Berdintasun batzordea martxan
Urte hasieratik da martxan Ordiziako Udaleko Berdintasun batzordea. Emakumeen Nazioarteko Eguna gertu dagoela baliatuz, batzordea bera aurkeztu eta esku artean dituzten lan-ildoen berri eman dute. Taldearen erronka nagusia berdintasunerako eskubidea «modu praktikoan eta eraginkorrean» bermatzea da, eta hiru aldarrikapen plazaratu dituzte horretarako: berdintasunerako eskubidea eta sexuarengatiko diskrimazio eza aldarrikatzea; emakume-gizon eta taldeen arteko berdintasuna benetakoa eta egingarria izan dadin beharrezkoak diren baliabideak ahalbidetzeko eskatzea agintariei; eta administrazio publikoek emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren fenomeno estruktural eta unibertsala ezabatzeko politika eta jarduera eraginkorrak gara ditzaten exijitzea. Edurne Gutierrez zinegotziak, eta Berdintasun batzordeko kide Maijo Vazquezek eta Nerea Eliasek eman zuten batzordearen berri, bertan parte hartzen ari diren hainbat emakumeren laguntzaz. Emakumeek eta gizonek gizartean bete izan duten paperak «aldaketa garrantzitsua» ezagutu du: «Emakumeok gero eta parte hartze handiagoa dugu lan merkatuan, hezkuntza mailan, prestakuntza eta kultura mailan, eta oraindik apalago bada ere, erabaki guneetara ere iristen ari gara». Aldaketak gizartean Gizartean «aldaketa nabarmenak» ematen ari dira emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko, eta bide horretan «ezinbesteko» jotzen dute bai talde feministek eta bai emakumeen eskubideen alde lanean jardun duten emakume taldeek eta norbanakoek egindako lana. «Hala ere, lan merkatuko datuek, parte hartze soziopolitikoak, etxeko lanak egin behar izateak, emakumeen aurkako biolentziak [...]
Urte hasieratik da martxan Ordiziako Udaleko Berdintasun batzordea. Emakumeen Nazioarteko Eguna gertu dagoela baliatuz, batzordea bera aurkeztu eta esku artean dituzten lan-ildoen berri eman dute. Taldearen erronka nagusia berdintasunerako eskubidea «modu praktikoan eta eraginkorrean» bermatzea da, eta hiru aldarrikapen plazaratu dituzte horretarako: berdintasunerako eskubidea eta sexuarengatiko diskrimazio eza aldarrikatzea; emakume-gizon eta taldeen arteko berdintasuna benetakoa eta egingarria izan dadin beharrezkoak diren baliabideak ahalbidetzeko eskatzea agintariei; eta administrazio publikoek emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren fenomeno estruktural eta unibertsala ezabatzeko politika eta jarduera eraginkorrak gara ditzaten exijitzea.
Edurne Gutierrez zinegotziak, eta Berdintasun batzordeko kide Maijo Vazquezek eta Nerea Eliasek eman zuten batzordearen berri, bertan parte hartzen ari diren hainbat emakumeren laguntzaz. Emakumeek eta gizonek gizartean bete izan duten paperak «aldaketa garrantzitsua» ezagutu du: «Emakumeok gero eta parte hartze handiagoa dugu lan merkatuan, hezkuntza mailan, prestakuntza eta kultura mailan, eta oraindik apalago bada ere, erabaki guneetara ere iristen ari gara».
Aldaketak gizartean
Gizartean «aldaketa nabarmenak» ematen ari dira emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko, eta bide horretan «ezinbesteko» jotzen dute bai talde feministek eta bai emakumeen eskubideen alde lanean jardun duten emakume taldeek eta norbanakoek egindako lana. «Hala ere, lan merkatuko datuek, parte hartze soziopolitikoak, etxeko lanak egin behar izateak, emakumeen aurkako biolentziak eta holakoek erakusten digute emakumeak garela kaltetuenak berdintasun eta justizia gabeko egoeretan».
Taldeko kideen esanetan, berdintasun politika guztietan nabarmentzen da emakumeen elkarlana sustatu beharra dagoela, eta azaldu dute emakumezkoak «ahaleginak egiten» ari direla bizitzaren esparru guztietan parte hartzeko. «Emakumeen talde berriak ari dira sortzen, eta horri esker, bizitza publikoan eta erabakitze postuetan sartzeko aukera dugu; orain arte betetzen ez genituen esparruak, alegia».
Hori guztia dela eta, Berdintasun batzordeak herri mailan egiteko garrantzitsua duela uste dute; batetik, emakumeei esparru sozio-ekonomikoan parte hartzeko aukera ematen dielako eta ingurunean «eragiten duten ahalmenaz» jabetzeko.
Irudi faltsua zabaltzen
Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat hausnarketa plazaratu ditu taldeak. Haien esanetan, berdintasuna lortuta dagoela zabalduta dago gizartean, baina hori «irudi faltsua» ematea da, eta horrek mugimendu feministaren «bidezkotasuna bertan behera» uztea ekarri du. Bigarrenik, azken urteetako «joera kapitalista eta patriarkalaren eraginez», eta sistemaren krisi orokorrarekin batera, emakumeengan «eragin espezifikoa» du: «Gure betiko rolak betetzera bideratu nahi gaituzte».
Erakunde eta administrazio publikoei «benetako konpromisoa» exijitu diete, «estrukturala» den arazo horri, eta «patriarkatuan oinarritutako» sistema horri irtenbideak emateko urratsak egin ditzatzen. Era berean, erakunde guztiei «elkarlanerako gonbitea» egiten diete.
Sexu eta ugalketa eskubideei buruzko erakusketa zabaldu dute
Emakumezkoen sexu eta ugalketa eskubideek munduan duten egoeraz sentsibilizatzea da Gipuzkoako Medicus Mundik Barrenan jarri duen Sexu eta ugalketa eskubideak, eskubiderik gizatiarrenak erakusketaren helburua. Hilaren 16a arte egongo da ikusgai, Barrena zabalik dagoen ordutegian (09:00-13:00 eta 16:00-21:00).
Emakumeek eskubide horiek bermatuta izatea, eta eskubide horiek praktikara eramatea funtsezko elementu dira bilduma honetan. Sexu eta ugalketa eskubideak gisa honetan laburbiltzen ditu erakusketak: bortizkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea; segurtasun fisiko eta mentalerako eskubidea; sexualitate osoa eta arriskurik gabekoa izatekoa; edota gogozko amatasuna, librea eta osasuntsua izateko eskubidea. Munduan sortzen diren gaixotasunen %18 bi eskubide horien ezarekin lotuta daude.