Goierriko lau eskola txikien garrantzia azaleratuko dute bihar Itsasondon
Badirela aldarrikatzeko eta zerbitzua ematen duten herrietan berebiziko funtzioa dutela gizarteratzeko izango da Goierriko Eskola Txikien biharko topaketa, Itsasondon. Zortzigarren aldiz ospatuko dute Gabiriako, Itsasondoko, Olaberriko eta Zeraingo eskoletako kideek eskualdeko festa. Lau herri horietan txandatuz egin ohi dutenez, aurtengo ospakizuna Itsasondon egokitu da, hango guraso elkarteak antolatuta. Egitaraua 10:00etan hasiko da, ongi etorriarekin. 10:30ean mendi buelta egingo dute; LH mailakoek Urkia auzora —Gurutze festak dira han asteburuan—, eta HHkoek herrigunearen inguruan. Eguerdian jolasak eta margoketa tailerra jarriko dituzte, plazan. 13:00etan bazkaria dute, lau herrietako bizilagunek elkarrekin.15:00etan Potxin eta Patxin pailazoek Ohitura onak ikuskizuna egingo dute, eta 16:00etan bukatuko da festa, egunaren ikur bihurtu den puxikak aireratzeko ekitaldiarekin. Biztanle gutxiko herrietan lanean ari diren ikastetxeak dira eskola txikiak, horiek ere normalean ikasle kopuru murritza dutenak. Hala ere, bai pedagogia arloan —adin askotako ikasleak gela berean—, bai herrigintzan burutzen duten lana berebizikoa suertatzen da herri horientzat. Goierriko lau eskola txikietan denera 169 ikasle daude ikasturte honetan. Ixtearen mamua inguruan Gaur egun, Goierriko eskola txikien egoera egonkortu da, nahiz eta urte gutxiren buruan aldaketak izan daitezkeen. «Gabiriako eta Itsasondoko eskoletan momentuz ez daukagu inongo arazorik jarraipenari begira. Zerainen larriago ibiltzen dira, eta Mutiloako pare bat familia bertara joaten da eskolara. Olaberriaren kasuan, [...]
Lau herri horietan txandatuz egin ohi dutenez, aurtengo ospakizuna Itsasondon egokitu da, hango guraso elkarteak antolatuta. Egitaraua 10:00etan hasiko da, ongi etorriarekin. 10:30ean mendi buelta egingo dute; LH mailakoek Urkia auzora —Gurutze festak dira han asteburuan—, eta HHkoek herrigunearen inguruan. Eguerdian jolasak eta margoketa tailerra jarriko dituzte, plazan. 13:00etan bazkaria dute, lau herrietako bizilagunek elkarrekin.15:00etan Potxin eta Patxin pailazoek Ohitura onak ikuskizuna egingo dute, eta 16:00etan bukatuko da festa, egunaren ikur bihurtu den puxikak aireratzeko ekitaldiarekin.
Biztanle gutxiko herrietan lanean ari diren ikastetxeak dira eskola txikiak, horiek ere normalean ikasle kopuru murritza dutenak. Hala ere, bai pedagogia arloan —adin askotako ikasleak gela berean—, bai herrigintzan burutzen duten lana berebizikoa suertatzen da herri horientzat. Goierriko lau eskola txikietan denera 169 ikasle daude ikasturte honetan.
Ixtearen mamua inguruan
Gaur egun, Goierriko eskola txikien egoera egonkortu da, nahiz eta urte gutxiren buruan aldaketak izan daitezkeen. «Gabiriako eta Itsasondoko eskoletan momentuz ez daukagu inongo arazorik jarraipenari begira. Zerainen larriago ibiltzen dira, eta Mutiloako pare bat familia bertara joaten da eskolara. Olaberriaren kasuan, aurten Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloa jarri dute jada martxan, eta 12 urte arteko eskola dute orain», azaldu du Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundeko idazkari Irati Aldazabalek.
Eusko Jaurlaritzan gobernu aldaketa 2009an izan zenetik —harena da hezkuntzaren eskumena— aldaketarik ez da izan, orokorrean. «Orain bi urte hainbat eskolatan LHko 1. zikloa koloka egon zen, baina asko kostatu arren lortu zen jarraitzea». Hezkuntza sistema «zentralizatzearen» joera politikoa nabaritu dute, hala ere, agintealdi honetan, aurreko «babesaren» ondotik. «Dena dela, momentuz ez dago aldakeratik, beti pare bat eskola itxiko dituzten mamuarekin baldin bagaude ere».
