Komiki lehiaketako sariak eman dituzte gaur D'Elikatuzen
Udalaren EBPN planaren barruan, laugarren urtez antolatu dute Ordizian ikasleei zuzendutako komiki lehiaketa. Gaur eguerdian, sariak eman dituzte D’Elikatuzen. 4. DBHko ikasleak hartu ditu A mailak. Kategoria honetan Irati Urdangarinek irabazi du lehenengo saria. B mailan, Batxillergoko ikasleei dagokiena, Gemma Urteagak irabazi du lehiaketa.
Bi komiki marraztu ditu Jose Anjel Lopetegi komiki egileak. Ikasleei komiki mutuak eman dizkiete, eta testuak idaztea izan da beren lana. Guztira, 176 jaso dituzte antolatzaileek; 74 A mailan eta 102 B mailan. Epaileek hizkuntzaren aberastasuna baloratu dute: gazteen euskara, hitanoaren erabilera, adarra jotzeko erabilitako esamoldeak, hizkuntzari buelta emateko gaitasuna eta testuen adierazkortasuna.
Lopetegik osatutako komiki batek kutsu surrealista dauka: Tarzan, basoan, tximinoarekin partxisean jolasten ari da oihu bat entzuten duenean. A mailako irabazleak komiki hori aukeratu zuen, eta modu bitxian lotu zuen amaiera: “oihuka ari den pertsona baino, Tarzanek lehoia salbatzen du eta partxisera batzen da”, azaldu du Irati Urdangarin irabazleak.
Lau sari eman dituzte guztira:
A maila
1. Irati Urdangarin
2. Goiatz Gorostiza
B maila
1. Gemma Urteaga
2. Maialen Sebastian
Irabazleek MP4 bana jaso dute, eta Lazkaoko Gerriko liburu dendan erosketak egiteko txekeak eman dizkiete. Lehenengo saria eraman dutenei 30 eurokoa, bigarren saria jaso dutenei 20 eurokoa.