«Garrantzia izan duen euskal ohitura bati eustea da gure borroka»
Jose Ramon Oiarbide • Zesta punta jokalaria • Amerikako Estatu Batuetan jokatzen den zesta punta txapelketarik garrantzitsuena da Orlandoko Citrus jaialdia. Jose Ramon Oiarbide (Beasain, 1974) pilotariak seigarren urtez parte hartu du aurten, eta bigarren egin du, atzelarien sailean. Miamin bizi da, eta bere jaioterrian oso ezaguna ez bada ere, ibilbide oparoa osatu duen pilotaria da. Lesio batetik irten berritan, eta Citrus txapelketaren finalera iritsi zara. Nola bizi izan dituzu azken asteak? Citrus txapelketa, Estatu Batuetan jokatzen den pilota txapelketarik garrantzitsuena da. Lesioa dela eta, txapelketa hasi aurreko astera arte, ez nekien jokatzeko moduan izango nintzen edo ez, ia lau hilabete pasa baititut kantxetatik kanpo. Citrus bezalako txapelketa gogor bat jokatu ordez, Denian gelditu eta lasaiago hartzeko aukera izan nuen, baina Orlandora joan nintzen azkenean. Bigarren postu hori engainagarria ere izan liteke; zera esan nahi dut, emaitza oso ona da eta harro nago, baina azkenean, ondo atera zen kiniela baten ondorioa da emaitza hori. Asteburu horretan jokatu genituen beste kiniela batzuetan, garbi gelditu zen oraindik ez nagoela zesta puntan dabiltzan pilotari onenen parean. Baina bigarren postuarekin gustora gelditu zara. Bai. Seigarren urtez jokatu dut txapelketa hau, eta sekula ez dut irabazi, baina bigarren postua pare bat aldiz lortu dut, eta kontuan [...]
Jose Ramon Oiarbide • Zesta punta jokalaria •
Amerikako Estatu Batuetan jokatzen den zesta punta txapelketarik garrantzitsuena da Orlandoko Citrus jaialdia. Jose Ramon Oiarbide (Beasain, 1974) pilotariak seigarren urtez parte hartu du aurten, eta bigarren egin du, atzelarien sailean. Miamin bizi da, eta bere jaioterrian oso ezaguna ez bada ere, ibilbide oparoa osatu duen pilotaria da.
Lesio batetik irten berritan, eta Citrus txapelketaren finalera iritsi zara. Nola bizi izan dituzu azken asteak?
Citrus txapelketa, Estatu Batuetan jokatzen den pilota txapelketarik garrantzitsuena da. Lesioa dela eta, txapelketa hasi aurreko astera arte, ez nekien jokatzeko moduan izango nintzen edo ez, ia lau hilabete pasa baititut kantxetatik kanpo. Citrus bezalako txapelketa gogor bat jokatu ordez, Denian gelditu eta lasaiago hartzeko aukera izan nuen, baina Orlandora joan nintzen azkenean. Bigarren postu hori engainagarria ere izan liteke; zera esan nahi dut, emaitza oso ona da eta harro nago, baina azkenean, ondo atera zen kiniela baten ondorioa da emaitza hori. Asteburu horretan jokatu genituen beste kiniela batzuetan, garbi gelditu zen oraindik ez nagoela zesta puntan dabiltzan pilotari onenen parean.
Baina bigarren postuarekin gustora gelditu zara.
Bai. Seigarren urtez jokatu dut txapelketa hau, eta sekula ez dut irabazi, baina bigarren postua pare bat aldiz lortu dut, eta kontuan izanda Orlandoko frontoia ez zaidala batere gustatzen, harro egoteko moduko emaitza da.
Eta txapelketa hori bukatuta, ze helburu dituzu orain, aurrera begira?
