Lazkao festan blaitzera
Bi asteburu oso, eta beste bi aste-egun gehigarri. Denera zortzi egun eta 55 ekitaldi. San Prudentzio jaiek aurten dakarten osagai batzuk besterik ez dira zenbakiok. Krisiak krisi, herri giroko festa luzeak eta mamitsuak bihar hasiko dira Lazkaon. Igandera arte lehen ekinaldia osatu, eta apiril-maiatz aldaketan kulunkan jarraituko dute gero. Udaletxeko balkoitik txupina jaurti, eta festara deitzeko banda irakurtzearekin batera lehertuko da giroa, bihar 19:00etan. Lazkaoko talogileak eta Antzar Gazteak txistulari taldekoak arduratuko dira pregoia zabaltzeaz, Goierriko Euskal Eskolak antolatutako irekiera ekitaldian. «Taloa eta txistua, gure tradizioan garrantzi handia izan duten bi gai, aspalditik datozkigu eta indartsu ditugu. Lazkaon bertan, eta Euskal Herri guztian zabaltzen, lan handia egiten ari dira Lazkaoko talogileak eta Antzar Gazteak txistulari taldea», azaldu du kultur elkarteak. Sanprudentzioak «euskal giroan» hasiko dira, txistu doinuz. Aurreneko asteburuan parrandarako pizgarri musika kontzertuak izango dira: ostiralean txosna gunean eta larunbatean plazan, musika talde ezagunek joko dute. Musika eskolako taldeek ostiral iluntzea eta gaua ere alaituko dituzte. Kale girorako txaranga bezalakorik ez, eta Lazkaoko tabernariek bi talde ekarriko dituzte: Jundajo txaranga, eta Skandalue elektrotxaranga azpeitiarra. Horrez gain, etzi mozorrotzeko eguna da, eguerditik aurrera. Plazan bazkaldu nahi duten lagun-taldeentzat mahai-aulkiak jarriko ditu udalak. Berrikuntzak eta tradizioa Urte askotako ibilbidea duen haurren danborradak [...]
Bi asteburu oso, eta beste bi aste-egun gehigarri. Denera zortzi egun eta 55 ekitaldi. San Prudentzio jaiek aurten dakarten osagai batzuk besterik ez dira zenbakiok. Krisiak krisi, herri giroko festa luzeak eta mamitsuak bihar hasiko dira Lazkaon. Igandera arte lehen ekinaldia osatu, eta apiril-maiatz aldaketan kulunkan jarraituko dute gero.
Udaletxeko balkoitik txupina jaurti, eta festara deitzeko banda irakurtzearekin batera lehertuko da giroa, bihar 19:00etan. Lazkaoko talogileak eta Antzar Gazteak txistulari taldekoak arduratuko dira pregoia zabaltzeaz, Goierriko Euskal Eskolak antolatutako irekiera ekitaldian.
«Taloa eta txistua, gure tradizioan garrantzi handia izan duten bi gai, aspalditik datozkigu eta indartsu ditugu. Lazkaon bertan, eta Euskal Herri guztian zabaltzen, lan handia egiten ari dira Lazkaoko talogileak eta Antzar Gazteak txistulari taldea», azaldu du kultur elkarteak. Sanprudentzioak «euskal giroan» hasiko dira, txistu doinuz.
Aurreneko asteburuan parrandarako pizgarri musika kontzertuak izango dira: ostiralean txosna gunean eta larunbatean plazan, musika talde ezagunek joko dute. Musika eskolako taldeek ostiral iluntzea eta gaua ere alaituko dituzte.
Kale girorako txaranga bezalakorik ez, eta Lazkaoko tabernariek bi talde ekarriko dituzte: Jundajo txaranga, eta Skandalue elektrotxaranga azpeitiarra.
Horrez gain, etzi mozorrotzeko eguna da, eguerditik aurrera. Plazan bazkaldu nahi duten lagun-taldeentzat mahai-aulkiak jarriko ditu udalak.
Berrikuntzak eta tradizioa
Urte askotako ibilbidea duen haurren danborradak zilarrezko ekitaldia beteko du, igandean. Oraindik zaharragoa da Lazkaoko Proba txirrindulari lasterketa, lehenbizikoa 1929an jokatu baitzen. Horien parean, aztarna irekitzen ari diren txupinazo ekitaldia bera, mozorro festa, edota pilotari afizionatuen nahiz herrikoien lehiaketak —bihar finalaurrekoak— izango dira.
Artisau azoka —igande eguartean, plazan— berriagoa da Lazkaon. Pilotalekuan hainbat salpostu jarriko dituzte eskulangileek eta artisauek.
Txosna gunea, aterpean
San Prudentzio ingurua euritarako aproposa, eta aurten estalpea edo karpa jarriko dute txosnetan, udaletxearen atzeko kalean. Egitarau propioa prestatu dute.
Lazkaoko Gazte Asanbladaren, Herrira mugimenduaren eta ezker abertzalearen artean burutu dituzte antolaketa lanak. Lehen asteburuan bi aldarrikapen bilkura egingo dituzte, baita rock kontzertua ere. Larunbateko herri bazkaria nobedadea da. Txartelak (langileek 15 euro, langabetuek 10 euro) salgai daude Antsoategi, Alboka eta Martin tabernetan.
Egitarauko azala zazpi haurren marrazkiekin
Martxoaren 16an lehiaketan egindako zazpi marrazki ageri dira jai egitarauko azalean. Collage muntaia egin dute, egileon lanekin: Bingen Zubiarrain, Aratz Albisu, Nagore Lopez, Mireia Benitez, Andrea Iacobaivc, Xabier Barcina eta Julio Perez.
Danborradako argazki erakusketa, lau egunetan
Haur danborradaren 25. urteurrena gogoratzeko argazki erakusketa antolatu dute. Kultur etxeko aretoan egongo da, apirilaren 21-22an eta 28-29an. Ordutegia: 12:00-14:00 eta 18:30-20:30.
Txirrindulari proba egingo dute etzi festen barruan
Etzi 10:00etan hasiko da 69. Lazkaoko Proba, elite eta 23 urtepeko txirrindulariena. Euskaldun torneoko bigarren lasterketa da. 132,5 kilometroko ibilbidea dute. Larraitz, Lazkaomendi eta azkenean Urkillaga igoko dituzte. Tartean hiru aldiz igaroko dira Lazkaotik. 13:30ak adera bukatuko da.
Ikastolak afariak emango ditu jaietako egunetan
San Benito ikastolak afaria zerbitzatuko ditu jaietan, San Prudentzio eskolako jolastoki estalian. Apirilaren 20-21ean, eta 27tik 30era iluntzero irekiko dute. Ogitartekoak, platerak (anburgesa edo oilaskoa patatekin), izozkia, gazta-menbriluak, eta lehen aldiz glutenik gabeko menua izango dituzte.
Eraskuleihoetan argazkiak bihar jarriko dituzte
Lazkaon elkartearen ekimenez, 40 herritarri ateratako estudioko argazkiak bihar jarriko dituzte 14 dendatako erakusleihoetan.