigor espedientea zabaldu die Aitor Zabaletari eta Unai Baztarrikari
Iratzarri gazte erakundeko hainbat kidek Aralar alderdia uzteko hartu duten erabakia dela eta, Aralar alderdiko zuzendaritzak gutun bana bidali die erakunde horretako zortzi gazteri; tartean daude Unai Baztarrika beasaindarra eta Aitor Zabaleta zegamarra. El País egunkariak zabaldu duen informazioaren arabera, gutun horren bidez zigor espediente bana zabalduko zaie zortzi gazte horiei, eta alderdia uzteko gonbitea egiten zaie; informazio horren arabera, Aitor Zabaleta, inhabilitatu egin dute.
Aralarren zuzendaritzak bidalitako gutunean zehazten denez, gazte horiek hartutako erabakia “alderdiaren egitura haustera bideratuta” dago, eta “ahalik eta impaktu mediatiko handiena” lortzen saiatu izana leporatu diete. Gainera, Iratzarriren izenean alderdia uzteko hartutako erabakia “gutxieneko berme demokratikoak urratuz” hartu zela diote, eta “Aralarreko eta Iratzarriko estatutuak eta afiliatuen eskubideak urratu” zirela, “informazio faltagatik”. Hori guztia dela eta, “akats larria egiteagatik” zigor espedientea zabaldu diete, militantzia uzteko gonbitea egitearekin batera.
Iratzarri taldeko hainbat kidek, gazte erakunde horrek Aralar alderdia uztea erabaki zuela jakinarazi zuen pasa den astean, nahiz eta taldeko kideei, Aralarreko militante izaten jarraitzeko aukera zabalik utzi. “Estrategikoki, gazte erakunde bezala bere independentzia berreskuratzeko asmoa” zutela esan zuten, eta Aralarreko talde parlamentariaren eta Nafarroa Bai koalizioaren lana babesten zutela.
Aralarrek, bere aldetik, Iratzarrik Aralarren jarraitzen duela baieztatu du.