Nire helburua orain egunerokoari heldu eta lesio hori erabat gainditzea da. Nire ibilbidea ikusita, helburu gehienak bete ditut dagoeneko. Lau aldiz irabazi dut atzelarien txapelketa, eta Daniako frontoiak dituen 60 urteetan, bi pilotarik egin dute nik baino marka hobea. Txapelketa hori beste behin irabazteko aukera izango banu, nire ibilbidea bukatzeko modu polita izango litzateke. Aurten badirudi Mexikon antolatu nahian dabiltzala txapelketa bat, AEBtako pilotaririk onenak bilduko dituena, eta hori ere motibazio bat izan daiteke guretzat.
Euskal Herrian jokatzen diren txapelketetan parte hartzen al duzue?
Udako denboraldian Floridako pilotari asko joaten gara Hegoaldeko eta Iparraldeko txapelketetan parte hartzera. Ikusiko dugu aurten joaterik dugun edo ez, enpresek ere ez baitute erraztasun handirik ematen. Txapelketa horiek jokatzen ditugu, baina gaur egun, pilotatik bizitzeko AEBtara etorri behar duzu. Euskal Herrian lau hilabe on daude, baina ondo ordainduta ere, ez dago urte osoan hortik bizitzerik.
Nolakoa da pilotari baten bizimodua AEBtan?
Egia esateko bizimodu ona dugu. Astean bost egunetan jokatzen dugu, baina denbora libre asko izaten dugu, eta nahi duguna egiteko aukera ematen digu horrek. Nire kasuan, ingurugiro arloko ingeniaritza ikasi nuen, eta espero dut horrek balio izango didala laster, pilotari izateari uzten diodanean. Beste batzuk, berriz, denbora librea beraien burua fisikoki prestatzeko aprobetxatzen dute, eta gero frontoian eguzkitan hartutako kolorea erakusteko [barrez]. Hori ikusita, ezin esan gaizki bizi garenik.
Pilota mundua laster uzteko asmoa duzu, beraz?
Bai. Aldaketa handia izango da, baina buelta asko eman dizkiot kontu horri eta momentua gero eta gertuago dago.
Garai batean pilotak estimazio handia izan zuen AEBtan. Gaur egun, jendea joaten al da frontoietara?
Zaletasun aldetik pilotak asko galdu du azken 20 urteotan. Zaharrenek kontatzen dute nola frontoia egunero betetzen zen; 5.000 lagun baino gehiago biltzen ziren harmailetan. Orain ez dago horrelakorik; frontoia egun berezietan bakarrik betetzen da. Citrus txapelketa da okasio horietako bat. Gustoa ematen du horrela jokatzeak eta sortzen den giroak.
Egunerokoa bestelakoa da, orduan.
Hori ikusi edo egunerokoa ikusi… alde handia dago. Ostegun gau batean, adibidez, ehun lagun elkartzen badira pozik egoteko moduan gaude, nahiz eta apustua galdu duenen baten partetik sekulakoak entzun behar izan.
Nolako harremana duzue zaleekin? Jarraitzailerik-eta izaten al duzue?
Kirol honek pasio handiak pizten ditu, eta zaleek oso gertutik bizi dute. Gehienak oso atseginak dira, eta batzuk opariak ere egiten dituzte; beste batzutan ordea, sare sozialak direla eta, oso gainean izaten ditugu, eta batzuetan nekagarria ere izan daiteke. Baina gustua ematen du dauden zaleei kaso egiteak, eta gehiago balira, hobe. Frontoitik kanpo, ordea, ez gaitu inork ezagutzen. Gure aitak eta osabak kontatzen dutenez, 70eko eta 80ko hamarkadan dena oso ezberdina zen; garai hartan zineko izarren modukoak ziren. Beste garai bat zen.
Beste kirol batzuekin alderatuta, ba al duzue errekonozimendu hori?
Profesionalak gara, baina ez du beste kirolari batzuek adina irabazten, ezta gutxiago ere. Hala ere, niretzako zorte handia eta benetako ohorea da hainbeste gustatzen zaidan gauza bat eginez bizimodua ateratzea.
Frontoiak, enpresak, apustuak… nola dago antolatuta zestaren mundua AEBtan?
