Nafarroa Beherean barrena ibilaldia antolatu du Goierrik
Urretxuko Goierri kirol elkarteko mendi sailak Nafarroa Beherera irteera antolatu du datorren iganderako. Bidarrai eta Baigorri herriak batzen dituen bidea egingo dute mendizaleek, Iparlako mendikatean barrena. Mendi lerro honek, «Errobiren ibarreko zelai berdeen gainetik jasotzen ditu bere tontorrak eta hareharrizko horma arrosak», diote elkartetik.
Goizeko 7:00etan irtengo dira Urretxutik, bideari Bidarrain hasiera emateko. Talatze (950 m.), Iparla (1.044 m.), Tutulia (983 m.), Astate edo Ubedo (1.022 m.) eta Lauordena edo Buztinzelai (1.029 m.) tontorrak zeharkatuko dituzte. Aldudeko, Baztango eta Baigorriko haranen eta mendien, Kantauri Itsasoko uren, Landetako lautaden edo Erronkariko eta Biarnoko Pirinioetako tontorren bistez gozatuz. Izena emateko azken eguna bihar da. Bazkideek 12 euro ordaindu beharko dute; bazkide ez direnek, berriz, 15. Informazio gehiago goierrike.net/mendia helbidean.