Inoizko jende gehien XV. Gazta Egunean
Bostehun kilo gazta inguru, 22 gazta postu, milaka gazta pintxo, artisau postuak, ardiak, edaria, taloak… baina, batez ere, jende mordoa ibili da aurten Idiazabalgo Gazta Egunean; «inoizko gehien», urtero bertan egon ohi direnen esanetan. Bi euroren trukeko txartelekin bertaratu zirenek gaztak dastatu eta gaztarik onenak bozkatzeko aukera izan zuten. Bien bitartean, ardiei eskuz zein makinaz ilea nola mozten zaien ikusteko aukera egon zen, gazta modu moderno eta tradizionalean nola egiten den ikasteko aukera, eta txabolatxo batean gazta nola ketzen den ere erakutsi zuten. Omenaldi hunkigarria Ekitaldi formalxeagoak 13:00ak aldera hasi ziren plazako kioskoan. Lehenik, Antton Irizar alkate ohia zena eta Idiazabal Jatorri Izendapena omendu zituzten. Gazta Egunean hutsik egin gabe joaten zen Domingo Goiburu zena ere ondo gogoan izan zuten. Irizar eta Goibururi bertso bana eskaini zizkieten, beste zenbait oroigarri ematearekin batera. Minutuko isilunea ere egin zuten zendu berrien alde. Behin omenaldiak amaiuta, posturik ederrenen eta gaztarik onenen sariak banatu zituzten. Sari banaketak amaitzearekin batera hasi zuen euria, apropos zain egon izan balitz bezala. Eta halaxe, jendea plazatik aldenduz bazkaltzera joan zen, asko eta asko frontoian egin zen herri bazkarira. Bertan, bazkari ederra egin ostean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldekoekin kantaldia egin zuten. Eta horrekin amaitu zen aurtengo Gazta Eguna. Gazta [...]
Bostehun kilo gazta inguru, 22 gazta postu, milaka gazta pintxo, artisau postuak, ardiak, edaria, taloak… baina, batez ere, jende mordoa ibili da aurten Idiazabalgo Gazta Egunean; «inoizko gehien», urtero bertan egon ohi direnen esanetan.
Bi euroren trukeko txartelekin bertaratu zirenek gaztak dastatu eta gaztarik onenak bozkatzeko aukera izan zuten. Bien bitartean, ardiei eskuz zein makinaz ilea nola mozten zaien ikusteko aukera egon zen, gazta modu moderno eta tradizionalean nola egiten den ikasteko aukera, eta txabolatxo batean gazta nola ketzen den ere erakutsi zuten.
Omenaldi hunkigarria
Ekitaldi formalxeagoak 13:00ak aldera hasi ziren plazako kioskoan. Lehenik, Antton Irizar alkate ohia zena eta Idiazabal Jatorri Izendapena omendu zituzten. Gazta Egunean hutsik egin gabe joaten zen Domingo Goiburu zena ere ondo gogoan izan zuten. Irizar eta Goibururi bertso bana eskaini zizkieten, beste zenbait oroigarri ematearekin batera. Minutuko isilunea ere egin zuten zendu berrien alde.
Behin omenaldiak amaiuta, posturik ederrenen eta gaztarik onenen sariak banatu zituzten. Sari banaketak amaitzearekin batera hasi zuen euria, apropos zain egon izan balitz bezala.
Eta halaxe, jendea plazatik aldenduz bazkaltzera joan zen, asko eta asko frontoian egin zen herri bazkarira. Bertan, bazkari ederra egin ostean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldekoekin kantaldia egin zuten. Eta horrekin amaitu zen aurtengo Gazta Eguna.
Gazta Egunaren usainean
Igandekoa egun garrantzitsuena izan bazen ere, aurrez ere izan da zer gozaturik Idiazabalen. Ostegunean Idiazabal Jatorri Izendapenaren inguruko mahai ingurua egin zuten, eta ostiralean XIII. Mami Txapelketa. Lehiaketa honetan herritarrek parte hartzen dute, eta bakoitzak bere etxetik eramandako mamiak lehiatzen dira.
Edizio honetako lehen saria Maria Jesus Berasategik, bigarrena Juan Lizarraldek eta hirugarrena Javier Sanchezek lortu zuten.
Larunbatean, berriz, Gazta Zati Bat dokumentala herrian bertan estreinatu zuten. Emanaldi bat baino gehiago egin zituzten eta iluntzean afaria egin zuten Nazioen Munduakoek. Ostegun honetan, maiatzak 10, dokumental hau Euskal Herriko zenbait hiriburutan estreinatuko dela ere jakinarazi dute: Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Azken honetan, gainera, ostegunetik igandera egongo da ikusgai.
Larunbateko afaria Arrabots taldekoek alaitu zuten eta afalosteko lanak Esne Beltza Sound Systemekoek egin zituzten, frontoiko tabernan eskeini zuten kontzertu akustikoarekin.
Sariak
Gazta onena
1. saria. Galtzaga baserria (Oiartzun, Gipuzkoa).
2. saria. Olalde (Olaberria).
3. saria. Balda baserria
(Unanu, Nafarroa).
4. saria. Baskaran baserria (Markina, Bizkaia).
5. saria. Aranburu Elkartea (Idiazabal).
Postu ederrena
1. saria. Aranburu Elkartea (Idiazabal).
Ikusi argazki galeria