ELA eta LAB sindikatuetako berrogeita hamar bat lagun elkartu ziren 05:30ean, herriz herri joateko.
Goizeko 05:30ak dira. Egunak ez du argitu oraindik eta termometroak 11 gradu markatzen ditu. Jendea biltzen hasi da Bernedoeneko aparkalekuan, Beasainen. Askorentzat normalean baino lehenago jo du iratzargailuak; beste asko eguneroko ordu beretsuan jaiki dira. Baina ez lanera doazelako, greba orokorraren mezua herriz herri zabaltzeko baizik.
ELA eta LAB sindikatuetako berrogeita hamar bat ordezkari bildu ziren atzo goizean Beasainen, herriz herri, pikete moduan joateko. Industria mailan ia dena itxita zegoen atzo Goierrin, eta ez zuten lan handirik izan. ELA sindikatuko Aitor Goenagak azaldu duenez, «Goizen goiz juntatu gara piketeak, 5:30erako abiatu gara eta dena itxita aurkitu dugu. Goierrin behintzat greba erabatekoa izan da». LAB sindikatuko Uxua Lasak ere, greba deialdiaren erantzuna «oso ona» izan dela azaldu du. Euskal gehiengo sindikalak egindako greba deialdia zen atzokoa, eta Estatu Espainiarreko sindikatuek deialdirik egin ez izanak, kezka eragin zuen. «Bazegoen bildur bat jarraipenaren inguruan, baina argi gelditu da langileek eta herritarrek ikusi dutela ze tamainako gezurren eta murrizketen aurrean gauden. Erantzuna oso ona izan da, esperotakoa baino hobea».
Tentsio unerik gabeko goiza
Orokorrean goiz lasaia izan zen, tentsio une handirik gabea. Goizeko seietarako minutu batzuk falta zirenean abiatu zen 30 bat autoz osatutako karabana Idiazabal aldera. Goardi industrialdeako lantoki baten barruan argia zegoela ikusi eta gelditzea erabaki zuten. Atea jo zuten arren inork ez zuen zabaldu, eta grebaren aldeko eskuorriak atarian bota eta gero, bidearekin jarraitu zuten. Ertzaintzak ere gertutik jarraitu zituen piketeak, eta bide osoan zehar, bizpahiru patruila gainean izan zituzten uneoro.
Hurrengo geldialdiak gasolindegietan egin zituzten, Olaberrian, Beasainen eta Lazkaon. Han ere informazioa eman eta langileekin hitz egin bazuten ere, ez zuten itxi. Lazkaon, ia enpresa denak itxita zeuden, baina bakarren batean argia ikusten zen ate azpitik. Azkar lantegia zen horietako bat; langileek greba egin arren, zuzendaritzako kide bat lanean ari ziren; sindikatuetako ordezkariak gerturatu zirenean, kamioi bat iritsi zela eta hura kargatzen ari zela erantzun zien.
Karabana bitan zatitu zen gero; batzuk Indar enpresara joan ziren, atarian elkartzeko. Besteak berriz, CAFen sarreretara joan ziren. Une batean tentsio apur bat sortu zen; protestan zeuden langileek sarrera oztopatu zien ingeniari talde bati. Goierri Eskola eta Lortek zentroa bisitatu eta gero, komertzioen erronda egin zuten piketeek. 11:00 aldera, atzera denak bildu eta Tolosaldeko kideekin elkartu ziren, Donostiako manifestaziora joateko.