Itsasondoko biharko Goierriko festaren ondoren, ekainaren 3an Gipuzkoakoa ospatuko dute, Larraulen. Eredu horretako ikastetxeen lana plazaratu nahi dute. «Gizartean oso informazio gutxi dago gure eskolei buruz, beti bigarren mailakoak direla pentsatu izan da. Berdin herri txikiak ere: hiria askoz hobea dela, modernoak du prestigioa eta beste guztia gutxiesten da. Guk hori ez dela horrela frogatu beharra daukagu, benetan baloratu nahi bagaituzte», azaldu du Aldazabalek.
Ospakizunen helburuetako bat oihartzuna lortzea bada ere, ez da bakarra. Eskolako komunitatea beren artean uztartzeko eta besteekiko harremanean sendotzeko modua ere badira. «Erronkak, eskola handiek dituzten berdinak ditugu: nola inplikatu gurasoak. Koordinakundea badugu, baina ez da erraza izaten jarraipena emango dioten pertsonak bilatzen. Prest daudenak, dena dela, oso pertsona inplikatuak dira».
Gipuzkoako koordinakundea eskola txikien filosofiari eta funtzionamenduari buruzko dokumentala prestatzen ari da. Maiatzean zehar izango dira estreinaldiak, herri banatan. Hezkuntzan ere, txikiak handi, 40 minutuko ikus-entzunezkoan errepasatuko dute sorreratik orain arteko bidea, eta etorkizunerako norabidea. «Etorkizunean izan bharko genukeen filosofia islatzen du: udala, irakasleak eta gurasoak bat eginda egonez gero posible dela eskola herrian izatea».
‘25 urte, 25 tontor’ ekimena
Urteurren seinalatua beteko du aurten Gipuzkoako eskola txikiek ekainero egin ohi duten festak. 1988an hasi zirenetik 25 urte izango dira, eta bereziki gogoratuko dute mende laurdeneko ibilbidea. Gurasoen koordinakundea 1993an eratu zuten. Gaur egun 27 eskola txiki dira, 1.200 ikaslerekin eta 175 irakaslerekin.
Asteburuan ekimen bateratua egingo dute Gipuzkoako eskola txikiek, tokian-tokian, tartean Goierriko laurek. Ikastetxe bakoitzeko guraso, ikasle eta irakasleak norbere herriko mendi batera igoko dira, tontorrean argazkia atera eta mezua (Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik!) lau haizetara zabaltzeko.
Datuak
Eskola txikiak goierrin
• Gabiria. Balentzategi Herri Eskola. 49 ikasle 2011-12 ikasturtean, 2-12 urte artekoak.
• Itsasondo. Itsasondoko Herri Eskola. 66 ikasle, 2-12 urte bitartekoak.
• Olaberria. Olaberriko Herri Eskola. 40 haur, 2-12 urtekoak.
• Zerain. Zeraingo Herri Eskola. 14 haur, 2-7 urte bitartekoak.
Ezaugarriak
‘Eskola txiki’ izaerako ikastetxeen ezaugarri orokorrak:
• Izaera. Publikoa, herrian dagoen bakarra. Euskalduna.
• Hedadura. Sei ikasgela edo gutxiago.
• Gelak. Talde txikiak. Adin askotako haurrak gela berean.
• Heziketa. Herriaren nortasunean eta kulturan oinarritutakoa bultzatzen du.
• Gurasoak. Gurasoen partaidetza «ezinbestekoa», eskola-proiektuak aurrera segitzeko nahiz herrian dinamikak bideratzeko. Irakasleen eta gurasoen arteko harreman estua. Guraso Elkarteak «indar asko», orduz kanpoko jarduerak antolatzen, udalarekin harremanak sendotzen, Eskola Batzordean…
Festak
• Goierrikoa. Bihar, larunbata, Itsasondon.
• Gipuzkoakoa. Ekainaren 3an, igandea, Larraulen.
Iturria: eskolatxikiak.org