Zestaren inguruko aktibitateak frontoi ezberdinetan banatzen dira. Frontoi bakoitzak, 40 bat pilotariko koadroa du, eta egunero jokatzen dute beraien artean, kiniela sistema baten bidez. Sistema horretan, 8 bikotek parte hartzen dute. Beraien artean jokatu eta tantoa egiten duena kantxan gelditzen da; galtzen duena berriz, besteen atzetik jartzen da, ilaran, bere txandaren zain. Kiniela 7 tantora jokatzen da, eta 7 tanto egiten dituen lehen bikoteak irabazten du. Gaur egun, Floridan urte osoan zabalik dauden frontoiak Miamikoa eta Daniakoa dira; hamabi hileko denboraldia izaten dute. Gero, hor daude Orlando, Fort Pierce, Ocala eta Hamilton, baina horietan denboraldi laburragoak egiten dituzte.
Eta beherakada horrek, ba al du erremediorik?
Pena da zestak izan duen beherakada, baina hain frontoi eta jaialdi gutxi egonda, gaur egun konpetentzia handia dago zalea erakartzeko orduan. Konponbide zaila duen kontua da. Orain, gure borroka, mundu osoan zehar horrelako garrantzia izan duen euskal ohitura bati eustea da.
Zure aita, Tomas Oiarbide aipatu duzu lehen. Haren pausoak jarraitu dituzula esan liteke. Hura ere pilotari izan zen Ameriketan, ezta?
Bai. Ni jaio berritan, sei hilabete nituela joan ginen Ameriketara. aita pilotari profesionala zen, eta udara iparraldean, Newporten pasatzen genuen, eta negua hegoaldean, West Palm Beachen. Hamar urte egin zituen aitak profesionaletan, eta hainbat titulu lortu zituen, baina lesio bat zela medio, pilota utzi behar izan zuen, eta Beasainera itzuli ginen.
Umetan aldaketa handia izango zen hori, ezta?
Anaia eta biok, Loinazpera joaten hasi ginen. Hasieran denek amerikanoak deitzen ziguten, ezberdinak ginen bertakoentzat, eta hori 7-8 urterekin, gogorra egiten da hasieran, baina berehala ohitu ginen.
Pilotan hemen hasi al zinen?
Bai. Hamar bat urte nituela hasi nintzen pilotan serio jokatzen, Kepa anaiarekin batera. Hark, ordea, Salamancara ikastera joan zenean, pilota utzi eta ikasketetan zentratzea erabaki zuen.
Eta nola sortu zen Ameriketara bueltatzeko aukera?
Kimika ikasketak egin nituen, eta 1997an, Espainiako txapeldun atera eta gero, Urbe izeneko enpresa batean egin nuen debuta. Enpresak ez zuen askorik iraun, baina nire ibilbiderako esperientzia aberatsa izan zen. Handik gutxira ozeanoaren beste aldera joateko aukera sortu zitzaidan, eta Tampara joan nintzen. 1998ko urtarrilaren 2an egin nuen debuta. Tampako pilotalekua sei hilabete geroago itxi zuten, baina tarte horretan ondo aritu nintzenez, Danian jokatzeko aukera eman zidaten. Han jarraitzen dut oraindik.
Beasainen pasa zenituen urteetatik zer duzu gogoan? Zeren falta sumatzen duzu gehien?
Gehienbat familiaren eta lagunen falta, gainontzeko guztiari, gaizki eman badezake ere, ordezkoa bilatzen zaio. Nahiz eta haruntza joaten naizenetan ederki pasatzen dudan, Miamirako abioia hartzen dudanean, etxera bueltatzen naizenaren sentsazioa izaten dut.
Eta itzultzeko asmorik ba al duzu?
Ez dut uste. Hemengo bizimodura ohituta nago dagoeneko, eta zaila ikusten dut haruntza bizitzera joatea. Baina nire bihotzean beti bere tokia izango duen leku bat da, eta oporretan-eta, beti joango gara.