Sega liga Zaldibian bukatuko da etzi, Igor Esnaola lider eta faborito dela
Zaldibiako Almitza segalari elkarteak antolatutako Euskal Herriko IV. Sega Liga herrian bertan bukatuko da. Hiru jardunalditan azkenekoa igandean jokatuko da, 11:30ean hasita, Irastortza baserrietako zelaietan. Zaldibiako sarreran dago, Ordizia aldetik joanda, errotondatik ezkerrera. Sailen zozketa 11:00etan egingo dute. 35 bat segalari ariko dira. Tolosan (Gipuzkoa) eta Etxalekun (Nafarroa) saio bana jokatuta, Igor Esnaola legorretarra iritsiko da sailkapen buru Zaldibiara. Antolatzaileen iritzian, hura da liga irabazteko faborito nagusia. Nesketan, Alatzne Etxaburua zizurkildarra dago lider. Belardia «kaxkar samar» aurkituko dute segalariek. «Berez zelai ona da, lurzorua ona dauka, betelana izan arren. Baina azkena ebaki genuenetik ez du batere euririk egin, langar pixka bat besterik ez, eta gutxi hazi da», azaldu du Almitzako Migel Mari Jauregi Altzo-k. Ekainaren 17an ebaki zuten, udako ebakialdiaren epea —hilabete bat eta astebetekoa— errespetatzeko une zehatzean. Esnaola, segalaritza iraultzen Igor Esnaolak gorakada nabarmena jo du segan azkeneko urtebetean. Gakoa, adituen iritzian, menderatzea lortu duen ebaketa-teknikan egon daiteke. Ligaxkako lehiaketetan area bateko barrutia izaten dute ebakitzeko, 10×10 metro. Ohikoena segalariek lau mailatan ebakitzea izaten da, hamar metroko zabala aldiko 2,5 metroko besokadetan. Esnaolak, aldiz, hiru mailatan ebaki zuen Tolosan eta Etxalekun, pasaera bakoitzean 3,33 metro hartuz. «Hori ikaragarria da. Indartsua behar du oso segalariak hala jarduteko, eta esku onekoa [...]
Zaldibiako Almitza segalari elkarteak antolatutako Euskal Herriko IV. Sega Liga herrian bertan bukatuko da. Hiru jardunalditan azkenekoa igandean jokatuko da, 11:30ean hasita, Irastortza baserrietako zelaietan. Zaldibiako sarreran dago, Ordizia aldetik joanda, errotondatik ezkerrera. Sailen zozketa 11:00etan egingo dute. 35 bat segalari ariko dira.
Tolosan (Gipuzkoa) eta Etxalekun (Nafarroa) saio bana jokatuta, Igor Esnaola legorretarra iritsiko da sailkapen buru Zaldibiara. Antolatzaileen iritzian, hura da liga irabazteko faborito nagusia. Nesketan, Alatzne Etxaburua zizurkildarra dago lider.
Belardia «kaxkar samar» aurkituko dute segalariek. «Berez zelai ona da, lurzorua ona dauka, betelana izan arren. Baina azkena ebaki genuenetik ez du batere euririk egin, langar pixka bat besterik ez, eta gutxi hazi da», azaldu du Almitzako Migel Mari Jauregi Altzo-k. Ekainaren 17an ebaki zuten, udako ebakialdiaren epea —hilabete bat eta astebetekoa— errespetatzeko une zehatzean.
Esnaola, segalaritza iraultzen
Igor Esnaolak gorakada nabarmena jo du segan azkeneko urtebetean. Gakoa, adituen iritzian, menderatzea lortu duen ebaketa-teknikan egon daiteke. Ligaxkako lehiaketetan area bateko barrutia izaten dute ebakitzeko, 10×10 metro. Ohikoena segalariek lau mailatan ebakitzea izaten da, hamar metroko zabala aldiko 2,5 metroko besokadetan.
Esnaolak, aldiz, hiru mailatan ebaki zuen Tolosan eta Etxalekun, pasaera bakoitzean 3,33 metro hartuz. «Hori ikaragarria da. Indartsua behar du oso segalariak hala jarduteko, eta esku onekoa gainera. Oso zaila da hiru mailatan ebakitzea. Guk segalaritzan daramatzagun urte guztietan ez dugu inor gehiago ikusi lehiaketetan hirutara aritzen».
Legorretarra sasoian dago, eta teknikarekin «asmatu» egin du, Altzoren arabera. «Elkartearentzat ere ona da, goi mailan segalari gehiago ateratzeko; beti betikoak izan beharrean, bat behintzat aurreratu da, bere merituekin».
Tolosan Esnaola izan zen nagusi, Jexux Mari Goenagari 12 segundo aterata. Etxalekun bigarren postuan bukatu zuen, orduan Mitxelenak aurrea hartu ziolako, 8 segundogatik.
Euskal Herriko Bakarkako Liga nazioarteko segakeran da, eta azkartasunaz gain txukuntasunari ematen diote garrantzia.
Sarrera, borondatearen truke
Sega saiorako sailak gaur markatuko dituzte. Igandean, 11:30ean hasiko da lehiaketa, Saroi Jauregik aurkeztuta. Sarrera doan da ikusleentzat; borondatea eskatuko diete, saskia pasatuta. Diru iturri gehixeago lortzeko, Almitza elkartearen elastikoak eta arropa salgai ipiniko dute han bertan.
Irastortzako zelaietara doazenei autoa Elbarren industrialdean uzteko eskatu diete antolatzaileek, aparkaleku arazorik suerta ez dadin. Euskal Telebistak ere grabatuko du, eta Almitzak Esloveniako bizipenekin ekoitzi zuen dokumentalarekin batera, uztailaren bukaeran emango dute telebistan ordubeteko saioa.
SAILKAPENA
Gizonezkoak:
1. Igor Esnaola (Legorreta) 149
2. Bixente Mitxelena (Oiartzun) 148
3. Jexux Mari Goenaga (Errezil) 146
4. M.M.Jauregi ‘Altzo’ (Zaldibia) 145
5. Koldo Artzelus ‘Erreka’ (Tolosa) 142
6. Jokin Garmendia (Baliarrain) 140
7. Juan M. Agirrezabala (Lazkao) 138
8. Garikoitz Etxeberria (Amasa) 130
9. Andoni Dorronsoro (Ikaztegieta) 130
10. Joxe Atin (Gabiria) 126
11. Joakin Garmendia 125
12.Pabi Astondoa 125
13. Oier Urkola 124
14.Joseba Galarraga 124
15. Unai Iraola 124
16. David Mariñelarena 124
17. Angel Maguregi 121
18. Igor Urkola 117
19. Jaime Atxa 114
20. Garikoitz Llobregat 109
21. Urko Galarraga (Zaldibia) 109
22. Ander Astondoa 107
23. Andoni Egia 64
24. Igor Astondoa 63
Emakumezkoak:
1. Alatzne Etxaburua 150
2. Aloña Galarraga (Idiazabal) 147
3. Ixabel Ansa 145
4. Arrate Garin (Legorreta) 74
Mutilak (gaztetxoak):
1. Aimar Garmendia (Zaldibia) 149
2. Aitor Intsausti (Zaldibia) 149
3. Unai Mitxelena 146
Neskak (gazteak, 23 urtepekoak):
1. Ainara Otamendi 150
2. Alaitz Imaz 146
3. Irati Astondoa 146
4. Ainhoa Galarraga 74
5. Paula Charron 72