EBA Ligako lehenengo partida irabazi du Goierrik.
Urretxuko Goierri saskibaloi taldeko Aluminios Fco. Alberdi-Verkol-Goierri taldeak 86 eta 77 irabazi dio Santanderreko CD Estelari, EBA Ligan jokatu duen lehenengo partidan. Debuta ezin hobea izan da, eta etxeko taldeak ikuskizun aparta eskaini zien larunbatean Aldiri kiroldegira bildu ziren 400 jarraitzaileei.
Saskibaloi taldea sortu zela 41 urte bete direnean jokatu du lehenengo aldiz Goierrik EBA Ligan. Santanderreko CD Estela taldea izan zuten aurkari goierritarrek, ligako faboritoetako bat. Hasieratik indartsu irten ziren kantxara santandergoak eta laugarren minuturako euren menpe zuten markagailua, 6 eta 15eko emaitzarekin.
Defentsan lan bikaina
Bisitarien joko onak, dena den, ez zuen jarraipenik izan hurrengo minutuetan. Daniel Djukovicek eta Milos Martinovicek lan bikaina egin bazuten ere, etxekoen defentsa bikainak partidari buelta ematea lortu zuen, markagailuko aldea 12 eta 15 puntutara gerturatuz. Juanpe Garciaren joko onak Santandergo taldeari abantaila eman zion berriro ere, hirukoa sartu eta gero 14 eta 23ko tartea ezarriz. Goierrikoak ez ziren kikildu, ordea. Taldeko defentsan lan bikaina egin zuten, harmailetako giroak lagunduta. Lehenengo aldiz markagailuan aurretik jarri ziren urretxuarrak, 29 eta 28 emaitzarekin, baina Martinovicen hirukoari eta Alvaro Lomberaren eta Juan Arnaizen saskiratzeei esker atsedenaldira iristerako aurretik ziren berriz santandertarrak: 32-37.
Atsedenaldiaren ondoren, partida estu hasi zen, markagailuan bi taldeen arteko aldea ez baitzen nabarmena. Goierrik hiruko bat sartuta, ordea, partida 39na berdintzea lortu zuen. Baina Estelakoak ez zeuden ezer oparitzeko prest eta markagailuan aurretik mantentzea lortu zuten. Hirugarren laurdenera iristerako lau puntuko aldea ateratzen zion Estelak Goierriri.
Bazkideentzako sariak
Azkeneko laurdena indartsu hasi zuten goierritarrek, eta markagailuan lidergoa berreskuratzea lortu zuten. Lehenengo bost minutuetako partziala 19-6 izan zen, 73-64 emaitzarekin. Partidako azken bi minutuei bederatzi puntuko aldearekin ekin zien goierritarrek. Azkenean, partida 86 eta 77 emaitzarekin amaitu zen, goierritarren pozerako.
Taldeko bazkideen artean hiru zozketa ere egin zituzten larunbateko partidan. Boltañako (Huesca) Barcelo hotelean bi gau igarotzeko saria Jesus Alvarezek irabazi zuen, eta Labekoa jatetxean bi pertsonentzako afaria Josu Etxanizentzat izan zen. Tom Pai beroki polarra, aldiz, Alberto Alberdik eskuratu zuen.