Urolako talde bat aurreko asteburuan Ispillan jokatzen.
Izena aldatu diote Zumarragako eskubaloi taldeari, aurrerantzean CB Urola EK deituko diote klubari. Ez da hori, halere, denboraldi berriak dakarren aldaketa bakarra. Bederatzi talde osatu dituzte guztira, eta talde horietan babesle, entrenatzaile eta maila aldaketak ere izan dira. Aurre denboraldia amaitu dute, eta denboraldiari ekin diote jada eskubaloi taldekoek.
Urolaren lehenengo taldearen entrenatzaileak aldatu dituzte. Orain, Jon Mendia eta Iker Hernandez izango dira aulkian; Pedro Beltzak ordezkari lanak egingo ditu. Berritutako taldearen ezaugarri nabarmenena gaztetasuna da; 22 urtekoa da jokalarien adinaren batez bestekoa. Bigarren Maila Nazionalera igotzea jarri dute helburutzat.
Jubeniletan hiru taldek jokatuko dute. Neskek osatutako talde bat dago eta mutilek osatutako bi. Jubeniletan babesleak eta entrenatzaileak aldatu dituzte. Maila honetan, azpimarragarriena da jokalari gutxi dagoela eta babesle aldaketa bat baino gehiago egon dela.
Kadeteetan berritasun handiena lehenengo aldiz neska talde bat osatu dutela da. Julen Cabrera eta Mikel Burguera izango dira taldearen entrenatzaileak. Mutilek osatutako beste talde bat dago kadete mailan, haurren mailatik igo dena.
Haurretan neska zein mutil taldea egongo da. Kimuen taldea ez dago oraindik itxita, baina mutilek osatutako taldea egongo dela aurreratu du Camino Bayon eskubaloi taldeko ordezkariak. Kimuak zenbatu gabe daudenean, CB Urola EK taldeak, orotara, 134 jokalarik osatzen dute.
Denboraldirako helburuak
Bayonen arabera, «helburuak anitzak dira». Maila aldatu eta hasi berriak diren taldeen lan nagusia «maila berrian egonkortzea» izango da. Bigarren urtez maila berean dauden taldeen helburua, berriz, «ahalik eta emaitza onenak lortzea» izango da. Haurren taldeek, azkenik, «eskubaloian trebatzea eta taldean jokatzen ikastea» dute helburu.
Buzkantza lehiaketa egunean 60 kilo banatu ditu Urolak pintxoetan
Urola eskubaloi taldeak 1999. urtetik txosna jartzen du Zumarragako Buzkantza lehiaketa egunean, Euskadi plazan. Asteburuan jarri dute, eta 60 kilo buzkantza banatu dituzte pintxoetan.
Aurreko urtean lehiaketa irabazi duen harakinaren buzkantzak erosi ohi dituzte Urolakoek. Aurtengoan Jose Ramon Otamendi harakinaren buzkantza pintxoak saldu dituzte. Eskubaloi taldeak bazkide berriak egiteko asmoz, izenak jasotzeko mahaia eta taldearen historia kontatzen duen bideoaren emanaldia egiteko pantaila ere jarri du. Bildu duten dirua taldearen gastuei aurre egiteko erabiliko dute.