Den-denok ‘gea’ emakume
Goierriko zazpi pertsonak beren testigantza utzi dute ‘Gea’ dokumentalean, emakume izateari buruz, dauden arazoez, ametsez eta beharrez. Maitena Salinasek zuzendu du ikus-entzunezkoa.
Emakumearen testigantza kanpokoa barrutik ikustea da. Emakumearen diskurtsoa bereizteko ezaugarririk baldin bada, ikuspegi hori da», idatzi zuen Carmen Martin idazleak. Denok gara pertsona. Baina, 2012an oraindik, oso bestelako ikuspegiak daude emakume izatearen egitate soilarekiko. Berdintasun eza, aukera urriagoak, matxismoa, hezkuntzaren eta gizartearen antigoaleko zama… Goierriko zazpi pertsonak, zazpi emakumek, beren testigantzak eta gogoetak utzi dituzte Gea dokumentalean. Maitena Salinas kazetari beasaindarrak zuzendu du, eta Ordizian aurkeztu zuen lehengo astean.
Emakumeen elkarteak dirake, akaso, gizartean oihartzun zabalena lortzen duten eragileak. Horien sorreraz jardun dira hiru kide. «Ordura arte, emakumeak joaten ginen dena eginda ematen ziguten aktibitateetara; garrantzitsuagoa iruditu zitzaigun protagonista emakumekoak izatea», esan du Belen Balerdik, Ordiziako Kimetzeko kideak.
«Etxe zulotik atera, batekin eta bestearekin hitz egin, emakumeak arazo bat duela jabetu eta kezka bat sorrarazi» izan ziren, Joxepi Jauregiren hitzetan, Beasaingo Asmube pizteko txinpartak. Bizitzako alderdi ugariri buruz estalkirik gabe hitz egin dute dokumentalean. «Beldur asko daude kaleratzen ez direnak. Gauza askori buruz ez da hitz egiten. Hori puskatu beharra dago, eta guk puskatu beharra daukagu, lehenengo norbere buruarengandik hasita», dio Maite Riañok, Itsasondoko Irriargiko kideak.
Nerea Elias antropologoarentzat ere emakumeek elkarrekin egin beharreko «lana» dute oraindik, bi mailatan: «Batetik, prozesu indibiduala da, norberak ikusi behar du zein den aske izateko bidea. Norberak egin behar dio aurre, bere kontraesanekin. Bestetik, prozesu kolektiboa ere bada, elkarbanatzea, feminismoaz hausnartzea, helburuak argitzea». Emakume feminista artean sortzen diren espazioak babestu beharrekotzat jo ditu.
Hezkuntzaren pisua
«Izan behar dugunean hezi gaituzte. Modu jakin bateko izan beharra daukagula, eta inoiz ez zeuk nahiko zenukeen horretan», dio Balerdik. Riañorentzat ere hezkuntza «berebizikoa» da, «nolakoak izan behar dugun oso zehaztuta daukagulako. Errealitatearen ispilu gara. Kontua ez da honena edo harena. Sozialki hala gaude hezita. Eguneroko lanarekin apurtu behar da».
Amelia Jauregi nekazariarentzat emakumea ez dago baloratuta. «Edozein modutako zereginak tokatzen zaizkio: taxilari, garbitzaile, erizain, etxeko lanak… Denei iruditzen zaie gure betebeharra dela, eta seme-alabei ere guk erakusten diegu hori. Amek eta emakumeek egin dugun akatsa da hori, beharbada. Beti besteengan pentsatzen, eta norberarentzat, ezer ez».
Autoestimu falta ekartzen du horrek emaztekientzat, baita etxetik aisialdira irteteko beldurra edo senarrari beldurra ere. «Asko ari zaigu kostatzen emakumea etxetik ateratzea. Beldurrak dituzte, eta pentsatzeko denborarik ez, besteenganako ez bada». Emakumeak, lan munduan eta gizartean aginte lekuetan egon eta aritu beharra daukala gaineratu du Amelia Jauregik.
