Goizean goiz hasita, eskualde guztian zehar itzulia egin zuten atzo sindikatuetako ordezkariek. Irudian piketeak Olaberriako Indar enpresaren sarreran.
Euskal gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrak jarraipen zabala izan du Goierrin. Murrizketen kontrako mobilizazioak eskualdeko sektore guztiei eragin die, eta sindikatuen arabera, %90etik gorakoa izan da grebak Goierrin izan duen jarraipena, «ia erabatekoa». Azpimarratzekoa izan da industriako langileek grebari emandako babesa, Goierriko lantegi gehienek ateak itxi baitituzte.
Nabarmentzekoa da lantegi handiek grebarekin bat egin izana. Haizea Mendiak Goierriko kooperatiben –Irizar eta Ampo kasu– atxikimendua azpimarratu du eta Arcelor-Mittaleko langileek euskal sindikatuen deialdiari erantzun izana txalotu du: «Olaberriako Arcelorrek LABek deitutako asanblada batean lehenengo aldiz baietz esan dio greba egiteari». Zumarragako Arcelorren ere greba egin zuten atzo. LABeko Josu Amenabarrek, halere, enpresak gutxieneko zerbitzuetan «tranpa» egin duela salatu du: «Langileek baiezkoa eman zioten greba egiteari, eta enpresak produkzioa bermatzeko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen azken orduan. Gutxieneko zerbitzu horiek legea urratzen dutela uste dugu».
Enpresa txikiei dagokienez, industrialdeetan jarduera gehiegirik ez zegoen atzokoan. Dena dela, litekeena da atea itxita barrualdeetan lanean aritzea. Urretxuko Mugitegian, esate baterako, pertsianak itxita bazeuden ere, auto ugari zegoen kanpoaldean aparkatuta. LABeko ordezkari bat industrialdeak ikuskatzen izan zen eta lan egiten dutenak «beti berdinak» direla esan zuen.
Hezkuntza eta osasuna
Goierriko herri gehienetan kaleak hutsik eta haur parkeak lepo zeuden atzokoan. Izan ere, hezkuntzan nabarmena izan zen greba deialdiak ikastetxeetan izandako erantzuna, eta maila guztietako ikasle goierritarrek ez zuten eskolarik izan.
Osasun zerbitzuetan grebak izandako jarraipenaren datuak Olga Doiz Zumarragako OSIko pertsonal zuzendariak eman zituen. Goizeko txandan jarraipena %21,5ekoa izan zen, eta arratsaldekoan %11,76koa. Gutxieneko zerbitzuak bermatu zituzten jai egunetako zerbitzuak eskainiz: larrialdiak, hemodialisia, pediatria eta erditzeak. Kanpo kontsultetan eragina izan zuen grebak, eta langileek grebari emandako babesaren araberakoak izan ziren, oro har ohikoak baino gutxiago. Zumarragako eta Beasaingo osasun zentroetan ere jai egunetako oinarrizko zerbitzuak eskaini zituzten, eta langileen araberakoak izan ziren kontsultak.
Edukiontziak zaborrez gainezka zeuden hainbat herritan, Sasietako langileek greba egin zutelako. Ez zuten zaborrik ez hondakinik jaso eta Sasietako instalazioak ere itxi zituzten.
Garraiobideek gutxieneko zerbitzuak eskaini zituzten. Lurraldebusek ibilbide guztiak bete zituen, baina maiztasun gutxiagorekin. Goierriko ordezkaritzatik adierazi zutenez, «Gipuzkoako Foru Aldundiak agindu bezala zerbitzuen %30 eskaintzen ari gara». Renfek, bestalde, Espainiako Sustapen ministerioaren agindua bete, eta puntako orduetan lautik hiru zerbitzu eskaini zituen.
Ostalaritzaren jarraipena handia izan zen eta Goierriko hiriguneak hutsik egon ziren. Taberna eta denda gehienak itxita zeuden, eta ireki zuten gutxien inguruan elkartu zen kalean zebilen jende apurra. Ordiziako tabernari talde batek pintxo-poteoa herenegun egin zuen atzo egin partez, eta grebarekin bat eginez.
EHNE sindikatuak grebarako deialdia egin zuenez, atzokoan ez zen azokarik egin Ordizian. «Baserritarrok gure alde eta herritar guztion alde lan egiteko prest gaude, baita greba egiteko prest ere», adierazi zuen Garikoitz Nazabal EHNEko kideak.
Sindikatuetako bozeramaileei greba eraginkorra den galdetuta, guztiak bat datoz kalera ateratzeko garaia dela esaterakoan. Kalera ateratzeko eta presioa egiteko garaia dela diote, kontzientziak esnatzeko aldia eta greba egunean soilik ez, LABeko Haizea Mendiaren arabera, «eguneroko mobilizazioetan parte hartu behar dugu eredua aldatzeko».
Erreakzioak
Haizea Mendia •
LAB
«Martxoko greba orokorra sindikatu guztiek deitu genuela kontuan izanda, atzokoaren jarraipena baxuagoa izan zitekeela uste genuen, baina atzoko greba jarraipena oso-oso ona izan zen. Aurreko grebetan baino gazte gehiago ikusi dugu kalean, eta hori ere itxaropentsua da. Beste politika batzuk egitea posible dela aldarrikatu nahi dugu kalean, eta Euskal Herriak hitza eta erabakitzeko aukera izan behar duela».
Aitor Garmendia •
ELA
«Greba jarraipena ia erabatekoa izan da. Borroka kalera ateratzeko garaia da. Beste politika batzuk posible dira. Orain urtebete Grezian hartutako neurri berak hartzen ari dira han ezertarako balio izan ez dutela ikusita ere. Gizartearen zati handi bat pobreziara kondenatzen ari dira, eta kontzientziak esnatzeko garaia da, kalera ateratzeko garaia, horregatik grebak garrantzitsuak dira».
Estitxu Ugarte •
HIRU
«Garraiolariei dagokienez, zaila da greba jarraipena baloratzea, asko eta asko gure mugetatik at ari direlako lanean. Gure sektorea galbidean dago, horrela jarraituz gero Euskal Herriko garraioaren porrota ikusiko dugu. Administrazio publikoek garraiolarien gutxieneko bizi baldintzak bermatzeko neurriak hartzen ez badituzte, desagertuko gara. Ezinbestekoa da kalean borroka egitea, ez dugu beste irtenbiderik».
Garikoitz Nazabal •
EHNE
«Baserritarrok lehen ere aurrera jarraitzeko arazo ugari genituen, eta egungo erreformekin arazoak areagotu egin dira. Gurea bezalako sektore txikian gizartearen inplikazioa behar dugu, elkarrekin arraunean egiteko. Atzoko grebarekin ez dugu irtenbiderik lortuko, gizarte antolaketa eraldatu behar baitugu».