Urretxuk 8,2 milioi euro izango ditu 2012an zehar gastatzeko
Urretxuko Udalak 8.243.514 euroko aurrekontua izango du 2012 urterako, iaz baino ia 880.000 euro gutxiago. Daturik adierazgarrienak bi dira: batetik, gizarte gaien sailean izan ezik, gainontzeko sail guztietan izango dira murrizketak. Bestetik, ez da inbertsio handirik aurreikusten. Dirua, herrian dauden eraikinen mantenuan gastatuko da, eta egingo diren proiektuak aurrez diru laguntza bat ziurtatu dezaketenak soilik izango dira.
Oihane Zabaleta, Urretxuko alkateak publiko egin zituen zenbaki hauek azkeneko osoko bilkuran. Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuak eztabaida handia sortu zuen, Bilduren eta oposizioan dauden EAJ eta PSE-EE alderdien artean. Dena den, aurrekontuak onartu egin zituzten, azkenean, Bilduren aldeko botoekin. EAJ eta H1! abstenitu egin ziren, eta PSE-EEk kontra bozkatu zuen.
Urretxuko Udalak duen zorpetze maila altuak eta beste administrazio publikoek egindako murrizketek erabat baldintzatu ditu 2012ko aurrekontuak. Hala, «aurkeztu dugun aurrekontu guztiaren %6,1 daukagun zorra kitatzeko erabiliko da», jakinarazi zuen alkateak. Udalak, 2011ko jarduera zenbaki negatiboetan amaitu zuen, batetik. Eduki zituen diru sarreren eta gastatu zuenaren artean, «458.000 euroko soberakin negatiboa pilatu dugu», gaineratu zuen. Horri, aurten Foru Funtsari 2009ko eta 2011ko jarduerei dagozkien itzulketak bueltatu beharra gehitu behar zaio.
Horrekin batera, aipatu beharra dago administrazio publikoek, aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, murrizketak egin dituztela euren diru partidetan. Aurten, Foru Funtsetik, «%7 gutxiago jasoko dugu, eta murrizketa handiagoa izan daiteke oraindik», esan du Zabaletak. Eusko Jaurlaritzako murrizketak ere handiak dira «guri min gehien eman diguna, gizarte larrialdietarako %75 gutxiago emango dutela jakitea izan da», gehitu du. Hala, guztira, ia 600.000 euro gutxiago jasoko du udalak administrazio publikoetatik.
Egoera ekonomiko «larria»
Udalak bizi duen egoera «larria» dela esan zuen alkateak, gastuen kontrol zorrotza egitera eramango dituena, eta «aurten eta datozen urteetan gerrikoa estutzera» behartuko dituena. Gaur egungo koiuntura ekonomikoaz gainera, hau guztia «aurreko zorpetze sistemak funtzionatu ez duelako eta diru sarrera publikoak jaitsi direlako» gertatu dela ziurtatu zuen alkateak.
EAJ eta PSE-EE ez ziren bat etorri alkateak emandako argudio horrekin. Hala, Urretxuko Udalaren egoera ekonomikoa aurreko udal gobernuak egindako «kudeaketa kaxkarraren» ondorioa dela esan zuten bi alderdietako bozeramaileek. Itziar Agirrek hitz egin zuen EAJren izenean. Udal gobernuari «gauzak ez direla ezkutatu behar» esan zion. Gogoratu zuen, udalak gaur egun duen zorpetze maila ez dela murrizketen eta aurreko sistemak porrot egin izanaren ondorioa bakarrik. «Aurreko udal gobernuak zuena baino gehiago gastatu zuen», gaineratu zuen, «eta hori ere esan egin behar da».
Esandakoa argudiatzeko hainbat datu eman zituen Agirrek. «2006an, udalak 8.200.000 euroko aurrekontua zuen eta 1.700.000 euroko soberakin positiboa», esan zuen. Horrekin batera, «2009an eta 2010ean udal honek eskatutako kredituak 2011n eta 2012an hasi gara ordaintzen», gehitu zuen. Gehiago ere sakondu zuen, datu zehatzagoak emateko. Gernikako Arbola plazako lanek «hasiera batean, 400.000 euroko aurrekontua zuten, baina azkenean, 800.000 euro ordaindu ziren». Santa Barbarako jatetxean eta aterpetxean egindako lanak ere gogora ekarri zituen, «lan guztien kostua, azkenean, hasieran aurreikusitakoa baino %75 handiagoa izan zen».
Auditoria baten beharra
Aurreko legealdian, Urretxun sortu zen hirigintza lanak kudeatzen dituen eta udalaren menpekoa den Sozietate Publikoaz ere hitz egin zuen Agirrek. «Bertako datu ekonomikoak ez ditugu ezagutzen. Ez dakigu zer gertatzen ari den sozietate horrekin», esan zuen; «bertan gertatu dena ez da normala eta ez da onargarria».
PSE-EEko Jabier Martinek ildo beretik jarraitu zuen. Bere hitzetan, «koiuntura ekonomikoak eta aurreko legegintzaldiko kudeaketa kaxkarrak», Urretxuri etorkizun beltza utzi dio. Aurrekontuak apirilean aurkeztea gaitzetsi zuen, «horrek lau hilabetez, kontrolik gabe lan egitera behartu baikaitu», esan zuen. Aurkeztu den aurrekontua ez dela «sendoa» Martinen ustez, eta udalaren diruarekin aurretik zer gertatu den jakiteko auditoria bat exijitu zien udal gobernuko kideei.
2012an «herrian egingo diren inbertsioak ez dira 400.000 eurora iristen» eta horrek kezka handia sortzen diela gaineratu zuen: «Urretxu atzean geldituko delako».
Hamaikabat! alderdiko Luis Anjel Tellez ere bat etorri zen ordura arte udaletxean egin den kudeaketa «txarra» izan dela esaterakoan. Baina, atzera begiratzeak baino, «aurrerakoak kezka gehiago» sortzen diola jakinarazi zuen. «Daukagun egoera larria da. Aurten aurreztu beharra dago, daukagun zorrari aurre egiteko», esan zuen.
Hilero gastuaren kontrol bat egitearen alde agertu zen, eta udaleko teknikariei hori egiten irakatsi beharko zaiela gaineratu zuen, «kultura eta heziketa hori barneratu dezaten». Auditoriaren gaiari helduta, horrek «ez luke ezer konponduko» Tellezen ustez: «Dagoen arazoari guztion artean aurre egin beharko diogu», gaineratu zuen.