Daniela Mihocik matxismoarekin nazkatuta utzi zuen Errumania sorlekua, Goierrira etortzeko. «Han dena nuen: etxea, irakasle lanpostu finkoa… Hizkuntzarik jakin gabe, inork ezagutzen ez zaituen mundu batean, maleta eskuan geltokian zer egiten duzu? Gainera, gizonezko gehienek klub batekoa bazina bezala begiratzen dizute, lan bakarrean aritzeko soilik bagina bezala».
Matxismoaren eraginez, «emakume izate soilagatik» hilketak gertatzen dira. «Beste bat baino gutxiago zarela ikusten duzu. Markatuta, betiko. Badirudi emakumea ez dela inoiz gizonaren mailara iritsi behar», deitoratu du Joxepi Jauregik. Arlo batzuk hobetu diren arren, «zentzu matxistak» bere horretan dirauela iritzi dio Riañok: «Gauza asko ez dira aldatu, formaz eraldatu bai, baina aldatu ez».
Laida Plazaola gizarte-langilearentzat emakumeak zer izan behar duen «sistematikoki» mugarrituta dago. «Beti Heidi, edo Maitagarria izan beharra dauka emakumeak, eta Son Goku edo Sin Chan beti mutila da. Hori da gure ispilua, hedabideetan, filmetan eta zineman ikusten duguna. Emakumea leku batean eta gizonezkoa bestean jartzen digute».
Feminismoaren betaurrekoak
Gaurkoz gizonezkoen eta emakumezkoen artean berdintasunik ez dute ikusten Gea dokumentaleko partaideek. «Batzuek esaten dute, gazteek ere bai, jada berdintasuna badagoela, eta ea zer nahi dugun gehiago. Diote orain denok lan egiten dugula, baina ez da hori: eskubideak ez dira berdinak. Umea gaixotzen bada, lana nork uzten du? Amak. Ez dut esaten aitarik ez dagoenik hori egiten duenik. Baina gizona joango da bere hobbyak egitera, eta emakumeak gelditu beharko du haurrarekin», dio Joxepi Jauregik.
Diskriminazioak «sotilak» direnez, jabetzen zailagoa dela argitu du Eliasek. «Diskriminazioak oso bortitzak zirenean aurre egiteko errazagoa zen. Orain, hain dira sotilak, hain dauzkagu normalizatuta, zaila dela identifikatzea, batez ere ez baldin badauzkazu hori ikusteko feminismoak ematen dizkizun betaurrekoak».
Feminismoa deskubritzea «alukeria» izan daiteke, Eliasek azaldu duenez. «Gauza asko jartzen zaizkizu zalantzan, oinarria mugitzen zaizu. Ulertzen dut jendea erosoago dagoela feminista izan gabe, ezberdintasunak ikusitakoan jada ez dituzulako berdin bizi bikote-harremanak, gizonekin lanean dituzunak…».
Plazaolak aitortu du kostatu egiten dela desberdintasunez konturatzea. «Betiko segurtasun eta babesetik ateratzen zara, zeren ezarritako eredua segitzen duzun bitartean bizitza normal joaten da».
Hala ere, feminismoarena «askatasunezko bide bat» da Eliasentzat. «Lehenengo kontrastea normala da, baina azkenean zoriontsu egiten zaitu». Feminismo kontzeptua gaizki ulertu dela ere ohartarazi du antropologoak. «Aukera berdintasunaren aldarrikapena eta borroka da feminismoa, hori bakarrik. Ez da matxismoaren kontrakoa».
Aurrera begira, aho batez diote guztiek: zer egina badago, eta elkartzea da bidea. «Emandako pausoekin geratzen gara askotan. Konparaketak lehengoari begira egiten ditugu, ez etorkizunari begira: nolakoak izan nahi dugun, eta zer ez dugun jasan nahi, gizartean zer ez den egon behar. Eta, hor, geldiune handiegia dagoela iruditzen zait», dio Riañok.